“Gero eta maila hobea dago hemen; Euskal Herria indartsu dago”

“Gero eta maila hobea dago hemen; Euskal Herria indartsu dago”

N. S. O.

Lagun talde batek sortu zuen Feel The Sound breakdance taldea, duela hamar urte, Bilbon. Tartean zegoen Ethan Lopez de Pedro (Berriz, 1990). Kalean egiten zuten dantza, eta lehiaketetan ere parte hartzen zuten. Zaletasun moduan sortu zen. Gaur egun lehiaketetan ari da Feel The Sound, Lopez de Pedrok gidatuta, eta taldea 11 eta 16 urte arteko gazteek osatzen dute. Eskolak ematen dizkie, eta koreografiak eta prestakuntza handiagoa duten lanak lantzen dituzte. Bihar Break On Stage jaialdian egingo dute erakustaldia.

Musika edo soinua sentitzeko dio zuen taldearen izenak. Hori al da breakdancea zuentzat?

Bai, gure izena hortik dator. Guk egiten dugun dantza ez datza soilik trikimailuak egitean. Guk ez dugu sentitzen horrela behintzat. Guretzat dantza bat da; beraz, ezinbestekoa da sormena lantzea eta soinuarekin bat joatea. Gainerakoan urrundu egiten zara dantzaren diziplinatik. Batzuek ahaztu egiten dute hori, eta zirkuaren moduko erakustaldiak egiten dituzte. Baina esentzia artea da, eta artea dago sentimenduaren eta transmisioaren aldetik.

The Ruggeds eta halako talde handien ondoan aritzeko aukera izango duzue bihar. Zer helburu duzue lehiaketarako?

Guk erakustaldia egingo dugu. Talde horiekin alderatuta, gureak mundu honetan hiruzpalau urte daramatzaten umeak eta gazteak dira. Oso ondo egiten dute, daukaten adinerako. Prestakuntza handia dute, baina ez dago konparazioa egiterik. The Ruggedsek mundu osoan egin du bere ikuskizunaren erakustaldia. Guretzat aukera handia da agertokian haien ondoan dantza egitea. Nahiko genuke gure ikuskizuna ikusi ondoren jendeak pentsatzea harrobi ona garela datozen urteetarako. Asmo onekin eta burua gora joango gara jaialdira.

Dantza urbanoa indarra hartzen ari al da?

Bai. Gazteak diren neska-mutilen artean, izugarri. Breakdancea eskari gutxien daukan estiloa da, askok oso zaila dela edo hobetzeko konpromiso handia behar dela irizten diolako. Baina hip-hop eta antzeko estiloetan gero eta gehiago aritzen dira. Duela bospasei urte gaztetxo bat arraro senti zitekeen bisera jantzita edo arropa zabalak jantzita. Gaur egun, ordea, bideoklipetan ikusten den irudi edo profil hori hobeto onartzen du gizarteak. Edo Fortnite jokoan, adibidez, dantza eta musika mordoa sartzen dute. Badirudi tontakeria dela, baina, azkenean, estilo hori normalizatzen laguntzen du. Gogoan dut, txikia nintzenean, jantzi estilo horrekin zihoana delinkuentetzat hartzen zela. Are gehiago herri txikietan. Orain onartuago dago. Horrek ahalbidetu du jendea animatzea dantza egitera. Gurasoen taldeak ere badaude. Gertuago dago estilo hau, eta errazagoa da parte hartzea.

Orain gutxira arte kultura urbanoen barruan bidea egin nahi zuenak kanpora jo behar zuen. Gaur egun Euskal Herrian ba al dago aukerarik estilo hau lantzeko?

Lantzeko eta formakuntza izateko, bai. Dantzari profesional moduan ibilbidea egitea zailagoa da, ordea. Hemen ia ez dago ekoizpenik, konpainia gutxi daude eta daudenek dantza garaikidea lantzen dute gehiago, edo ballet konpainiak dira. Bartzelonan edo Madrilen indar handiagoa dauka, eta horrek profesional moduan aritzeko aukerak zabaltzen ditu. Hemen formakuntza egiteko aukera badago. Lehen, irakasle jakin batekin eskolak hartu nahi izanez gero, Londresera, Madrilera edo AEBetara joan behar zenuen. Gaur egun, horrenbeste akademia egonik, elkartu egiten dira trebakuntza eskolak antolatzeko eta leku desberdinetako hainbat irakasle ekartzen dituzte formakuntza eskaintzeko. Asko ikasteko aukera duzu, Madrilen edo Bartzelonan egin ditzakezun eskoletan bezala. Trebakuntzarako aukera handia dago hemen, eta gero eta maila hobea; Euskal Herria indartsu dago.

Break On Stage eta halako jaialdiak garrantzitsuak dira kultura urbanoari bultzada emateko?

Bai. Aukera ematen dute jendeak estilo hau ikus dezan. Askotan jendeak ez du onartzen ez duena ikusten. Eta gero eta gertuago badauka, ulertzeko eta mundu honetan sartzeko aukera ematen du. Break On Stage, daukan formatuagatik, ez da gazteentzat edo kultura hau gustuko duten pertsonentzat bakarrik. Familia guztiarentzako da. Guraso bat badoa ikustera, gazteek bezain ondo pasatuko du. Familia giroa sortzen da. Era horretako formatu gehiago baleude, kultura honek indar handiagoa hartuko luke. Bartzelonan eta Madrilen duela urte asko hartu zuen indar handia. Euskal Herrian eta Bizkaian ez du horrenbeste. Eskari kontua ere bada. Leku horietan 500 pertsonak egiten badute dantza eta hemen ehunek, logikoa da.

Jaialdi honen antzeko gehiago izaten dira Bizkaian?

Hau kultura urbanoen erakustaldi bat da, lehiaketa baino gehiago. Haien barruan dauden diziplinak erakusteko jaialdia da: grafitia, musika, parkour eta BMX erakustaldiak. Diziplina ugari ikusi ahalko dira. Gainerakoan egiten diren lehiaketak espezifikoagoak dira. Madrilen eta Galizian, adibidez, egiten dituzte denetarik jasotzen dutenak. Baina gutxi dira.