Ertzetako antzerkien topagune

Ertzetako antzerkien topagune

Aitziber Laskibar Lizarribar

Euskarazko antzerkigileek topagune berri bat dute; antzerkia ogibide izan gabe egiten dutenen sare berri bat sortzen ari dira. Teatroa egiteko modu desberdinei begiratu, eta hasiberrientzat ere leku izan nahi du dinamika berriak. Ertzak da: erdigunetik kanpo dauden modu eta molde guztiak hartzeko zabalik dagoen egitasmoa; Ibilaldiaren babespean Lekeition jaio, eta Euskal Herriko plataforma egonkor izateko asmoa duena. Asteburuan egingo du hasierako jauzia, topaketa batzuen bidez. Lehen pausoa izango da topaketa; elkar ezagutzeko eta elkarrekin harremanetan jartzeko gunea. Gaur hasi eta igandera bitartean, antzerki emanaldiak, tailerrak eta mahai inguru bat egingo dituzte Lekeition.

Xabier Arrate da Ertzak dinamikaren sustatzaileetako bat, eta berak azaldu du sorreraren zergatia: “Antzerkizale garenok, antzerki talde amateur batean parte hartzen dugulako edo ez garelako horretara dedikatzen, askotan, gure lana partekatzeko gune baten falta sumatzen genuen”. Behar hori “detektatu” zutela dio. Antzera dabiltzan taldeak ezagutu eta harremanetan jartzeko beharra zutela askok, eta zirkuituak partekatzearen falta ere sumatzen zutela. Zenbaitetan lanak elkarrekin egitea ere nahiko luketela, baina elkarren berri izateko plataformarik gabe pentsaezina zitzaiela halako zerbait egitea.

Sentipen orokortua zela ikusi, eta martxan jarri ziren. “Gu denak batu, harremanetan jarri, eta zer egiten dugun ikusarazteko espazio bat sortzea pentsatu genuen”. Antzerkiaren “mila aurpegiak”, ertz guztiak, batzeko lekua sortu nahi dute; espazio ahalik eta zabalena, malguena, “ateak zabalduko dizkiona hasiera-hasieran dagoen horri ere”. Horrela hasi da lantzen Ertzak; betiere, euskarazko antzerkia oinarri duela.

Ibilaldiaren aterkipean

Lekeition hasi zen mugimendua astintzen, aurten Ibilaldia izango den kostaldeko herri berean. Eta aldeko haizea izan dute hori euskarazko antzerkilariek. Ibilaldia urte osoan egiten ari den kultur eskaintzaren olatuarekin bat egin, eta aurrera elkarrekin egitea erabaki dute. “Hezkuntza proposamenetik askoz harago doazen kultur egitasmoak bultzatzen ditu Ibilaldiak, eta Ertzak herrian sortutako dinamika izanik, interesgarria iruditu zitzaien”, azaldu du Arratek.

Gainera, sortzen ari dena Ibilaldiak utzitako “legatua” izango dela iruditzen zaio: “Herrian sortua, baina Lekeitiotik eta 2019tik harago iritsi nahi duena”. Hain zuzen, Euskal Herri osora zabaltzea eta denboran irautea da egitasmoaren nahia. “Ikastolak utzitako ondare bat izan daiteke”. Hargatik sortu da aurten Ertzak, “ekuazio horren barruan”.

Eta abiapuntu nagusia asteburu honetarako prestatu duten topaketa izango da. Gaur hasi eta igandera arte, Euskal Herriko antzerkilarien “lagin bat” batuko da Lekeition, eta sarea josten hastea da asmoa: “Harremanetan jarri, kontaktuak elkarbanatu, guzti hori ordenatu, eta plataforma batean guztia batzen saiatzea”.

Aurrera begira, egunotako abiapuntua dinamika egonkor bihurtzea dute helburu. Ibilbideak erakutsiko du zer forma hartuko duen, baina ibili ibiltzeko asmoa argi dute: “Hasi dugu bidea, eta ikusiko dugu noraino iristen garen”.