Bizkaiko birziklatzearen buruan jarri da Lea-Artibai eskualdea

Bizkaiko birziklatzearen buruan jarri da Lea-Artibai eskualdea

Eider Mugartegi

Lea-Artibai eskualdeak %43ko birziklatze tasa lortu du 2018an: Bizkaiko birziklatze tasarik handiena. Organikoa bereizten hasi zirenetik jasotako datuak batu ditu Lea-Artibaiko Amankomunazgoak. Datuen arabera, gutxi bildu da errefusa, eta gainontzeko gai guztien birziklatzeak nabarmen egin du gora.

Errefusa 6.654 tona batzen zen lehen, eta 5.520 tona batzen da orain; hau da, ia 1.134 kiloko jaitsiera izan du (%12). Gainontzeko gaikako bilketa, ordea, hazi egin da: paper eta kartoi gehiago batu da, 115.580 kilo gehiago (%1,08); 47.468 kilo beira gehiago (%0,41); plastikoa eta ontzi arinak 55.623 kilo gehiago (%0,53); arropak, oinetakoak, jostailuak 8.322 kilo gehiago (%0,07); olioa 3.124 litro gehiago (%0,03); 24.920 kilo traste zahar gehiago (%0,25); eta 244 kilo pila gehiago (%0,01).

Igoera horrek organikoa birziklatzearekin lotura zuzena duela azaldu du Rakel Elu Bengoetxea Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakariak. “Organikoa sailkatzeko erraztasunak jarrita, gainontzeko zaborra sailkatzea errazagoa izan da herritarrentzat”. Apurka-apurka herritarrek sailkapena egiteko daukaten joera gorantz doala dio: “Konpromisoa handituz doa”.

Bestalde, 2018. urtearen erditik aurrera, hondakin sortzaile handiak batu dira birziklatzera: ikastetxe, egoitza, jatetxe eta tabernak. “Horiek asko produzitzen dute, eta horiek ere hasi dira geroz eta gehiago birziklatzen”. Beraz, oraindik emaitza hobeak lortzea espero du mankomunitateak. “Horiek guztiak batuta eta puntu mugikor txikien datuak ere barneratuta, 2019ko datuak oraindik hobeak izatea espero dugu”. Oro har, Lea-Artibai ingurumenaren errespetuarekin “kontzientziatuta” dagoen eskualdea dela gaineratu du Eluk. “Erronka da joera honekin jarraitzea. Herritarrek gaikako banaketarena ondo hartu dutela ikusten dugu. Denok goaz bide beretik”.

Herritarrengana heldu eta birziklatze proiektura gero eta herritar gehiago batzeko karpak ateratzen ari dira herriz herri, eta hondakin organikoaren bilketatik sortutako konposta banatzen ere hasi dira. Ondarroan Konpost Eguna ospatu dute martxoan, eta apirilean eta maiatzean Etxebarrian eta Berriatuan ospatuko dira. “Guk egindako lana lur bihurtuta itzultzen da”. Lea-Artibain bildutako hondakin organikoaren “kalitate ona” nabarmendu du Eluk, gainera, azterketetan emaitza onak ematen dituela azalduz.

Proiektu pilotua

Lea-Artibai eskualdea organiko osoa batzen duen Bizkaiko eskualde bakarra da. Aurreko agintaldian Lea-Artibaiko herri bakoitza bere aldetik aritu zen, organikoa batzeko ahaleginetan sistema ezberdinak erabiliz: atez atekoa, auto eta auzo konpostatzeak…. 2015ean, ordea, organiko osoa banatzeko sistema bateratu bat aurrera eramatea adostu zuten Lea-Artibai Amankomunazgoko herriek, bosgarren edukiontzia erabilita. Eta erabakia Bizkaiko Foru Aldundira eraman ondoren, akordu batera heldu, eta proiektu pilotu bat jarri zuten martxan.

“Errefusaren barruan organikoak pisu handia zeukala ikusten zuten gure teknikariek, eta hori multzo horretatik atera behar zela ikusten genuen errefusaren jaitsiera izateko”. 2017ko azaroan jarri zuten martxan organikoa batzeko sistema Berriatuan eta Ondarroan, abenduan Lekeition eta 2018ko urtarrilean Etxebarrian, Ziortza-Bolibarren eta Markina-Xemeinen.

Urtebetean (2018) ia mila tona hondakin organiko atera dituzte, eta tasa hori oraindik handiagoa da; herri batzuetako auzo eta baserrietan hondakin organikoaren parte bat auzo konposta eta auto-konposta bidez biltzen delako.

Eluk azaldu duenez, hondakinak zenbat eta hobeto sailkatu, orduan eta errefusa gutxiago egongo da, ingurumenaren eta kostu ekonomikoaren alde. Horretarako, organikoa jasotzeko kit gehiago banatuko dituzte halakorik ez duten herritarren artean eta sortzaile handien artean.

Gremio guztiengana heldu nahi dute, apurka-apurka: arotzak, harginak… Hasteko, etxetresna elektrikoak saltzen dituzten dendetara joko dute, horiek dituzten hondakinei irtenbide bat emateko. Etxetresna elektriko zaharrak Berriatuko Milloi auzoan dagoen eskualdeko Andonegi biltokira eramateko aukera emango diete asteartero, 10:00etatik 13:00etara. 900-10 48 78 telefono zenbakira deitu, eta zein denda den esan beharko dute. “Polito goaz, baina hobetu behar dugu, eta beste pauso batzuk ematen joan. Hondakin asko sortzen ditugu, eta gehiago jaso behar dugu”.

Puntu mugikorra bezalako egitasmoekin ere mankomunitatea emaitza hobeak lortzeko ahaleginean ari da. Aurten hasi dira etxeetan sortzen diren eta ohiko edukiontzietara bota ezin daitezkeen hondakinak puntu mugikorren bidez herriz herri batzen, egutegi bati jarraituta. Herritarrek, eskualdeko edozein herritan bota ditzakete euren hondakinak.

Azken lau urteetan emandako pausoekin “gustura” agertu da mankomunitateko lehendakaria. “Bide onean gabiltza, eta emaitzetan ikusten da”. Hala ere, urrats gehiago egin, eta 2019an datuak hobetu nahi dituzte. “Lea-Artibai trantsizioan dagoela ikusten da, martxa handian goaz aurrera, baina oraindik %57 den errefusa erdira jaitsi eta %60 edota %70eko birziklatze tasetara heldu behar gara datozen urte gutxietan”. Helburu horietara heltzeko bitartekoak herritar gehiagorengana heldu, sortzaile handiekin lan egin eta ikastetxeekin daukaten aliantza direla dio.