Plentziako itsasadarra berrantolatu, eta pantalanak jarriko dituzte

Plentziako itsasadarra berrantolatu, eta pantalanak jarriko dituzte

Aitziber Laskibar Lizarribar

Aspaldi geratu zen txiki Plentziako portua. Itsasadarraren babesean eraiki zuten, merkataritza portu gisa, eta gero arrantza portu bihurtu zen. Gaur egun, bertan lotuta dauden txalupen artean gutxi dira arrantzarakoak; badira, baina gutxi. Lepo dago, hala ere, portua azken urteetan; aisialdirako ontziek beteta dituzte bertako pantalanak. Eta txiki geratu da kaia. Beste dozenaka txalupak itsasadarra bera dute gordeleku; bertan egoten dira lotuta, hartarako azpiegitura berezirik gabe. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, aldatu egin nahi du hori, eta berregituratu egingo du ingurua. Plentziako itsasadarrean aisialdiko ontzientzat dauden lokailuak berrantolatu, eta berriak jarriko ditu; jakinarazi du itsasadarrean pantalanak ezartzeko proiektu bat egingo duela.

Hektarea bateko ur eremuan 149 ontzirentzako lokailuak daude portuan, pantalanetan antolatuta. Beteta daude, eta, horietakoren bat hustuz gero, lortzeko itxaron zerrenda oso luzea da azken urteetan. Eskaria badago, baina portuak ez du leku gehiagorik.

Hori jakinda, Jaurlaritza aspaldi hasi zen egoera aztertzen. Portu eta Itsas Gaietarako Zuzendaritzaren eta Euskadiko Kirol Portuak erakundearen bidez hainbat ikerketa egin eta zenbait proposamen landu ditu. Jaurlaritzak oraingoz ez du eman adostu duen proiektuaren xehetasun askorik, baina pantalan gehiago agindu ditu: “Puntu horretan itsas-aisialdiko ontzientzako lokailuen eskaera handia dagoela eta aisialdiko dartsenak ematen dituen aukera urriak ezagututa, azpiegitura horiek ezartzea erabaki da”.

Orain portuan lekua duten baino ontzi gehiagorentzat eraikiko dira lokailu berriak, Jaurlaritzaren arabera. Zehazki, bost eta zortzi metro arteko luzera duten 180 ontzirentzako gunea eraikiko du itsasadarrean sortuko den eremu berrian, adierazi duenez. Pantalanetan banatuko dira lokailu horiek, eta itsasadarraren ondoko pasealekuko hainbat puntutan jarriko diren pasabideetatik iritsi ahal izango da haietara.

Hurrengo udaberrirako

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du dagoeneko abiatu duela ingurua moldatzeko prozesua, eta pantalanak egiteko lanak uda ostean hasteko asmoa du. Lan horiek Euskadiko Kirol Portuak erakundeak lizitatuko ditu, milioi bat eurotik gorako aurrekontuarekin. Zehazki, lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 1.154.347 eurokoa izango da, eta xedea da 2020ko udaberrirako pantalan eta lokailu berriak erabilgarri egotea. Orduan egingo da aisiarako ontzientzako lokailu plazak eskatzeko deialdia; bai egungo dartsena hobetu ondoren sortuko diren leku berrietako bat eskatzeko, eta bai itsasadarrean kokatuko diren lokailuetako bat eskatzeko ere.

Orain, udako denboraldiari begira, balizak jarriko dituzte itsasadarreko nabigazio kanalean, nabigazioa errazte aldera. Gune batzuetan sakonera txikiko eremua denez, sakonera handienekoa erabiliko da, segurtasuna hobetzeko.