Urteetako isiltasunaren aldarria

Urteetako isiltasunaren aldarria

Natalia Salazar Orbe

Bakiok garrantzi militar handia izan zuen 1936ko gerran. Sollube eta Jata mendien artean kokatuta dago, eta mendi horien defentsak menderatzeak Bilbora kostaldetik sartzeko modua ematen zien tropa frankistei. Giro hartan, gerraren astinduak zauri sakona egin zuen herrian, eta bereziki herritarren artean. Zauria itxi gabe dago oraindik, eta, mina arintzen laguntzeko, liburu bat argitaratu berri dute udalak eta Aranzadi Zientzia elkarteak, elkarlanean: Bakio 1936-1945.

Zuriñe Goitiak idatzi du lana; bera aritu da herritarren testigantzak jasotzen. “Hunkigarria” izan da atal hori beretzat, berba egiteko aukera eman zaielako “urte askotan isilpean egon diren berrogei bat ahotsi”: “Garai hartan ume ziren informatzaileek jakinarazi didate zenbaterainokoak izan behar zuten euren sufrimenduak, egun haietako oroitzapenak laurogei urtean gordeta edukitzeko. Beldurrez eta isiltasunez betetako belaunaldi oso bat da, eta oraindik ere ondo barnean dauzkate orduko gertakizunak”.

1931tik 1945era bitartean Bakion gertatutakoaren “analisi sakon eta objektiboa” egiten du liburuak, lau ataletan antolatuta: “Lehenengoan, gure herrian errepublikaren garaian zelan bizi zen kontatzen da”. Giro politikoa, soziala eta kulturala daude jasota. Bigarren parteak gerra hasi zenetik Bakio erori arteko tartea azaltzen du. Hirugarren atalean, herritar errepresaliatuen datu biografikoak bildu ditu. Laugarrenean, azkenik, gerra bizi izan zutenen edo haien senideen testigantzak ageri dira.

Era askotako errepresioa pairatu zuten bakiotarrek. Laburbiltzen saiatu da Goitia: “Bakiok garai hartan 1.420 bizilagun zeuzkan. Horietatik 112 gudari edo miliziano joan ziren gerrara. Haietatik hemeretzi desagertu edo bertan hil ziren. Beste asko kartzelatu edo beharginen batailoietara zuzendu zituzten. Auzitegi militar frankistak 62 bakiotar epaitu zituen. Haietako askori heriotza zigorra ezarri zieten; azkenean, bi fusilatu zituzten. Udalean garbiketa handia egin zuten. Bakioko 65 herritar Zallara joan ziren errefuxiatu gisa; beste askok, Iparraldera edo Ameriketara egin zuten ihes. Bizilekuen eta ondasunen konfiskazioak arruntak izan ziren”.

Liburuak, garai hartan gertatutakoak jasotzeaz gain, datozen belaunaldientzako ikasgai izateko helburua ere badu. “Sasoi hartan gertatutakoa batzea eta bakiotarren bizipenak ezagutzea beharrezkoa da herriko kaltetuak omentzeko, baita herriaren memoria duintasunez berreskuratzeko ere”. Hori izan da liburuaren asmoa, Goitiaren arabera.

Gernikan, elkarlanean

Beste herri batzuetan ere iltzatuta geratu dira antzeko gertakariak. Martxoa eta apirila iristean, barrua astintzen zaie hainbati; askok sua eta hondamena dituzte gogoan oraindik ere. Bukatu ez zen zapalkuntza odoltsu baten ondorena ere ezarri zen hil horietan. Francok 1939ko apirilaren 1ean argitaratu zuen 1936ko gerraren amaiera adierazten zuen partea. Egun hura bera aukeratu dute Gernika Memoriaren Lekuko plataforma osatzen duten eragileek Guernicagernikara.eus webgunea aurkezteko.

Arrano Kultur Taldea, Ipes, Sare, Lobak, Gernika Batzordea eta Gernika Garretan eragileek ez dute kasualitatez egin aukeraketa. Duela laurogei urteko egun hark gerraren bukaera finkatu arren, astelehenean egin zuten agerraldian “hura amaierarik gabeko gerra” izan zela azaldu zuten. Diktadurak ekarritako eskubide urraketez eta zapalkuntzez gain, esan zuten trantsizioak eta ondorengoek ez zutela ekarri “benetako eraldaketa politikorik”: gerratik eratorritako neurriak “diktadorearen azken urteetan landutako erreformaren eta trantsizioaren —1978ko erregimenaren— oinarri eta sustraietan ezarri ziren, desberdintasun sozial sakonak bermatzeko eta nazioen zapalkuntzaren arauak eta erakundeak inposatzeko, talde frankista nagusien mesederako. Zelan ahaztu prozesu hori, Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako gertakizun politikoak ikusten ditugunean?”, galdetu dute.

Gernika koadroa Espainiara eramatea ere “trantsizio horren legitimazio osagarri garrantzitsua” izan zela deritzote. Hari buruz 2007an Kultura ministro zen Carmen Calvok esana gogorarazi dute: “Margolan bikaina askatasunen berreskuratzearen ikono eta Espainiako trantsizio politikoaren sinbolo bilakatu zen”.

Plataformarentzat “Gernika hori baino askoz ere gehiago da”. Webgunea Gernika Gernikara aldarrikapenaren zergatia eta esanahia zabaltzeko baliatuko dute. “Gernika bakearen eta kulturaren herri” moduan oinarri hartuta, munduan zehar beste batzuekin gogoeta egiteko eta elkarlanean aritzeko baliatuko dute. Horrez gain, plataformak hainbat jarduera egingo ditu datozen egunetan: hitzaldiak eta erakusketa bat, besteak beste.