“Une hunkigarri hori egunero bizitzeko aukera dugu, 24 orduz”

“Une hunkigarri hori egunero bizitzeko aukera dugu, 24 orduz”

A. Laskibar Lizarribar

Klikatuta” dagoela dio, irribarretsu, Julen Orbeak (Bilbo, 1980). Korrikaren atarian hartu du Bizkaiko Hitza, eta ilusioz gainezka dago. Lanera doa Korrikaren furgonetara, baina, ekinaldiak sorrarazten duen zirrara hamar egunez etengabe bizitzea gutxik duten aukera dela eta, zorioneko sentitzen da.

Zer da Korrika zuretzat?

Euskal Herrian dagoen herri mobilizaziorik handiena da, dagoeneko 21. aldia duena, euskararen aldekoa, eta hasieran nahiko boikotatua izan zena. Gaur egun, denok alde egotea lortu du. Ilusio handia pizten du, eta euskara ikasten ari direnentzako errekonozimendu handia ere bada, egiten duten esfortzuaren adierazgarri.

Korrika noiz iritsi zain dagoen jendearen artean urduritasuna sumatu ohi da. Urduri zaude zu?

Bai. Eta klikatuta. Azkenengo hilabetea guztiz klikatuta daramat.

Zer da klikatuta egotea?

Hainbeste gauza dira… Korrikak proposatu duen leloa da, eta nahi du esan konpromiso bat hartzea euskararekin. Baina, niretzat, klikatua egotea entxufatua egotea legez da; bai euskararekin, bai lasterketarekin. Jendeak galdetzen didanean “zer moduz?”, “ni, klikatuta“, erantzuten dut.

Azken Korrika aldietan, furgonetan laguntzera joan zara. Zergatik gehitu zinen lehen aldian?

Betidanik izan dut halako ilusio bat momentu hunkigarri hori bizitzeko; ba, pentsa zer izango den hamar egunez, 24 orduz, egunero-egunero hori bizitzea. Zortea izan nuen, zeren Korrika antolaketan ibili dira lagunak, eta aipatu nahi dut Klara, zeren berak zabaldu zuen atea ni joan ahal izateko hau bizitzera. Oso zortedun gara furgonetan joaten garenok.

Zenbat aldiz joan zara Korrikako furgonetan?

Lau Korrika egin ditut osorik.

Lanean opor egunak hartzen dituzu Korrikan lan boluntarioa egiteko…

Lan guztiz boluntarioa da, bai, eta gehienok oporrak hartzen ditugu horiek egunetan. Adibidez, kontatuko dizut nire lehen urtean tabernako lan bat utzi egin nuela Korrikara joateko.

Zer ematen dizu Korrikak?

Jendeak esaten digu nekagarria izango dela, eta tira, egia da ordutegiak ere aldatu egiten direla, batzuetan egunez lo eta gauez gidatu beharko duzula… Edozein momentutan hor egotea egokituko zaizu. Baina, aldi berean, niri bi urterako energia ematen didan zerbait da. Ezagutzen nautenek badakite zelako ilusioa izaten dudan, data hurbiltzean urduri jartzen naizela… Gure herrian edo auzoan bizitzen dugun momentu hunkigarri hori egunero-egunero 24 orduz bizitzeko aukera dugu guk; pribilegiatuak gara.

Hiriburuetan jendetza ikustea harrigarria izango da, eta goizaldean herri txiki batetik pasatzea ere bai… Zer da barrua gehien mugitzen dizuna?

Niri, bereziki, jende nagusiak; saiatzen direnean bi metro egiten nahiz eta makuluekin edo gurpil aulkian egon… Herri batzuetan, Nafarroa hegoaldean adibidez, ikusten dutenean beraien hizkuntza, erabat zapaldua egon dena urte askotan, orain bere seme-alabek edo bilobek natural egiten dutela… Gogoan dut gizon bat kilometro batzuetan bera bakarrik egon zena korrika; kilometro oso batez negarrez egon zena eta guri ere negar eginarazi ziguna. Hitz egiten genion, eta berak, korrika, ezinean, arnasestuka, esaten zuen: “Yo no sé euskara pero mi hija sí“. Negar batean egon ginen. Eta, gero, Bilbo bezalako leku batera iristean jendez gainezka ikustea, izugarria da.

Anekdotak ere izango dituzu…

Anekdotak dira zelako maitasuna adierazten duen jendeak Korrikarekin. Korrika ez da karrera bera bakarrik; ez da furgoneta eta jendea atzean. Inguruan dauden hainbeste egitasmo ere bada, eta sortzen den sentimendua: adibidez, gelditzen garenean gasolindegi batean Korrikako furgonetarekin, ikustea jendea zelan hurbiltzen den, nahi duela gurekin hitz egin, furgonetarekin argazkia atera… Edo badaude hainbat eta hainbat, batez ere emakume nagusiak, bide bazterrean geratzen direnak, gidariari tuper bat tortillarekin ematen diotenak…

Nola antolatzen zarete?

Urteekin aldatuz joan da. Hasierako aldietan Korrikako furgonetan joatea sekulako balentria zen, baina gaur egun asko hobetu da antolaketan: bi furgoneta joaten dira, bat aurrean eta bestea atzean. Furgoneta nagusia doa aurrean, eta atzean laguntzailea; adibidez, gasolina bila joan behar dugunean edo, atzeko furgoneta jartzen da aurrean. Zortzi laguneko bi taldetan egoten gara, eta txandakatzen dugu gidatzea, argazkiak ateratzea Korrika.eus atarira bidaltzeko, animazioa…

Asteazkenean helduko da Korrika Bizkaira. Zer esango zenieke herritarrei?

Jende guztia animatu dadila Korrikan parte hartzera, eta klika egin dezala bere buruan, bere bihotzean. Irten daitezela korrika egitera, baina jarrai dezatela euskararen aldeko lasterketan urte osoan. Bilbok gainezka egingo du berriro, seguru. Eta dei berezi bat egin nahi diet beste herri batzuetan jaio eta Bilbo inguruan bizi diren herritarrei. Asko dira, eta euskararen jai erraldoi honetan gurekin parte hartzera animatu nahi ditut, deskubritu dezaten beste ate bat zabaltzen zaiela euskararekin herri hau ezagutzeko. Etor daitezela gurekin, ongi etorriak izango baitira guztiak.

Furgonetan zoazen azken urtea dela diozu. Zergatik?

Pribilegio handi bat da furgonetan joatea, hamar egun horietan bizi duguna zoragarria da, eta beste batzuei ere eman behar diegu hori bizitzeko aukera. Horregatik, seguruenik, nire azken Korrika izango da furgonetan, eta, beraz, banoa bete-betean disfrutatzera.