Aireratu baino ez da egin

Aireratu baino ez da egin

Peru Azpillaga Diez

Izenez beteta daude led pantailak. Sabaitik zintzilik, Europako hiriak agertzen dira zerrendatuta, bata bestearen atzetik: horiz, dena ondo badoa; gorriz, atzerapenik egonez gero. Haien inguruan jendea pilatzen ari da, tantaka. Maleta eskuan, hegaldiaren egoera ikusi eta zer ate egokitu zaien argitu nahian dabiltza denak. Begiak gora eta behera, dagokien helmugaren atzetik, ea behar den orduan irteten den…

Urduritasuna nabari da, baita emozioa eta irrika ere, baina, batez ere, pazientzia da nagusi. Batzuentzat, lehenengo aldia izan liteke; beste askorentzat, ordea, eguneroko matraka. Dena dela, Bilboko aireportuan gero eta ohikoagoak dira maleten ilarak eta etenik gabeko joan-etorriak. Eta ez da kasualitatea. Izan ere, aurtengo udan inoiz baino hegaldi gehiago izango dira, eta Loiuko aireportuak inoiz baino biziago egingo du bor-bor.

Ireki zutenetik, Bilboko aireportuaren eskaintzak gora egin du nabarmen. Urtez urte, gero eta mugimendu handiagoa izan du, eta gero eta bidaiari eta hegaldi gehiago daude. 2010ean krisia zela-eta joera “lausotu” zen arren, azken bi urteetan izugarri igo da bidaiari kopurua: 2016arekin alderatuta, 2018an milioi bat bidaiari gehiago izan dira. 1990ean ireki zen aireportua, eta, egun, orduan halako bost dira bidaiariak.

“2014az geroztik, aireportua etengabe hazten ari da”, zehaztu du Ignacio Casasek, Bilbao Air Bilboko Aireportuko Sustapen Elkarteko zuzendariak. “2018an, errekor guztiak hautsi genituen: bost milioiko langa igaro, eta bost milioi eta erdi bidaiari izan genituen. Joan den urtearekin alderatuta, %10ekoa izan zen hazkundea”, erantsi du.

Azaldu du 2019ko lehenengo hilabeteetan joera mantendu egin dela; beraz, aldaketak egon daitezkeen arren, aurten ere joan den urteko zifrak gainditzea espero du; are gehiago, kontuan izanda aurtengo udan inoiz baino hegaldi gehiago izango direla.

Igandean abiatuko da udako kanpaina, ordu aldaketarekin batera, eta urriaren amaierara arte iraungo du. Epe horretan, Bilboko aireportuak 51 lotura ere izango ditu —iaz baino bi gehiago—, eta lotura horietatik sei berriak izango dira: Londres Southend (Ingalaterra), Florentzia eta Napoli (Italia), Coruña (Galizia), Naoned (Bretainia) eta Porto (Portugal). Horrekin batera, lehendik zeuden zenbait lotura indartu egingo dira, eta hegaldien maiztasuna areagotu egingo da.

Hegaldiak kudeatuko dituzten konpainien artean, prezio apalekoak izango dira nagusi. Besteak beste, Volotea hegazkin konpainiak indartuko du gehien Bilbon egiten duen eskaintza. Hala, ibilbide berrietako hiru berak kudeatuko ditu: Coruña, Porto eta Napoli. Hala ere, ez da bakarrik egongo. Vueling hegazkin konpainia da Bilbon hegaldi gehien kudeatzen dituena hamar hegalditik lau harenak dira, eta, lehiari eusteko, horrek ere Portorekin eta Coruñarekin lotuko du Bilbo. Hortaz, loturarik gabe egon ostean, orain bi konpainien hegaldiak edukiko ditu Bilboko aireportuak. Horretaz gain, Vuelingena izango da Florentziarekin lotura egingo duen hegaldia ere.

Ostera, EasyJet hegazkin konpainiak apirilean estreinatuko du Bilbo-Naoned ibilbidea; Bizkaia eta Frantzia lotuko dituen bigarren hegaldia, Parisekoaren ondoren. Gainera, Ryanair prezio apaleko hegazkin konpainia famatua Bilboko aireportura itzuliko da sei urte igaro eta gero, Londresko Southend aireportuarekin lotzeko.

Inoiz baino helmuga gehiago izan arren, zenbait lotura ere galduko ditu Loiuko aireportuak. Hain zuzen ere, bertan behera geratu dira Londreseko Heathrow aireportura zihoan hegaldia, bai eta Bukaresteko, Tenerife Hegoaldeko eta Palmako helmugak ere.

Turismoa eta lana orekatuz

“Bilboko aireportuak berezitasun garrantzitsu bat du: asko dira negozioak direla-eta bidaiatzen dutenak”, nabarmendu du Casasek. Urtero izaten diren bidaiarien %40 inguru enpresetako langileak direla dio, eta helburu komertzialengatik bidaiatzen dutela. Gainera, adierazi du Bilboko aireportuaren eragina Bizkaiaz harago zabaltzen dela: “150 kilometro itzulinguruan”. Casasek ondorioztatu duenez, bi ezaugarri horien arteko orekari esker du aireportuak halako hazkundea. “Konpainia handiek apustu argia egin zuten Bilbo Europako haien egoitza nagusiekin konektatzeko: Iberiak, Madrilekin; Air Francek, Parisekin; British Airwaysek, Londresekin; eta Lufthansak, Munich eta Frankfurtekin. Aireportu horien bidez, munduko edozein txokotara bidaiatu daiteke”.

Casasek jakinarazi duenez, horiek dira, hain zuzen ere, bidaiari gehien erakartzen dituzten helmugak. “Sevilla, Malaga, Palma eta halako helmugek ere bidaiari asko pilatzen dituzte, baina helmuga erabat turistikoak dira”. Madrilek, Bartzelonak, Munichek eta Parisek, ordea, bi motatako bidaiariak batzen dituzte: turistak eta enpresariak. Eta, gainera, beste toki askotara joateko lotura gisa funtzionatzen dute”. Joan den urtean, esaterako, Bilbo-Madril ibilbidea egin zuten gehien: 800.000 bidaiari baino gehiago pilatu zituen.

Casasek bi urte daramatza Bilbao Air elkartean, eta aireportuaren konexioak hobetzean datza haren jarduna. Horretarako, beste hainbat erakunderekin ibiltzen da elkarlanean: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Diputazioa, Aena, Deustuko Unibertsitatea… “Konexioak hobetzeko estrategia bat diseinatzen saiatzen gara”. Hainbat gauza hartzen dituzte kontuan: “Alde batetik, turismoaren eskaera eta eskaintza dago; hots, jendeak nora bidaiatu nahi duen eta gure lurraldeak kanpora begira zer eskaintzen duen”. Bestetik, ildo enpresariala dagoela erantsi du. “Hemengo enpresek kanpoan dituzten kontaktuak aintzat hartu behar dira, baina, horrez gain, jakin behar da atzerriko zer enpresa erakarri nahi ditugun”, zehaztu du.

“Oreka” da gakoa, Casasen esanetan. “Gurea bezalako aireportu txikientzat garrantzitsua da oreka bilatzea. Informazio asko eduki beharra dago, eta hegazkin konpainiari ikusarazi hegaldi bat jartzea errentagarria izango dela”. Negoziazioek hainbat hilabete iraun dezaketela dio: “Oraintxe bertan, hurrengo urtera begira ari gara jada lanean”. Bideragarritasun planak osatzen dituzte Bilbo interesgarri bihurtzeko hegazkin konpainientzat. “Bilboko aireportuko hegaldiek ez dute diru laguntzarik jasotzen, horrek azkenean galerak izatera eramaten baitzaitu”. Horren ordez, publizitate eta marketin kanpainak egiten dituzte batera, loturak promozionatzeko.

Eguraldia eta hegaztiak

Loiuko aireportuak, ordea, zenbait arazori ere egin behar izan die aurre urte hauetan. Batetik, nahiko jakina da leku “haizetsuan” dagoela eta urtean zenbait hegaldi bertan behera geratzen direla klima arazoak direla medio. “Nik bi urte daramatzat hemen lanean, eta hegazkin konpainia batek ere ez digu trabarik jarri horregatik”, jakinarazi du Casasek.

Azken finean, ondorioztatu du haien “kontrolpetik at” dagoen gai bat dela eta aireportu guztietan izaten direla halako arazoak: “Egia da egun batzuetan arazoak daudela, baina normala da; aireportu guztiek dituzte klima arazoak. Hemen agian haizea da; beste leku batzuetan, berriz, lainoa edo elurra. Gainera, hegaldien kopuru osoari erreparatuz gero, portzentajea benetan baxua da”, nabarmendu du.

Aireportuaren egunerokotasuna astindu duen beste gai bat hegaztiekin izandako arazoak izan dira; batez ere, putreekin. Azken urteetan handitu egin da hegazti horien kopurua Loiuko aireportuko inguruneetan, eta horrek pilotuen eta bidaiarien kezka piztu du. Joan den urtean, bi hegazkinek putreren bat jo zuten, eta aurten ere bi pilotuk arazoak izan dituzte putreekin. Dena dela, oraingoz ez da istripu larririk izan, eta lasai egoteko deia egin dute aireportutik.

Izan ere, jakinarazten ez den arren, asko dira Loiu inguruan ibiltzen diren hegaztiak. Baina ez soilik Loiun; oro har, aireportu gehienetan “ohikoa” izaten da hegaztien arazoa. Hori dela eta, zenbait tresna erabiltzen dituzte hegaztiek eragin ditzaketen arazoak saihesteko. Alde batetik, Loiuko aireportuak hegaztien inguruko aditu talde bat du, zerua behatzeaz arduratzen dena; hogei belatz ere baditu, hegaztiak hegazkinen eremutik kanpo mantendu ahal izateko.

Belatzak, ordea, ez dira eraginkorrak putreen aurka. Horregatik, foro berezi bat sortu dute hegazti handien arazoa lantzeko. Hartutako neurrien artean, pilotuen eta hegazti behatzaileen arteko komunikazioa hobetu dute, eta Loiuko faunaren inguruko azterketa berri bat jarri dute martxan. Bestetik, aireportuko zuzendaritzak baztertu egin du hegaztiak detektatzeko radarrak ezartzea, haien balioa “zalantzagarria” iruditzen zaiolako, positibo faltsuen kopurua dela eta.