Gatikako aintzira ur gaineko eskia egiteko eremu bihurtu nahi dute

Gatikako aintzira ur gaineko eskia egiteko eremu bihurtu nahi dute

Uxue Gutierrez Lorenzo

Ur gaineko eskia praktikatzeko gune bat ireki nahi dute Gatikan. Promotore pribatu baten ekinbidea da, eta Lakuetxe garagardotegia zenaren instalazioak erabili nahi ditu parkea eraikitzeko. Orotara, 19.857 metro karratuko azalera duen espazioa baliatu nahi dute, eta eremuaren barruan dagoen aintzira artifiziala izango da kirola egiteko gunea: 10.000 metro koadro inguruko azalera du, eta 140 zentimetroko sakonera.

Soka bati eutsita ur gainean irristatzen den xafla batean ibiltzea da uretako eskia edo wakeboarda. Azken urteetan, goraldian dago kirola, eta horregatik bihurtu nahi du sustatzaileak kirolgune utzia dagoen espazioa. Aipatu du, esaterako, kirola irakasten duten eskolentzat egokia izango dela gunea. Horretarako, aintziraren alde bakoitzean sei metroko luzera izango duten bi dorre jarri nahi ditu, eta bi muturrak kable bidez lotu. Sistema berritzailea da, kirolaren segurtasuna handitzeko helburua duena. Abiadura hobeto kontrolatzea ahalbidetzen duela diote adituek, eta eroriz gero segituan jasotzen duela erabiltzailea, behin eta berriz saia dadin.

Halaber, kirolak salto eta akrobaziak egiteko aukera ematen du, eta, horregatik, Gatikako parkean zehar aldapa eta oztopoak ere jarri nahi dituzte. Promotoreak esan du halako lehen gunea izango litzatekeela Euskal Herrian. Gaur egun, Madrilen eta Hossegorren (Frantzia) daude hurbilenak.

Aintzira amuarrain arrantzarako eraiki zuten, 1994. urtean, baina hamar urte dira ez dela erabiltzen. Hori dela eta, proiektuaren sustatzaileak uste du erabilerarik gabeko inguru natural hori guztiz egokia dela aisia eta kirola uztartzen dituen proiektua garatzeko. Haren iritziz, gune berriaren irekierak, proiektu turistikoak aurrera eramatea eta nazioarteko bisitarien hurrenkera ahalbidetu dezake etorkizunean.

Horregatik, kirol eremuaz beste, zenbait zerbitzu osagarri eskaintzeko asmoa iragarri du promotoreak: 160 autorentzako aparkalekua eta kirolarientzako taberna, beste batzuen artean. Tabernan, kirolariei bideraturiko jan-edana soilik salduko lukete. Eta, ur gaineko eskiaz gain, yoga eta padela egiteko aukera ere egongo dela aurreratu du ekintzaileak.

Proiektuaren arduradunaren arabera, norbanakoei zein kirol eskolei zuzenduriko eremu bat izango da. Skatearen, surfaren edo snowboardaren moduko kirolak egiten dituztenentzako interesgune ere suerta daitekeela uste du, eta uda aurretik parkea inauguratzeko asmoa iragarri du. Dena dela, oraindik ez dira hasi eraikuntza lanak. Ekinbide pribatua den arren, baimen publikoa behar du proiektua aurrera eramateko.

Oniritziaren zain

Lanak abiatzeko, Jaurlaritzaren eta Gatikako Udalaren oniritzia behar du sustatzaileak. Udalak Bizkaiko Hitza-ri jakinarazi dionez, egitasmoaren berri badu, baina oraindik ez du jaso proiektuaren zehaztapen formalik. Horren arabera, baimena lortzeko epea luzeagoa edo laburragoa izango da. Hala ere, udalak ez du uste arazorik emango duenik tramitazioak. Hortaz, eraikuntza lanak baimena jasotakoan abiatuko direla dio. Oraingoz, teknikari bat eremua aztertzera joan dela besterik ez daki udalak.