Dionisio Aretxabalaren sendiak Getxon hobiratu ditu haren gorpuzkiak

Dionisio Aretxabalaren sendiak Getxon hobiratu ditu haren gorpuzkiak

N. S. O.

Dionisio Aretxabalaren gorpuzkiek atsedena hartu dute, azkenik, jaioterrian. Getxoko hilerrian ehortzi zituzten haren senideek joan den asteburuan. Gerrak errotik moztutako bizitzetako bat izan zen itsasgizon harena. Kargaontzi batean lanean ari zela, Cadizko (Andaluzia, Espainia) portura iritsi zen, 1939an. Han zegoela, atxilotu egin zuten. Espetxean sartu eta handik hilabete batzuetara jakin zuen berria familiak: hilda zegoen. Bertsio ofizialaren arabera, bere buruaz beste egin zuen, urkatuta. Familiak ez zuen sinetsi bertsio hura, baina ezin izango dute jakin benetan zer gertatu zitzaion.

Jakin ere ez dakite zergatik atxilotu zuten. Anton Azkargorta Aretxabala ilobak azaldu du: “Ez zen alderdi politiko edo sindikaturen bateko kidea. Agian frankista ez izatea izan zen haren delitua, edo, beharbada, borrokaren bat izango zuen portuko itsasgizonekin”. Espedientean ere ez dute jaso zergatik atxilotu zuten.

Aretxabalaren gutunak jaso zituzten haren emazteak eta alabek, baina ez zien azaldu zer gertatu zitzaion: “Eguneroko gauzei buruz hitz egiten zien. Ez zuen zehazten zergatik atxilotu zuten edota sufritzen ari ote zen. Baina kontuan hartu behar da garai hartan zentsura ere bazegoela”.

Dionisio Aretxabalak izan zituen hiru alabetatik bakarra dago bizirik; gazteena. 10 urte zituen aita azkenekoz ikusi zuenean. Isabel Aretxabalak 91 urte ditu orain, eta aita herrian ehorzteko prozesuaren lekuko izan da.

Haren bi semeek egin zuten Cadizerako bidaia aitonaren gorpuzkiak ekartzeko. Jose Maria Gonzalez alkatearen eskutik jaso zituzten.

Aretxabalaren gorpuak hamarkadak egin zituen Cadizko hilerrian. Andaluziako Juntako Memoria Historikoko zuzendaritza nagusiak koordinatuta, Granadako unibertsitateak errepresaliatuen DNA banku bat sortu zuen. Analisi horiei esker jakin zuten hilerrian aurkitutako gorpuzkietako batzuk Dionisio Aretxabalarenak zirela.

2016an hasi zen argia ikusten haren familia. 43 urterekin hilda, alargun eta aitarik gabe geratu ziren emaztearen eta alaben sufrikarioak ezin ditu desagerrarazi aurkikuntzak, baina zauria ixten laguntzeko pauso bat da. 2016. urtean onartu zuten hilerrian hobiratuta zeuden gorpuzkiak aurkitzeko prozesua. Aretxabalarenarekin batera beste hamasei errepresaliatu zeuden ehortzita.

Uste baino denbora gehiago behar izan zuten gorpuzki horiek aurkitzeko. 2017ko apirilean topatu zituzten azkenean. DNA probak positibo eman zuen, eta Dionisio etxera ekartzeko bidea hasi zuten.

“Guk lortu dugu, baina gure egoeran egon diren ehunka familia daude oraindik”, adierazi du Azkargortak. Frankismoaren errepresaliatuak bilatzeko esfortzuak bertan behera ez uzteko eskatu du: “Gizarte demokratiko bat justizian oinarritu behar da, ez bidegabekeriak ezkutatzen”.