Txikiak ere, hodi handira

Txikiak ere, hodi handira

Natalia Salazar Orbe

Bizkaiko uraren kudeaketa islatzen duen mapan badira gestioa euren kabuz egiten duten hainbat herri: Arakaldo, Artzentales, Arrankudiaga, Arrieta, Berriz, Ermua, Errigoiti, Garai, Karrantza, Lanestosa, Mallabia, Meñaka, Nabarniz, Orozko, Otxandio eta Zornotza. Ure Urre plataformak salatu du herri horietako batzuek zailtasunak dituztela euren kabuz aurrera egiteko. Arazoa zein den zehaztu dute: aldundiaren babesik eza.

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak hitzarmen bat dauka sinatuta aldundiarekin, eta, horren bidez, diru kopuru bat jasotzen du. Horretarako, partzuergoak onartu egin behar izan zuen inbertsioen amortizazioa erabiltzaileen ordainagirietan sartzea. Hala azaldu du Iratxe Arriola Busturialdeko Ur Partzuergoko presidente ohi eta Ure Urre plataformako kideak. Gogora ekarri du euren kabuz ari diren herri txikiek, berriz, azpiegiturak euren kontura eraiki behar dituztela, aldundiaren laguntzarik gabe. Eredu hori salatu du: “Xantaia izugarria da”.

Karrantza aspalditik dabil Bilbo Bizkaia partzuergoan sartu guran. Pedro Barreiro partzuergoko kudeatzaileak azaldu duenez, negoziazioetan jarraitzen dute. “Lurralde zabala da, oso sakabanatua dago, eta biztanle gutxi ditu. Bertan egin diren azterlanen arabera, 60 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin beharko litzateke bertako azpiegiturak egokitzeko eta indarrean dagoen araudia betetzeko”.

Beste garai batean egin zuen Karrantzako Udalak partzuergoan sartzeko eskaera. 2004a zen, eta EAJk zuen alkatetza. Aldundiak zenbait azpiegitura eraiki zituen, etorkizunean partzuergoak kudeatuko zituelakoan. Handik urte batzuetara, 2012an, Karrantza Zabalak eskuratu zuen alkatetza, EH Bilduren babesarekin. Prozesua etetea erabaki zuten orduan, integrazioak herriko abeltzainentzat arazoak sortuko zituela iritzita.

Ehun azienda inguru daude herrian. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoarekin hitzarmena sinatuz gero, abeltzainek orain baino askoz gehiago ordaindu beharko dute uraren truke. Raul Palacio alkateak azaldu zuen egoera horrek ondorio larriak izango dituela sektorean. Zenbait azienda itxi egin beharko lituzkete, eta funtsezkoak dira bertako ekonomiarentzat.

Hala, tarifen prezioa %50 murrizteko eskatu du udalak. Partzuergoak %25 jaistea onartu du, eta gainerako %25 udalak berak ordain dezala.

Hari batetik dago Bizkaiko udalerririk handiena. Kilometro askotako hoditeria sare oso zaharkitu eta zabal bat du. Gainera, Uraren Euskal Agentziak zigortu egin du ur araztegi bat ez duelako. Palaciok salatu du araztegiak aldundiak eraikitzen dituela, baina esan diela partzuergoan egon arte ez duela egingo.

Hori guztia gutxi balitz legez, aldundiak esan die azken urteetan eraikitako azpiegituren mantentze lana ordaintzeari utziko diola Karrantza partzuergoan sartu ezean. Partzuergoan sartu nahi dute eurek ere, baina ez daude prest edozer preziotan egiteko.

Nabarnizen eskaerari, bai

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak joan den urtarrilean estatutuen aldaketa onartu zuen batzarrean, Nabarniz bertan sartzeko eskaera onartu zuten. Urduñako alkateak, Idoia Aginakok, egoera salatu zuen. Izan ere, haren arabera, “EAJren xantaiaren ondorioz” egin du herri horrek Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan sartzeko eskaera. Salatu zuen aldundiak ez diola eman laguntzarik ura kudeatzeko partzuergo nagusitik kanpo dagoen herri bati ere. Horrez gain, gogora ekarri zuen duela hiru urte eskatu zuela Busturialdeko Ur Partzuergoan sartzea, baina ukatu egin ziotela. Hori ikusirik, 2017an Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan sartzeko eskaera egin zuen.

Nabarniz ez da partzuergo handian integratzeko eskaera egin duen azken herri txikia. Epe ertainean Orozko eta Arrankudiaga sartzea aurreikusi dute. 1967an sortu zuten partzuergoa, hemeretzi udalerrirekin, eta, egun, 81 dira.

Barreiro sinetsita dago onuragarria dela uraren kudeaketa osoa partzuergo bakarraren esku geratzea, eta hala defendatu du: “Uraren kudeaketa gero eta teknikoagoa eta zorrotzagoa den esparru honetan, nahitaezkoa da baliabide ekonomiko oparoak eta langile kualifikatuak izatea. Horrek eskala handian jardutera behartzen gaitu, hala egin ezean herritarrek ezingo lituzketelako tarifak ordaindu. Era berean, klima aldaketak eta gero eta zorrotzagoak diren ingurumen neurriek kudeatzaile profesionalizatuak izatera behartzen gaituzte, eta hiri uren zikloa kudeatzeko garai bateko boluntarismoa atzean uztera”.

Ateak zabalik dauzkate eurenean sartu nahi dutenentzat: “Bilbo Bizkaia Partzuergoak ez ditu lurraldeak kolonizatzen. Laguntza eta irtenbideak eskaintzen saiatzen gara erakundeen arteko lankidetzaren bidetik, gure lurraldeak hiriko uren arloko eginkizunak bete ditzan”. Herritarrei “zerbitzu bikaina” eskaintzen diela deritzo: “Kalitatezko ur jarraitua eta hondakin uren arazketa, hori baita jasangarritasun bermerik handiena”.