Transmisioaren protagonista

Transmisioaren protagonista

Natalia Salazar Orbe

Berreraiki behar den baserri bat. Mendeetako historia, haren hormen barruan gordeta. Familiaren gorabeherak, gizarte oso baten bilakaerari lotuta. Historia, kultura, hizkuntza, tradizioak. Eta horien guztien transmisioa. Horiexek harilkatuta osatu dute Gure etxea herri antzezlana, Mungian. Profesionalen gidaritzapean, herriko hainbat elkartetako kideek eta zenbait norbanakok taularatuko dute obra. Mungian estreinatuko dute, bihar 20:00etan eta igandean 19:00etan —emanaldi biak Olalde aretoan izango dira—, eta Bilboko Euskalduna jauregira ere iritsiko da Gure etxea herri antzezlana, maiatzaren 5ean.

Berrehun herritar inguru elkartu dira proiektua aurrera ateratzeko. Markeliñe eta Glu Glu Produkzioak konpainien gidaritzapean ariko dira aktore lanetan herriko antzerki taldeetako kideak, dantzariak, musikariak, bertsolariak, abesbatzako kideak eta bestelako norbanakoak. Denek ala denek osatuko dute baserria ardatz duen istorioa. Hala azaldu dute Mungiako Udaletik: “Baserria euskal familiaren, gizabanakoaren eta herriaren arima da, etengabeko bilakaera prozesuan. Herri bakoitza bere izaera osatuz doa historian zehar, era iraunkorrean, etorkizunera begira. Iraganera bueltatuz gero, baserria ikusiko dugu —etxea—, familiaren bihotza —etxekoak—”.

Hala, aberria eta herrialdea barnean hartzen dituen metafora da Gure etxea. Baserria, berriz, horren guztiaren erreferentea. “Obrak gure herriaren jatorriaren gainean hausnarketa egitera gonbidatuko gaitu. Gure historia, kultura, hizkuntza, ohiturak, bilakaera historikoa… Gure egungo egoerara arte. Eta nahi dugun etorkizunari buruzko gogoeta egitera eramango gaitu”.

Herrian ezaguna den eta handik kanpo ere Mungia ezagun egin duen Landetxo baserria du abiapuntu antzezlanak. Obraren sortzaile Jon Kepa Zumaldek eman ditu gako nagusiak. XVI. mendeko baserria da Landetxo etxea, 1510ean eraikia. “Hura berreraikitzeko prozesu bat egin zen: desmuntatu eta harriz harri berreraikitzen hasi ziren”. Aditu teknikoez gain, historialariak ere aritu ziren, ebazteko zer-nolakoak ziren garai hartako baserriak, zer-nolako bizimodua egiten zen, zer zuten inguruan eta zergatik jarri zen era hartako etxe handi bat toki hartan”.

Adituek espero ez zuten ezusteko bat aurkitu zuten lan haietan, ordea. Sukaldean, sutearen azpian, aztarna are zaharragoak agertu ziren; 900 urtekoak. Landetxo baserria zegoen lekuan beste etxe bat egon zen aurretik, beraz.

Hari horri tiraka ondu du antzezlana Zumaldek. Baserri bat berreraikitzeko lanetan ari diren ikerlarien eta bestelako langileen azalean sartu dira XVI. mendea zer-nolakoa zen azaltzeko eginbeharra izango duten aktore ez profesionalak. “Baserriko bizimodua zer-nolakoa zen azalduko dute, zer garrantzia zuen emakumeak Euskal Herri hartan, nola pasatzen zizkiguten ohiturak eta hizkuntza baserri haietan eta zer-nolako lanak egin behar ziren”. Euskal Herrian izan ziren migrazioak eta baserriek aurrera egiteko gainditu behar izan zituzten oztopoak ere izango dituzte aztergai.

Ostean, fokua hiru ilobarekin paseatzen ari den aitona batengan jarriko da. Gazteek etxera iritsi nahiko dute. Baina aitonak hainbat azalpen emango dizkie patxadaz. Historiaren lekukotzak jasoko dituzte. “Horiek denak metaforak dira”, azaldu du antzezlanaren egileak. “Aitonak gure arbasoak irudikatzen ditu. Gaztetxoak edo umeak, berriz, gure etorkizuna dira. Hortxe dago gure arbasoengandik jaso duguna. Agurea prozesu horretan ariko baita. Alegia, euskal kulturak eta ohiturak irakasten, eta bizitakoa kontatzen”.

Arbasoengandik jasotako transmisioarekin orain zer egin. Ataka horretan jarriko du herria Zumaldek. “Euskal kulturaren transmisioa jaso dugu gure arbasoengandik; altxor hori badugu. Orain horrekin zer egin nahi dugun erabakitzeko unea da. Nola pasatuko diegu gure ondorengoei?”.

Gure etxea obrak bi lan ditu, beraz. “Batetik, gure bizitokia, babestokia eta kultura, hizkuntza eta tradizioak elkartzeko eta zabaltzeko tokia da. Baina aberri moduan ere kontuan hartzen da. Bi metafora dira”.

Hirugarren herri antzezlana

Proiektu bitxia da Gure etxea, herritar asko inplikatu baita bertan. Inplikazio hori ez da berria, ordea. “Antzerkirako ohitura handia dago Mungian”, azaldu du Zumaldek. Hainbat elkartek egiten dituzte antzezlanak urtero. Horrez gain, 2000. eta 2005. urteetan ere bi antzezlan handi egin zituzten. “Bata uriaren urteurrena ospatzeko egin zen. Emanaldi hartan, berrehundik gora herritarrek hartu zuten parte”. Handik bost urtera egin zuten bigarrena, Lauaxetaren heriotzaren urteurrenean. “Herri antzerki hartan ere 140 herritar inguru elkartu ziren”.

Antzerki tradizio handi horren adierazgarri, Lore Jokoak ere egiten dituzte urtero. “Askok urtero hartzen du parte, baina jende berria eta gazteak ere sartzea nahi genuen”. Aurten, gidoia propio eratu dute parte hartuko duten herritarren ezaugarriei erreparatuta. “Dantza taldeari, abesbatzari, musika eskolako gazteei eta hainbatek dituzten gaitasunei erreparatuta osatu dugu, denek izan dezaten beren unea”.

Mungian egingo dute, beraz, Gure etxea antzezlanaren estreinaldia. Bihar eta etzi taularatuko dute, Olalde aretoan. Bilbon, berriz, maiatzaren 5ean aurkeztuko dute, Euskalduna jauregian. “Jendeak ilusioarekin hartu du. Antzokia betetzea, ordea, beste erronka bat izango da”.

Hemezortzi eszenak osatzen dute ikuskizuna; erritmo azkarrekoak horietako asko. Istorioa Mungiako Landetxo baserrian girotuta egon arren Gure etxea edozein baserri zaharren istorioa izan daitekeela azaldu du egileak. Herriari, izaerari eta transmisioari lotutako kontakizuna baita.