“Espazio txiki hauek egiten gaituzte handi”

“Espazio txiki hauek egiten gaituzte handi”

N. S. O.

Hamar urte egin ditu Tooth talde gernikarrak agertokietan. Underground mugimenduan kokatuta, ez du aukera handirik taberna eta gaztetxeetatik harago bere musika zabaltzeko. Hala azaldu du bertako bateria jotzaile Pello Arzanegik (Gernika-Lumo, 1992).

Zeintzuk aretotan eman duzue ezagutzera taldea?

Hamar urteko ibilbidean asko izan dira. Hego Euskal Herrian eta handik kanpo aritu gara. Bizkaiko batzuk aipatzearren, Bermeoko Nuntxakun, Gernikako Trinkete antitxokoan, Gorlizko Xurrut tabernan, Portugaleteko Groove aretoan, Sopelako Plaza Beltzan, hainbat gaztetxetan eta Bilbon, Izarbeltz ateneoan, antzokian, Satelite T-n eta Shake-n, besteak beste.

Garrantzitsuak dira era horretako tabernak sortzaileentzat?

Jotzeko aukera ematen duten taberna guztiak dira garrantzitsuak. Azken finean, gu mugitzen garen mundu hau ez litzateke posible izango espazio horiek gabe. Ez dugu ahaztu behar gaur egun agertoki handiak eta areto handiak betetzen dituzten taldeek ere hor hasi zutela beren ibilbidea. Espazio txiki horiek egiten gaituzte handi, eta gu, behintzat, hasi ginen toki horietan geratzekoak gara. Luzerako.

Zer ondorio izango du Jaurlaritzak onartu duen dekretuak?

Kontzertu kopurua mugatzen bada, argi dago ez dela lekurik egongo sortzaile guztientzat. Hala ere, honekin ez dut uste gure sortzeko grina eta entzuleen zaletasuna zapalduko dutenik. Mundu honetan mugitzen garenok modu batera edo bestera aurrera egitea lortzen dugu, eta honekin ez dute kontrakorik lortuko.

Hasi berriengan izango du eraginik handiena?

Aukerak mugatuta egongo badira, hasi berriengan izango du eraginik handiena. Zailena lehen aukera hori lortzea izaten baita. Aretoek emanaldiak mugatuta edukirik, taldeen aukeraketa zorrotzagoa egin beharko dute.

Erraza da kontzertuak lortzea?

Hamar urte taula gainean ibili ondoren, hainbat jende eta toki ezagutu dugu. Hortaz, gaur egun errazagoa da kontzertu bat lotzea. Bestalde, hasieretan zaila dela ere badakit. Hasieran, gehienbat lagunen kontaktuetatik tiratuz lortzen genituen kontzertuak.

Biharko mobilizazioetan parte hartuko duzue?

Mobilizazioetan parte hartzeko asmoa badaukat, bai. Gernikako Iparragirre Rock elkartean horren inguruan zerbait prestatzen ari gara, eta espero dut egitasmoa aurrera ateratzea. Bestalde, egun horretan bertan ere kontzertua daukagu, eta aukera ezin hobea iruditzen zait honen aurka protesta egiteko eta egiten dugun honetan inoiz baino gehiago sinisteko.