Agertoki txikiak hutsarazita

Agertoki txikiak hutsarazita

Natalia Salazar Orbe

Dozena bat ikuskizun urte osoan. Eta gehienez, hilean bi. Horixe, horretarako lizentziarik ez daukaten lokalei kultur jarduerak eskaintzeko ezarritako muga. Eusko Jaurlaritzak joan den hilean iragarri zuen ikuskizunak eta jolas jarduerak arautuko dituen dekretu berria. Eta apirilean sartuko da indarrean. Kontrako iritzi ugari sortu ditu, ordea. Kultur sortzaile batzuek Arteak Ireki plataforma sortu dute, eta erabakiak kulturari egingo dion kaltea plazaratu dute. Bihar bertan, hainbat mobilizazio egingo dituzte hiri eta herrietan. Eusko Legebiltzarrak ere hamabi ikuskizunen muga baliogabetzeko zuzenketa onartu du, EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PPren babesarekin. Gasteizko Udalak azkenean iragarri du ez duela aplikatuko. Eztabaida mahai gainean dago.

Kulturaren aurkako erasotzat jo du erabakia Arteak Ireki plataformak. Haien ustez, arazo bat sortu du halakorik ez zegoen lekuan. Ozen eta irmo azaldu dute ez daudela prest ikuskizunetarako mugarik onartzeko. Haien ustez, nahikoa araudi dago jarduteko, zarataren, ikusle kopuruaren edo ordutegiaren inguruko urraketarik gertatuz gero.

Bilboko edozein auzotan eta Bizkaiko herri guztietan daude kulturari ateak zabaltzen dizkieten halako agertokiak. Bertso saioak, bakarlari baten kontzertua, soinu jotzaileren baten erakustaldia zein performance bat eurenean hartu, eta kultura edozein bezeroren esku jartzen dute. Udalei dagokie bermatzea araua betetzen dela. Orain arte, Bilboko Udalak, esaterako, ez du eskurik sartu arazorik sortzen ez duten lekuetan. Baina dekretua onartuta kontrola areagotu eta zorrotzago joka dezakeela uste dute lokal horiek kudeatzen dituztenek. Manu Iturregi Residence Cafeko tabernaria da. “Ez bada egon eragozpenik, ez dira sartu. Dekretu hau, ordea, askoz murriztaileagoa da: zehaztu egiten du zenbat ikuskizun egin ditzakegun urtean. Orain arte hutsune moduko bat egon dela esan dezakegu”.

Jarduera horiek arautu behar direla uste du berak. Eskatua ere bazuten berrikusi egin behar zela orain arte zegoen araudia. “Taberna txiki batean egin ditzakegun ikuskizun motak zehazteko eskatzen genuen: bakarrizketak, kontzertu akustikoak… Baita ordutegiekin zer egin ere. Baina berrikusita, txarrera egin dute”.

Lutxo Egia Bilboko Bira kultur guneko programatzailea da. Haren ustez ere, araudiak beharrezkoak dira, “baina honako honek hegoak ebakitzen dizkie kultura-adierazpideei. Bistan da, ez da sortu kulturaren ikuspegitik”. Dezibelak, ikusle kopurua eta antzekoak arautu beharrekotzat dauzka. Ez, ordea, urtean batak eta besteak har dezakeen ikuskizun kopurua. “Kulturaren ikuspegitik ez du ez hankarik ez bururik. Gure hiri, herri eta auzoen pobretze handia dakar”.

Era horretako agertokien garrantziari buruz mintzatu da Egia: “Kulturaren ekosistemaren barruan daude. Sarri esaten da areto horiek areto edo egitasmo handiagoen osagarriak direla. Baina hori ez da egia. Ezinbestekoak dira, proiektu handiagoak bezain. Kulturaren adierazgarriak eta eroaleak dira”. Iturregiren ustez, formatu txikian egiten diren ikuskizunetarako leku aproposa dira.

Kultur mugimendu handiko lekuak dira Bira eta Residence. Biran, aurten jada 78 jarduera egin dituzte: kontzertuak, antzezlanak, bertso saioak, hitzaldiak eta umeen tailerrak, besteak beste. Ehunka sortzaile pasatu dira handik bi urte eta erdi hauetan: “Bilboko gazte ugari. Besteak beste, Mugalari edo Leie Meie. Eta baita sortzaile ezagunagoak ere: En Tol Sarmiento taldea, Harkaitz Cano, Miren Amuriza, Mikel Martinez, Inun…”.

Elkarlan ugari ere egin dituzte, besteak beste, Loraldia jaialdiarekin edota Garua eta Swing Side elkarteekin. “Eta inportanteena: euskaraz sortuz gero, gurean aukera izango duzu etortzeko. Geuk ere plaza eskaini nahi diegu sortzaileei”.

Residencek, berriz, astean hiru ikuskizun izaten ditu, oro har. “Hamalau urte daramatzagu asteazkenero, 21:00etan, irlandar musikaren jam session bat egiten. Irlandar taberna eta pubetan egiten diren bezalakoak. Musikariak euren musika tresnekin etortzen dira, eta anplifikatzailerik gabe jotzen dute: akustikoan”. Ohitura bihurtu dituzte saiook Bilboko kafe horretan jada, ia Eskozia eta Irlandako tradizioaren pare. “Musikariek hasiberriei euren errepertorioa erakusteko modua zen”. Batez ere, bertako musikariak izaten dituzte protagonista saio horiek. “Hala ere, atzerritik baten bat pasatzen bada ere, etortzen da gurera”.

Horrez gain, irailetik ekainera bitarteko larunbat eta igande eguerdietan bermut saioak egiten dituzte. “Formatu txikiko ikuskizunak izaten dira: piano jotzaile bat, jazz bikote bat edo abeslari bat. Magoren bat ere izaten da”.

Horretarako lizentziarik ez duenak bere lokalean ikuskizunik ez lukeela eskaini beharko uste duenik ere bada. Egiak, ordea, argi du: “Kultura ez du lizentzia batek zedarritzen. Edozeinek uler dezake”. Iturregik, bide beretik, kontraesanak sumatu ditu: “Kafe antzokien lizentziak dituzten askok ez dute ezer antolatzen. Aldiz, tabernek zerbait egin nahi dute, eta zailtasunak aurkitzen dituzte. Agian, berrikusi egin behar dira lizentzia horiek. Izan ere, batzuek ordu gehiago zabaltzeko besterik ez dituzte erabiltzen”.

Jaialdi handiak eta horien aldeko babesa gorantz doazen bitartean bertako sormena eta sortzaileen lanak mugatzen direnik ez dute uste ez batak ez besteak. Egiaren ustez, “tokiko administrazioak horren alde egiten ari dira nabarmen gaur. Baina batak ez du bestea zertan baliogabetu. Proiektu txikiak ez dira inoren lehiakide. Osagarriak ere ez dira: ezinbestekoak dira”.

Kultur sormen mota hori babesteko laguntzak badaudela azaldu du Iturregik: bai areto txikientzat eta bai artistentzat eurentzat. “Ez dut uste taberna txikiak kendu nahi dituztenik jaialdi handiei espazioa emateko”.

Dekretuaren ondorioak

Sortu den zurrunbilo horren guztiaren barruan, Egiaren ustez, “gaur-gaurkoz inork ez daki dekretuak zer ekarriko duen. Itxaron beharko da. Bien bitartean, jarraitu behar dugu azpimarratzen zein den kultur guneen eragina: sortzaileei espazioak zabaltzen, publikoak sortzen, euskarari ekarpena egiten, espazio sinbolikoak eraikitzen…”.

Neurri berriak ekonomikoki izan dezakeen eraginari ez dio beldurrik Iturregik. “Jarduera hauek oso formatu txikian egiten direnez —kontuan hartu nire tabernan 25-30 pertsona sartzen direla—, eragina ez da ekonomikoa izango. Ondorio kulturala da kontua. Ni ere musikaria naiz, eta nahiago dut tabernan musikari bat izatea bere errepertorioa jotzen guk gure musika jartzea baino”. Beraz, eragina giroan nabarituko dela dio: goibelagoa izango delakoan dago. “Taberna handia badaukazu eta aukera baduzu kontzertu formalagoak egiteko, eragin ekonomikoa ere badago. Baina gure formatu txiki honetan esango nuke tabernaren izaerari egingo diola kaltea”. Sortzaileez ere oroitu da: “Artista hauei guztiei ere kalte egingo die, ez dutelako izango leku txiki bat familian sentitzeko eta beren artea erakusteko”.

Mobilizazioak

Sortzaileak eta areto horietako kudeatzaileak eskutik ari dira dekretuaren aurkako borrokan. Bateratze eta elkartasun hori hezurmamituta ikusiko da bihar. Mobilizazio egunera deitu dute. Batean eta bestean sortzaileek eta kultura mugimenduan murgildutako aretoetako gidariek berezkoa edo landua duten originaltasuna azaleratuko dute. Era guztietako artisten ahotsak entzun ahalko dira batean eta bestean, aldarrikapena eta kultura adierazpena uztartuta.

Residence tabernak, esaterako, mikrofonoak zabalduko dizkie sortzaileei, 18:00etatik 21:00etara. Yogurinha Borovak aurkeztutako saio bat prestatu du Iturregik, Borovari bizia ematen dion Eduardo Gaviñarekin batera. Mikrofono irekien saioa antolatu dute. “Dei egin diogu etorri nahi duen arlo guztietako jendeari: bertsolariak, abeslariak zein olerkigileak”. Jaialdi txiki baten bidez egingo dute aldarrikapena.

Biran ere prestatu dute zerbait. Hiriko hainbat musika taldek eta denetariko sortzaileek beren burua eskaini dute parte hartzeko.

Hala ere, aldartea ez dago dekretuaren iragarpena egin zutenean bezain zurrun. Egiak eta Iturregik uste dute negoziaziorako tartea izango dela. Kultura alorrean erantzukizuna duten arduradunen aldetik Iturregik ikusi du dekretuaren kontrako iritzirik. “Bingen Zupiriak eta Lorea Bilbaok esan dute hobeto aztertu behar dela. Kultura alorrean jartzen ditu mugak dekretuak. Zerbait esan beharko dute. Ezin dugu pentsatu gero talde handiak eta nazioartekoak izatea, plazetan edo tabernetan ezin badugu jo”.