Animazio zinemaren nazioarteko jaialdia indartsu ari da Bilbon

Animazio zinemaren nazioarteko jaialdia indartsu ari da Bilbon

Uxue Gutierrez Lorenzo

Aurrerapen teknologikoak direla medio, sortzeko, ekoizteko eta erakusteko bide berriak ireki dira hainbat esparrutan: dela etxea bere kasa garbitzen duen makina, dela erosketak online egiteko plataforma edo pantailatik pantailara komunikatzeko aukera. Sorkuntzaren alorrean ere nabari da eraldaketa hainbat diziplinatan. Fisikoaz gaindi doa ekoizpena egun, eta gero eta ugariagoa da errealitate birtuala. Genero berriak sortu dira musikan, dantzan, antzerkian edota zineman, errealitatea oinarri hartzeko beharrik gabe. Genero berri horietako bat da animaziozko zinema. Mugimendua sortzeko teknika horren omenez sortu zuten, hain zuzen, Animakom Fest jaialdia, Bilbon, 2017an.

Hirugarren urtez segidan ari dira egiten, astelehenera arte. Pedro Rivero zinemagilea da festibaleko zuzendaria, eta haren bizipenen ondorio da Animakom. “Ni neu animazio jaialdietan nire filmak aurkezten ari nintzela hasi nintzen kezka bati bueltaka: pena da Bilboren moduko hiri batean horrelako ekitaldirik ez egotea”. Egoneza erronka bihurtu zen, eta festibala antolatzeari ekin zion, Develop elkarte kulturalaren laguntzarekin. “Egia esan, nik ikusi nuen espazio bat doan uzten zidatela eta taberna bat zegoela alboan, eta pentsatu nuen: pelikula batzuk ekarri eta jaialdi bat egingo dut”. Hori 2017an izan zen.

Hasitako bidean hirugarren urtea du jada, eta proiektua hazi besterik ez da egin. “Gutxinaka, gero eta handiagoa da komunitatea. Gero eta talde gehiagok babestu eta laguntzen gaituzte, proiekzio gehiago ditugu eta espazio gehiagotan aurkezten ditugu film laburrak”. Komunitate berba erabili dut Riverok, jaialdiaren helburuari keinu eginez. “Animazio zinemaren komunitatearentzat elkargune izan nahi du festibalak”.

Aipatu du elkar ezagutzen dutela genero horretan dihardutenek. Komunitatea indartzera bidean, zenbakiak ere eman ditu antolatzaileak: 1.200 film labur inguru jaso dituzte, iaz halako bi. Gero, aurkeztu direnen artean, 120 film labur hautatu dituzte epaimahaikideek. Horiek dira zehazki jaialdian proeiktatuko direnak. Bi sailetan bereizi dituzte lehiatuko diren ikus-entzunezkoak: alor profesionalekoak, batetik, eta ikasleen lan amateurrak, bestetik. Azken horretan zinema zein animazio eskoletako film laburrek hartzen dute parte. Proiekzioak ere bitan banatu dituzte. 18:00etan daude ikusgai ikasleenak, eta 21:00etan profesionalak. Atzo hasi, eta gaur eta bihar ere egingo dituzte saioak.

Kategoria bakoitzean hainbat sari emango dituzte, eta, nazioarteko jaialdia denez, halakoa da epaimahaiaren eraketa: Nancy Denney Phelps kazetari iparramerikarrak, Tal Kanton Israelgo errealizatzaile eta zuzendariak eta Fermin Muguruza euskal musikariak osatzen dute epaimahai profesionala. Eskoletako kategorian, ostera, Jeannette Enara Diaz ekoizlea, Jesus Palacios zine kritikoa eta Lea Bacelin errealizatzailea iazko Emakume Zuzendari Onenaren Saria jaso zuen jardungo dira epaile.

Txapelketako epaimahaiak emango dituen ordainsariez gain, entitate kolaboratzaileek beste lau sari banatuko dituzte: Euskal Film Labur Onenaren Laboral Kutxa Saria, Emakume Zuzendari Onenaren Saria, Gidoi Onenaren Saria eta Berrikuntza Saria. Banaketa bihar gauean egingo dute, Bilborock aretoan. Eta igandean atsedenerako etena egin ondotik, irabazten duten lanak proiektatuko dituzte astelehenean.

Emakumeak protagonista

Jaialdiaren bizkarhezurra da Animakom Saria, animazio zineman aritzen diren emakumeak omentzea helburu duen saria. Aurten, baten tokian bost andreri egingo diete aitortza: Myriam Ballesteros, Isabel Herguera, Izibene Oñederra, Maite Ruiz de Austri eta Begoña Vicariori. “Bakoitzaren lana oso ezberdina da; guztien sorkuntza ezagutzeko aukera ezin hobea izango da. Bakoitzaren atzera begirakoa proiektatu eta ekitaldi txiki bat egingo dugu”, azaldu du zuzendariak.

Etorkizuneko erronkez ere mintzo da. Nazioarteko emanaldia den arren, eskola inguruan finkatzeko asmoa dute. “Etorkizunean jaialdia animazio eskolen elkargune eta ikasleen erakusleiho bihurtzea gustatuko litzaiguke”. Uste du oraindik bidea egiteko dagoela, eta hirian ondo sustraitu behar direla.