Anonimoak inspirazio iturri

Anonimoak inspirazio iturri

Eider Mugartegi

Historia ofizialak albo batera utzi du, sarri, eragin handiko emakumeen lana. Frida Kahlo, Dolores Ibarruri edota Eulalia de Abaitua ezagunagoak badira ere, beste askok ez dute behar bezalako aintzatespena eduki, eta anonimoak bihurtu dira haien lanak. Historiak ahanzturan eduki dituen emakume horiek eta izen-abizen ospetsuak dituzten beste batzuk berdintasuna ardatz duen Anónima arte erakusketaren inspirazio iturri bihurtu dira orain. Aniztasun funtzional psikiko edo intelektuala duten Bilbao Formarteko hogei artistak berdintasunaren eta genero indarkeriaren inguruan egin duten gogoeta irudikatu dute, hemeretzi artelanenen bidez, emakume anonimo horien gaitasunetatik abiatuta.

Bilbon dagoen Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa aretoan inauguratu ondoren, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean egin du geldialdia erakusketak. Beste hainbat tokitan ere ezagutzera emateko gogoa badaukate sortzaileek. Izan ere, diotenez, jendeak asko dauka ikasteko genero berdintasunaren inguruan.

Anónima-ko artistek museoetara eta erreferentziazko kultur eta historia guneetara egindako bisitetan lortu dute inspirazioa. Bisitetatik mamia atera eta proiektuak sortuz joan ziren, eta, gero, artista bakoitzak bere ikuspegitik landu ditu obrak.

Bisitak

Marienea Basauriko emakumeen etxean Elisa Ortega Montillaren Kontatu Gabeko Historia erakusketa ezagutu zuten. Erakusketa horrek gorazarre egiten die aktibismoaren bitartez berdintasun handiagoko mundu bat eraikitzen aritu diren emakumeei. Obra horretatik abiatuta egin du Leire Zelaiak FEM lana. Daniel Estevesek, berriz, Amelia Earhart Atlantikoa hegazkinez zeharkatu zuen lehen emakumea omentzea erabaki zuen, hari eskainitako obra bat eginez. Dolores Ibarruri ere inspirazio iturri izan da Estibaliz Ortiz de Laisekarentzat; politikari moduan barik, emakume moduan irudikatu nahi izan du, ama, irakasle eta erredaktore gisa.

Ikusgai dauden lanen artean, zenbait obra interaktibo ere badaude. Oihana Iraolagoitiak Elvira Zipitria Gipuzkoako lehen ikastola sortu zuen emakumea ikusi zuen Marianean, eta haren bizitzan sakontzen hasita konturatu zen ez dela izan ahanzturan geratu den emakume ohoretsu bakarra. Emakume horietako batzuk ezagutarazteko asmoz, mugikor bat osatu du zientzian nahiz artean esanguratsuak izan diren emakumeen argazkiekin, eta publikoa gonbidatzen du irudi bakoitzean agertzen den emakumea nor den asmatzera.

Sergio Fernandezi deigarria iruditu zitzaion Frida Kahlok artista plastiko moduan lortutako arrakasta. Ordainsari handiena jaso duen munduko margolaria izan zen Kahlo, eta gaur egunera begira jarrita emakume artistak zelako egoeran dauden hausnartu zuen. Emakume artistak gutxiago baloratuta eta gutxiago ordainduta daude egun, eta, beraz, Frida Kahloren modukoak izan nahi duten guztien aitortza artistikoa aldarrikatu nahi izan du Fernandezek. Kahlo erdigunean jarri, eta haren diadema batekin eta marko baten laguntzarekin, pieza bat muntatu du. EHUko Arte Ederretako ikasleak eta Formartekoak gonbidatu zituen Nik ere Frida izan nahi dut panelean parte hartzera; ikasleek inguratzen dute Frida Kahloren irudia, eta erakusketa ikustera doan publikoa ere argazkia atera eta eskegitzera gonbidatzen du.

Pieza interaktiboa da Claudia Aginaga eta Marisa Gonzalezen Planto ere. 2018ko martxoaren 8ko plantoan oinarrituta dago lana. Geldialdiak proposatu zirenean, biek manifestaziora joateko desira erakutsi zuten. Hausnarketa egiteko bidea eman zien esperientzia horrek, eta hiru saretaz osatutako instalazio bat egin dute. Lehenengoan, besoko beltzak daude, 2018an eraildako emakumeen izenekin; bigarrenean, besoko moreak daude, emakumeentzat beharrezkotzat direla uste duten erreibindikazioekin; eta, hirugarrenean, besoko zuriak, bakoitzak genero berdintasuna lortzeko ideiak idatzi ditzan.

Sormen propioa

Araba Sarea ere bisitatu zuten, Gasteizen, frankismoaren kontrako erresistentzian jardun zuen espioi sareko emakumeen bizipenak ezagutzeko. Igor Plazak eta Gorka Perezek sare horren berri eman dute, bakoitzak bere eran. Perezek espioitza sarea bultzatu zuten emakumeek egindako lana jaso du mihisean. Plazak, berriz, hiru irudi sartu ditu egurrezko kutxa batean. Bisita horretatik atera zen, era berean, Gorka Gezuragaren Ama. Presoen eta haien senideen ongizateaz arduratzen ziren emakume haien lanak gogora ekarri dio bere amak bera zaintzeko egindakoa; horrela, ama eta bera ageri diren umetako argazki baten interpretazioa egin du.

Artisten sormen propiotik ateratako lanak ere badaude erakusketan. Migel Corderok emakumeen indarra erakutsi nahi izan du Arrosa baten garrasia lanarekin; Txomin Benediktok eskuak jarri ditu lehen planoan Emakumeen aurkako indarkeriarik ez deitu duen lanean; Irene Santosen Ez beti da ez akrilikoak ere indar handia dauka, eta Alex Ortegaren Emakume esentzia genero berdintasunaren inguruko kartel baten interpretazio koloretsu bat da. Uxue Azaolak, bestalde, diptiko bi erabili ditu genero berdintasunaren inguruan zuzena eta okerra dena azaltzeko. Lucia Vicenteren Isiltasuna pieza oso grafikoa da, eta mezu garbia dauka: emakumeen kontrako biolentziari ez. Bestalde, Imanol Yebenesen piezak Eulalia de Abaitua argazkilaria du oinarri: haren argazki bat hartu, eta mihisean jaso du.

Emakumeek euskal mitologian zeukaten garrantziaz sakontzeko, Artziniegako Santxotena museora joan ziren artistak. Teresa Lafraguaren lanak liluratu zuten Arantza Campino, eta, Lafragua erreferente hartuta, autorretratua eraiki du. Miren Santiagoren pieza, ostera, Bermeon errotuta dago. Kartoizko Xixili handi bat egin du, eta olatuz betetako itsaso batean jarri. Xixili Uhagon kulturguneko kafetegian dago; beste obra guztiak, berriz, lehen solairuko erakusketa aretoan daude, apirilaren 7ra arte.