Sortu, iradoki, hausnartu

Natalia Salazar Orbe

Testu bat ez da erabat osatua egongo irakurleak hartu eta bere interpretazioa gehitzen dion arte. Zenbat interprete, hainbat irakurketa. Kontakizun bera irakurrita hartzaile anitzek horren inguruan osatzen dituzten denetariko irudiek ematen diote zentzua obrari; norbere ekarpenek osatzen dute. Alderantziz ere gertatzen da, ordea: artelan batean ikusitakoa hitzez jantzita irudikatzeko, narratiba desberdinak osatzen ditu norbanakoak. Dikotomia horri jarraituta antolatu dute aurtengo Gutun Zuria.

Hizkuntza berriak sortu eta hedatzeko asmoa duen literatura jaialdiak zabalkundea du ardatz aurten. Artearen eta literaturaren munduak lotu eta uztartuko ditu. Horien artean zubiak eraiki nahi ditu. Narratibaz harago ere egin nahi du, ikus-entzule gehiago erakartzeko asmoz. Jarduerak hartzeko espazio gehiagotara zabaldu da, eta goizetan eta gauetan ere ekitaldiak programatu ditu.

Asteartean hasita larunbatera bitartean egingo dute jaialdia, eta dozena bat jarduera baino gehiago antolatu dituzte Azkuna zentroan. Inoiz ez erreala / Beti egiazkoa zentroan bertan ikusgai dagoen erakusketaren inguruan egingo dituzte denak. Artea genero literario modura eta literatura erakusketa-proiektu gisa ulertzen duten hamahiru artistaren lanak lotzen ditu irailaren 22ra arte bisita daitekeen erakusketak. Alazne Martin Azkuna zentroko Mediatekako arduradunak azaldu du zergatia: “Erakusketa hau izanik, diziplina artistikoen transbertsaltasun balioa emateko abagune aproposa zela pentsatu genuen. Bi mundu horiek lotzen baititu: artelan bat ikusten duzunean, istorio bat irudikatzen ari zara, obra horren linea narratibo bat imajinatzen duzu. Alderantziz ere gerta daiteke, baina: gutako bakoitzak literatura lan bat irakurtzean irudi batzuk egiten ditu buruan, eta baliteke ondoan dugunak irudikatutakoen antzik ez izatea”.

Hori guzti hori bilduko du Gaur gauean suak nire liburutegia erreko balu. Artea kontatzeko artea izenburupean antolatutako Gutun Zuriak. Literatura eta arte-lanak uztartzen ditu horrek ere. Martinek azaldu du: “Lehenengoa Aldous Huxleyren esaldia da. Liburutegi bat erretzeak zentzurik ez duela azaltzen du. Izan ere, posible duzu bertan erre duten liburuetako bat aurkitu eta irakurtzea”. Bigarren atala Jose Lezama Lima olerkigilearen esaldi bat da: “Narratiba bisualari egiten dio aipamen. Irudia eta hitza batze edo uztartze horri. Berez daude lotuta biak”.

Hitzekin jostatu. Ezkutuan, atzean, gordetzen duten hori azaleratu. Eta irudiek azaleratutakoa hitz bihurtu. Hausnartu. Landu. Harilkatu. Lan horretan jardungo dira diziplina horietan jantziak eta trebatuak diren hainbat aditu. Hemengoak, asko. Atzerrikoak ere, beste hainbat. Edonori zabaldutako jarduerak eskainiko dituzte batzuek. Beste saio batzuk bateko eta besteko profesionalentzakoak dira, bereziki. Baina ateak zabalik dituzte parte hartu nahi dutenentzat. Jardueraren arabera, bi euro eta hamabost euro artean ordaindu beharko da parte hartzeko. Prezio merkeagoa ezarri dute Azkuna zentroko txartela dutenentzat.

ZUBIAK

Asteartean inauguratuko dute jaialdia. Gauean egingo dute ekitaldi nagusia. Testuinguruan kokatzen lagunduko du, hasteko, Lars Lindegaard Gregersenek aurkeztuko duen Sisyphus Ascending ikuskizunak. “Zirku, performance eta liburuen arteko alegoria bat da”. Jaialdiaren asmoen berri emango dute gero. Eta bukatzeko, Maialen Lujanbiok hitzaldia emango du. “Beste arte diziplina batzuekin hainbat zubi zabaldu dituen bertsolaria da. Diziplina anitzen arteko konexio hori azaltzeko eredu zoragarria izan daitekeela pentsatu dugu”. Izan ere, besteak beste, musika, arte biziak, arte bisualak eta fikzioa uztartu ditu. Lujanbiok zalantzan jarriko du bertsolaritza arte bakartu denik. Inguruko arteekin duen harremanaz hausnartuko du hitzaldian. Zenbat du poesiaz? Zeintzuk dira haien arteko desberdintasunak? Nola gauzatzen dira diziplina artistikoen arteko hierarkiak? Horiei erantzuten saiatuko da bertsolaria.

HITZAK SUNTSITU

Veronica Gerber Bicecci idazle eta artista mexikarrak bi tailer emango ditu astearte eta asteazken goizetan. “Hitzak suntsitzea ederra dela azalduko du, idazketa, irudimena eta marrazketatik abiatuta. Tailerra gauzatuko duen artistak idazten duen artista bisualtzat du bere burua”. Literatura futuristaren manifestuak eta George Orwellen Hizketa berriaren printzipioak lanak ardatz hartuta, hitzarekin eta irudiarekin jolastuko da. Beste mota bateko istorioak osatzeko gaur egun falta diren hitzen zirriborroa egiten ahaleginduko da tailerretan. Hala, beste idazkera bat erabilita, etorkizunean izango diren era askotako krisialdiez gogoeta egin eta haiei aurre egiteko saialdia egingo du.

FIKZIO FOTOGRAFIKOA

Aurten, mahai inguruen aldeko apustua egin dute, nabarmen, Gutun Zurian. Asteazken arratsaldean, Cristina de Middel, Joan Fontcuberta eta Agustin Fernandez Mallo elkartuko dituzte mahai beraren inguruan. De Middel argazki-kazetaria da. Haren serieak “ikusmenaren eleberri” gisa deskribatu dituzte. Fontcuberta, berriz, argazkilarien artean literatura gehien erabiltzen duena dela esaten da. Testuaren eta irudiaren arteko uztartze naturala erakusten du haren idazkerak. Mallo idazleak, berriz, oso prosa egituratua du: “Erreferentzia metaforiko mordoa egiten du, eta zientzia eta poesia uztartzen ditu, besteak beste”.

ELKARRIZKETA

Harkaitz Cano eta Xabier Gantzarain izango ditu protagonista, apirilaren 4ak. Bien arteko elkarrizketa antolatu dute. Canok ibilbide oparoa egin du idazle gisa, eta arte garaikideak leku nabarmena izan du haren obran. Hala ere, gutxi aztertu da. Gantzarain, berriz, literaturaren eta artearen arteko mugetan mugitu da beti. “Aztertuko dute arte garaikidea nola agertzen den Harkaitz Canoren lanetan eta nola islatzen den arte garaikidea portadetan”.

ARTEA KONTATZEKO ARTEA

Carlos Fonseca idazlea, Juan Vico poeta, eleberrigile eta editorea eta Valerie Mrejen idazle eta artista elkartuko ditu Julian Rodriguezek mahai inguruan, datorren ostegunean. Irudien eta letren arteko lotura aztertzeko beste aukera bat eskainiko dute. “Mrejenen eleberriei buruz esaten da super 8ko film bat ikustea bezalakoak direla. Carlos Fonseca costarricarra literatura hispanoamerikar garaikidearen izen handienetakoa da. Vicori dagokionez, kritikariek El animal más triste bere eleberriari buruz esaten dute zinea gogorarazten duen narratiba duela; sormenari eta sormen krisiari buruz hausnarketa sakona egiten duela”.

ARTE GARAIKIDEA TESTUETAN

Eric Ditxarri, Beatriz Txibite eta Danele Sarriugarte elkartuko ditu Beñat Sarasolak mahai inguruan, apirilaren 5ean. Hiru idazle horien obretan zein praktiketan arte garaikideak garrantzi nabarmena du. Baina bakoitzak leku desberdinetik begiratzen dio arteari. “Ditxarrik sormena eta ikerketa nahastu ohi ditu bere lanetan. Txibiteri ekialdeko kulturen eragina nabari zaio, eta eragin horri buruzko hausnarketa egingo du”. Sarriugartek artearen munduan kokatu du arreta Azala erre bere azken nobelan. Hain zuzen, arte munduko botere harremanak, arrakastaren eta porrotaren arteko erlazioa eta irudi publikoa aztertu ditu, besteak beste. Mahai inguruak aukera emango du ezagutzeko zenbait euskal idazle zer nola gerturatzen diren artearen mundura.

IRUDIA ETA HITZA

Bernardo Atxaga idazlea eta Oskar Alegria kazetaria elkartuko ditu jaialdiak, datorren asteko ostiralean. Irudiaren eta hitzaren arteko lotura izango dute hizpide biek. Ikusmin handia sortu du Atxagaren presentziak.

MUSIKARENTZAKO HITZAK

Egun horretan bertan Christina Rosenvinge abeslari, musikagile eta idazle madrildarrak idatzi berri dituen memoria musikalak izango ditu hizpide: Debut. Diarios y canciones. Atrioko igerilekuaren azpian egingo du hitzaldia. “Abestien letrak idazteko barneko mekanismoak zer-nola sortzen diren azalduko du”.

BESTELAKO IKUSPEGIA

Antolatzaileek argi zuten aurten herritar guztientzako jaialdia egin nahi zutela. Ez dute inor kanpoan utzi nahi izan. Horren adierazgarri, hilaren 4an eta 5ean sorkuntza artistikoko tailerrak prestatu dituzte FormArte kooperatibarekin batera. Arauz kanpoko funtzionaltasuna duten pertsonentzat dira. Horietan, artelan bat sortzeko aukera izango dute, denetariko teknikak erabilita. Sormen lan horiek datorren asteko larunbatean ikusi ahalko dira, Mediatekan.

BUKATZEKO, MUSIKA

Apirilaren 6an bukatuko da jaialdia. Enrique Vila-Matas eta Alicia Kopf aurrez aurre jarriko ditu Iñaki Esteban Gutun Zuriko aholkulariak. “Biak ala biak erreferente dira hitzaren eta irudiaren arteko lotura bilatzeko ideia horretan”.

Haien ostean, Rafael Lechowiskik kontzertua emango du. Poesia, rappa, jazza eta slama nola uztartzen dituen erakutsiko die gerturatzen direnei. “Jai giroa emango du kontzertuak; azken batean, Gutun Zuria jaialdi bat da”.

Lanketa, hausnarketa eta diziplina berriei ez ezik, ahots berriei ere lekua egin die jaialdiak aurten. Parte hartuko duten idazle, pentsalari, poeta zein artista bisual gehienak gazteak dira. “Nabarmentzekoa da orain arte Gutun Zurian presentzia handia izan ez duten belaunaldi berriei egin zaien lekua. Entzuten ari diren ahots berri horiei lekua egin diegu”. Horiez guztiez gain, hainbat topaketa antolatu dituzte argitaletxe independenteekin eta euskal idazleen elkartearekin. “Aurtengoa desberdina izango da. Zabalkuntza hori nabarituko da”.