Musikak elkartutako lekuak

Musikak elkartutako lekuak

Peru Azpillaga Diez

Musika bizi-bizirik da Gernika-Lumon. Eta horren adibide garbia da Lekuek jaialdia: urteak joan urteak etorri, herriko musikazale guztien batura irudikatzen duen egitasmoa. Seigarren urtez egingo dute, eta, haren bilakaera ikusita, askoz aldi gehiago geratzen zaizkiola ondorioztatu daiteke.

Lekuek jaialdiaren antolatzaileek bihar abiatuko den bederatzi eguneko egitarau aberatsa osatu dute. Egun horietarako guztietarako, herri osoan zehar, kontzertuetarako hamar toki baino gehiago atondu dituzte, eta, horretaz gain, bestelako saio andana ere izango dira: dokumentalak, azokak, tailerrak, mahai inguruak…

“Gernikan beti egon da musikarekiko zaletasun handia edo berezia. Denborarekin, gero eta elkarte gehiago sortu dira, gainera: Trinkete Antitxokoa, Iparragirre rock elkartea, Astra gune autogestionatua…”, nabarmendu du Indira Garcia Lekuek jaialdiko antolatzaileetako batek. “Baina ez da bakarrik kontzertuak egiteko tokiak daudela, baizik eta musika bizitzeko eta musikaren inguruan jendea batzeko grina eta aukerak daudela”, erantsi du.

Herri txiki bat izateko, musikak espazio handia hartzen duela deritzo Garciak, eta urteen poderioz eta eragile desberdinen elkarlanari esker sortu zela jaialdia: “Nahiko modu inprobisatuan gertatu zen, egia esan; herrian jada bizirik zegoen ideia zen”.

Inongo irabazi asmorik gabe hasi ziren jaialdia antolatzen, eta Garciak adierazi du aldi guztietan balorazio ona egin dutela: “Guretzat, hurrengo urtean berriz ere jaialdia egiteko baldintzak izatea jada emaitza positiboa da”. Bestalde, jaialdiaren erroetan leku estrategiko batzuk badaude ere, haien helburua herrian zehar ahalik eta gehien zabaltzea dela azaldu du.

Garciak nabarmendu du Lekuek jaialdia autogestioan oinarritzen dela, eta herritarren parte hartzeari esker soilik lortzen dutela aurrera jarraitzea. “Hilabete askotako lanaren emaitza da. Tabernek badakite martxoan antolatzen dugula, eta eurek ere interes handia azaltzen dute”. Baina tabernak ez ezik, bestelako leku batzuk ere hartzen ditu jaialdiak. “Kultur etxearekin harremanetan jartzen gara, eta Lizeo antzokia betetzen dugu, bertan bestelako saio batzuk egiteko aukera baliatuz; adibidez, umeentzako tailerrak eta pelikulen emanaldiak”.

Dena dela, bere egitarauaren parte diren hamaika musika estiloak dira jaialdiaren berezitasuna. Genero guztietako artistak biltzen dira Lekuek jaialdira, adin eta gustu guztietako jendearen gozamenerako. “Hasieratik izan dugu asmo hori, eta garrantzi handia ematen diogu”, gogoratu du Garciak. Hala ere, azpimarratu du hain ezagunak ez diren taldeen presentzia ere funtsezkoa dela. “Gure helburua talde horiek ezagutaraztea ere bada, eta, pertsonek, kartela ikustean, taldeak bilatu eta nortzuk diren ikertzeko astia hartzea; hots, taldeen inguruan interesa sortzea”.

Taberna eta eragile bakoitzak, gainera, bere gustuak eta bere publikoa dituela deritzo Garciak, eta horrek ere askotariko taldeak izatea errazten duela. “Esaterako, Astran jende gaztea biltzen da, batik bat, eta hor punk eta rap doinuak izango dira aurten. Iparragirren, rocka da nagusi eta nagusiagoa den jendea batzen da. Bunkerrean, berriz, giro berezia sortzen da beti “, ondorioztatu du.