Haizea alde

Nerea Ibarzabal

Bulgariako poliziaren irudiak biral egin dira aste honetan, manifestazio bat dispertsatu nahian ari zirela hanka-sartze nabarmen bat egin baitzuten. Piper-hautsezko espraiak erabili zituzten manifestarien aurka, baina ez zuten kontuan hartu haizearen norabidea; piper-hauts guztia poliziei itzuli zien haizeak. Haien begi erreak, eztulak eta estutasuna… lankideak ur botilekin gerturatzen zaizkie kaltetuei, dena da onberatasun bat-batean.

Antzerako opari bat egin zien naturak Istanbulgo manifestariei duela lauzpabost urte. Ekainaren 28a zen, LGTBIQ kolektiboak kaleak hartu zituen. Turkian kolektibo honen eskubideak etengabe urratzen dituzte, eta manifestazio hartan ere polizia sartu zen. Ur-kanoi handi batzuk erabiliz uxatu nahi izan zituzten manifestariak, pentsatu gabe ekaineko eguzkiak zer egin zezakeen ur tanta haiekin. Eurek hala nahi barik beno, nork daki ostadar erraldoi bat osatu zuten poliziek Taksim Plazaren erdian, kolektiboaren bandera hegalari bat zirudiena.

Batzuek diote ez zela horrelakorik gertatu eta Istanbulgo argazkiak Photoshopez editatu zituztela, baina tira, egia ere izan daiteke. Horrelako gauza zoragarri bat sinetsi beharra daukat, nik behintzat, apur bat zoriontsuago izateko.

Imajina dezaket Bulgariako zein Istanbulgo manifestarien une hartako poza. Umiliazio zoragarri bat, karmaren erantzun meteorologiko perfektua, poesia politikoa, ematen dena jasotzearen boomerang itxurako metafora, pelikuletako gaiztoak estropezu egiten duenean sentitzen den esperantza izpi hori, egitura serio eta ilun baten erorketa komikoa, bizidunon artera itzultze bat.

Poza da, gutxitan gertatzen delako haizea euren kontra egotearena. Botereak beti du haizea alde, eta botere hori defendatzen duten poliziek ere bai, noski. Atxilotuak herriaren aldean daudelako beti, babesteko lubakirik gabe, eguzkirik gabe. Erretako begiak beti daude gure aldean.

Lurrera erortzen diren poliziek beti daukate norbait erruduntzat jotzeko, lur labainkorra izan arren erorketaren eragile. Eskubideren bat urratzen ari den bitartean grabatu duten poliziak ere badaki nola eman buelta egoerari: grabatu duen kazetaria salatuko du. Gomazko pilota batekin herritar bat hil duenak ere agian ez du lasai lo egingo, baina bere izen-abizenek salbu jarraituko dute. Tabernako liskarrak terrorismo bihurtzen dira beraiek tartean badira. Sistemaren meteorologia beraiek kontrolatzen dute, eta gutxitan bustiko ditu euriak.

Eta zer egingo dugu manifestariok bien bitartean, kaleak hartzen ditugunero hor baldin badaude boterearen babesleak, hainbeste eskatzen ditugun errotiko aldaketak neutralizatzeko prest? Hormak garbi mantentzeaz gehiago arduratzen direnak herritarren eskubideez baino?

Ba ahal duguna egiten dugu, eta berriro irteten gara kalera. Eta aldaketa sakonagoen faltan, ba bai, kontrako noranzkoan datorren haize ufada bat txalotzera iristen gara. Zer den justiziara ohituta ez egotea…