Itsasontziak, eta beste ontzi batzuk

Igor Elordui Etxebarria

Joan zen, azkenean, Getxotik Juan Carlos I hegazkin-ontzia; 400 miloi euro kostatu zuena, hara eta hona dabilen 1.500 soldatapeko eskifaiaduna eta 2014ko Espainiako Vuelta bertan hasi izana, beste historiarik ez daukana. Bospasei orduko ilarak barrutik ikusteko, eta 10.000 bisitari inguru. Pena ez zela 10.000 horiekin itsasoratu. Ez txarto pentsatu, Espainiako Armadak eta ontzia barrutik ikusi gura zuten horiek elkarri atsegin handiagoa eta tarte luzeagoz eman ziezaioten baino ez diot. Komeni da erlatibizatzea, edozelan ere: Getxon, non oraindik Areetako nasako pasealekuan neskameak ikusi ahal diren viktoriar erara jantzita, kofia eta guzti (eta ni hangoa naiz, badakit zeri buruz ari naizen), PPk 11.152 boto jaso zituen 2016ko hauteskunde orokorretan (botoen %24,56). Et voilà. Bota, esate baterako, horien erdiak joango zirela, asko seme-alabekin, eta kopurura erraz heltzen da. Ez da, beraz, hain asaldagarria; bai, ordea, erresumingarria.

Erruz ikusi dugu baita ere, telebista eta abarretan, Viking Sky bidaia-ontziaren erreskatea Norvegian. Ostera, gero eta gehiago kostako da Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzen ikustea. Jakin dugu salbamendu-lanak egiteko propio prestatutako Aita Mari arrantza-ontzia abiatu dela, azkenean, Mediterraneora (hilabeteak eman ditu geldi, zain, Espainiako Gobernuak blokeatuta). Baina, eta kasualitatea denik ere ezin esan daiteke, Aita Mari itsasoratu den egun berean Italiako Gobernuak ukatu egin dio porturatzea 50 migratzaile daramatzan Mediterranea Saving Humans elkarteko Mare Jonio ontziari. Eta, debeku eta traba horien guztien ondorioz, gaur da eguna apenas dagoela itsasontzirik Mediterraneoan; ez erreskatean laguntzeko, ez, gutxienik, Mediterraneoan gertatzen ari dena kontatzeko.

Zorionez, aldartea hobetu didan irudi bat ere ikusi dut: Nire bi ikasle argazki batean, beste hamarnaka lagunekin batera. Zacarias eta Jatta dira; marokoarra bata, gambiarra bestea. Errefuxiatuak eta euskara ikasleak. Jator askoak biak. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren izenean joan ziren Albaola Itsas Kultur Faktoriara beste 30 gizarte-eragiletako ordezkariekin batera, AEK-k eta Korrikak sustatuta, eta 21. Korrikaren ingurumarian, euskararen normalizazioa azkartzeko konpromisoak hartzeko ekitaldira. Eta hantxe ageri dira, aspaldiko balea-ontziaren hondarren azpian, dotore-dotore. Aro berriari, klika paperontzian amaitu behar ez duen dokumentua da, benetako normalizazioa erdiestera, neurri politikoak, sozialak eta norbanakoon esparrua gaindituko dutenak hartzera dei egiten duena.

Bide batez, ba al daki inork zer gertatu den Grande America petrolio-ontzia hondoratu eta gero itsasoan geratu diren 2.200 tona fuel, 2.000 ibilgailu eta 365 edukiontziekin? Gure kosta mehatxatzen zuen fuel-orbanarekin?