‘Klikatzeko’ unea

‘Klikatzeko’ unea

Aitziber Laskibar Lizarribar

Abiatu da. Martxan dira ehunka hanka, tipi-tapa, eta dantzan bozgorailuetako doinuen atzetik doazenen gorputz eta bihotzak. Dantzan, era berean, errepide bazterretan zain daudenen sabeletako tximeletak. Atzo arratsaldean Garestik abiatu, eta Nafarroa Garaian ibiliko da Korrika egunotan; bihar gauean, Nafarroa Beherera jauzi egingo du. Igandean, Lapurdik hartuko du euskararen aldeko mobilizazio erraldoiaren lekukoa, eta Gipuzkoara egingo du ondoren. Asteazkena arte ez ditu zapalduko Bizkaiko lurrak.

Arabatik sartuko da Korrika Bizkaira. Asteazken goizaldean, urduñarrak izango dira lekukoa hartuko duten lehen bizkaitarrak. Aiaraldeko lur arabarretan sartu-irtena egin, eta bizkaikoetatik egingo du aurrera goizean, pare bat egunez lurraldean geratzeko. Basauritik Galdakao aldera joango da asteazken goizean, eta Txorierrirako bidea hartu; bazkalordu aldera ibiliko da han. Itsasaldera begira jarri, eta Uribe Kostara iritsiko da; gauera arte egongo da han.

Bizkaiko eskuinaldea eta ezkerraldea zubiz lotuko ditu aurtengo Korrikak asteazkenean. Bizkaiko Zubiaren erdian pasatuko dio lekukoa Getxoko alkateak Portugaletekoari, ia 50 metroko altueran, gauez, sinbolikoa izan nahi duen gune batean. Desberdinen arteko zubi lana egin nahi du hala Korrikak; historia aberats eta burgesa izan duen eskuinaldeak eskua emango dio langile klaseak osatu duen ezkerralde zigortuagoari, euskararen aldeko lanean elkarrekin aurrera egiteko.

Bilbon, ostegun erguerdian

Asteazken gaueko azken ordua eta osteguneko lehenengoak ezkerraldean egingo ditu Korrikak. Meatzaldea igaro, goiza Enkarterrin egin, eta Alonsotegitik iritsiko da mugarri nagusira, jendetzarik handiena batuko duen gunera: hiriburura. Eguerdi partea egingo du aurten Bilbon, lau ordu eta erdi inguru; 12:00ak baino lehenagotik, 16:15ak paseak izango diren arte.

Zorrotzan hartuko du Bilbok Korrikaren lekukoa, eta, gero, mezua auzo gehienetara eramango du. Besteak beste Indautxu, Errekalde, Miribilla, Bilbo Zaharra, Abusu, Otxarkoaga eta Santutxu igaro ondoren, Begoñatik Zazpikaleetara jaitsiko da, erdigunerik jendetsuenean segitzeko. Abando, Indautxu, Deustu, San Ignazio igaro, eta Elorrietatik utziko du atzean euskal hiztun gehien duen hiria Korrikak.

Itsasadar ondotik Erandiora iritsi, Loiura egin, eta Mungialdean egingo du arratsa. Bakiotik Bermeorako bidean Gaztelugatxe ingurutik igaro, eta ilunduta egongo da Mundakara eta Sukarrietara heltzerako. Busturialdetik Gernika-Lumora 22:00ak paseak direnean iritsiko da.

Lea-Artibaira egingo du handik. Ostiral goizaldeko lehen orduak egingo ditu han. Gauerdia pasatuta, Ibarrangelutik sartuko da eskualdera, herri nagusiak igaro eta 05:00ak pasatxo direnean Ondarroatik ateratzeko.

Gipuzkoari utziko dio orduan lekukoa, larunbat arratsaldera arte. Ermutik sartuko da Bizkaira berriro, bihar zortzi, 15:30 inguruan, Durangaldera. Handik Arratiara egingo du gauean, eta, igande goizaldeko 01:00ak aldera Otxandiotik igaro ondoren, Araban sartuko da, Gasteizerainoko azken pausoak egiteko.

Ekitaldiak

Bien bitartean, bestelako ekitaldi eta dinamikek ere bere bideari jarraituko diote datozen egunetan. Korrika Kulturalaren ekitaldi gehienak aurrez eginak dira, beroketa gisara. Baina Korrikaren etorrerak hiri, herri eta auzoak lasterketa saiotik harago astintzen ditu. Herri eta auzo askotan animazioa izango da mobilizazio erraldoia iristerako, eta aurreko egunetan bestelako ekintzak ere egongo dira batzuetan. Bilboko Zorrotza auzoan, esaterako, Korrika eguna antolatu dute biharko, egun osoko egitarauarekin, eta Abusun bertso bazkaria dute bihar. Santutxun, berriz, Euskararen Astean murgilduta daude, hurrengo asteko ostiralera arte.

Bestelako beroketa ekitaldien artean, Korrika Txikiak bihurtu dira ezagunenetakoak. Bilbon, gaur bertan izango dira Santutxukoa eta Txurdinagakoa goizean, eta Indautxu eta Abandokoa zein Miribilla eta Alde Zaharrekoa arratsaldean. Etxebarria parkean, Deustun eta Iralan asteartean egingo dute; San Frantzisko, Zorrotza eta San Ignazion, asteazkenean; eta Arangoitin, gaur zortzi.