“Munduko txapelketan parte hartze hutsagaz pozik nago”

“Munduko txapelketan parte hartze hutsagaz pozik nago”

Nerea Bedialauneta Alkorta

Ander Okamika Bengoetxea Bizkaiko ANb Fanox triatloi taldeko atletak (Lekeitio, 1993) parte hartuko du Distantzia Luzeko Munduko Triatloi Txapelketan. Euskal ordezkari bakarra izango da Espainiako Triatloi Federazioak txapelketarako aukeratu dituen bost gizonezkoen artean.

Munduko txapelketan parte hartzea pozgarria izango da zuretzat, ezta?

Aukeraren bat edo beste eduki ahal nuela uste nuen, eta aukeratu nindutela baieztatu zidatenean, asko poztu nintzen. Munduko txapelketan estreinakoz parte hartze hutsagaz pozik nago.

Maiatzaren 4an duzu proba Pontevedran. Nola doa prestaketa?

Munduko proba hau parte hartuko dudan distantzia luzeko bigarren triatloia izango da; iaz egin nuen lehenengoa. Maila honetara iristeko, baina, aurretik egindako kirol ibilbidea ezinbestekoa da. Otsailaren 1ean esan zidaten munduko txapelketarako aukeratu nindutela, eta buru-belarri ari naiz prestatzen horretarako. Hori bai, prestakuntza tartea apur bat aurreratu behar izan dugu munduko txapelketari begira.

Nolatan?

Normalean maiatz bukaeran edo ekain hasieran egoten gara sasoirik onenean, baina, proba bera maiatzaren 4an denez, aurretik hasi beharko naiz horretarako prestaketa zehatzagoa egiten. Egunotan amaituko dugu denboraldi-aurrea, eta munduko txapelketarako prestaketa zehatzagoekin hasiko naiz.

Nork entrenatzen zaitu?

Aitor Alberdi legazpiarrak entrenatu nau azken sei edo zazpi urteetan.

Txapelketara eramango duzun bizikleta ere bestelakoa da, ezta?

Erlojupeko lasterketetan erabiltzen den moduko bizikleta eramango dut. Ezin gara gurpilean joan, eta, beraz, haizearen erresistentzia murrizteko horrelako bizikletak erabiltzen dira.

Probari begira, zelan ikusten duzu zeure burua?

Oso goi mailako proba izango da. Eta, egia esan, orain arte ez dut halako proba batean ere parte hartu. Ez dut helburu zehatzik, baina probarako ahalik eta ondoen prestatu, eta nire mailarik onenean heldu nahi dut. Hori lortuta, egunean bertan nire onena eman eta sailkapenean ahal dudan goren egoten saiatuko naiz.

Munduko txapelketaren aurretik beste lasterketa batzuetan parte hartzeko asmorik duzu?

Gorengo mailako proba bat ondo prestatu ahal izateko, ondo etortzen da beste lasterketa batzuetan parte hartzea; uste dut lagungarriak izango direla nire sasoirik onenean ailegatzeko. Orain, esaterako, duatloiak hasten dira. Igandean, Distantzia Ertaineko Espainiako Txapelketan parte hartuko dut. Martxoan, Euskal Herrian jokatuko den duatloiren batean parte hartzeko asmoa dut. Martxo amaieran, berriz, Espainiako taldekako txapelketan ere parte hartuko dugu.

Munduko txapelketa jokatu eta gero, zer asmo duzu?

Urrira arte beste hainbat probatan parte hartzeko asmoa dut. Besteak beste, Zarauzko triatloian, Espainiako Distantzia Luzeko Txapelketan, eta Bilboko eta Lekeitioko triatloietan parte hartzeko asmoa dut.

Herriko proban parte hartzea berezia izango da zuretzat.

Bai, noski. Azkenean, herrian bertan proba egitea polita izaten da. Distantzia ertain eta luzeko probak prestatzen nabil aurten, eta haiei begira prestatzeko ondo etorriko zait, gainera.

Iaz sekulako denboraldia egin zenuen.

Denboraldia oso ondo hasi nuen. Distantzia Erdiko Espainiako Txapelketan, hirugarren postua lortu nuen, espero barik. Tartean, hainbat duatloitan ere parte hartu nuen. Maiatzera eta ekainera bideratutako prestakuntza ondo baino hobeto joan zen; baina, zoritxarrez, maiatzaren 1ean istripu bat izan nuen nahiko larria.

Zer gertatu zen?

Entrenatzen ari nintzela, auto bat jo nuen aurrez aurre. Zauririk larrienak aurpegian egin nituen. Aurpegiko traumatismoa eduki nuen: sudurra eta haginak apurtu nituen, mingaina ebaki, ezpain ertza ere ireki nuen, eta, hein handi batean, aurpegia mugitu ezinik gelditu nintzen. Beste gorputz ataletan, zorionez, ez nuen bestelako kalte handirik eduki. Kolpe ugari hartu nituen, eta gerriko minagaz ibili nintzen denbora askoan. Baina txarragoa izan ahal zela jakinda, ezin naiz kexatu; zorte handia eduki nuen.

Istripua izan eta gero, baina, hasitako bideari ekin zenion.

Hasieran, denboraldia bukatutzat eman behar izan nuen. Baina, egia esan, azkar sendatu nintzen; pentsatu baino arinago. Lehenengo bi hilabeteetan ez nintzen ia batere entrenatu. Helburu barik entrenatzen hasi nintzen, neure gustura, plangintza barik. Gorputza ondo erantzuten ari zela ikusi nuen, eta, denboraldiaren bigarren zatian, prestatzeko moduan ikusi nuen neure burua. Istripua izan eta gero, konturatu nintzen bizitzak beste aukera bat eman zidala. Eta, istripua izan eta gero, errepidera bueltatzeak ez zizun beldurrik eman?

Zorte handia eduki nuen. Nire hurrekoek asko lagundu zidaten, eta istripua bera ere ez nuen hartu zerbait negatiboa balitz bezala. Bizitzak emandako beste aukera bat balitz bezala hartu nuen, eta aukera horri pozik ekin nion. Zorionez, ez nion ikararik hartu ez bizikletari, ezta errepideari ere. Pentsa: bizikletako lehen entrenamenduan, istripua eduki nuen leku beretik igaro nintzen. Hori bai, errepideari sekulako errespetua diot orain, eta, aldi berean, argi geratu zait nire lerrotik joan behar dudala.

Istripuaren ostean, non egin zenuen estreinaldia?

Istripuaren osteko lehen triatloia Lekeitiokoa izan zen. Handik hilabete eta erdira izan zen. Ez nengoen sasoiko, baina irteeran egotea eta triatloi bat berriro egin ahal izatea izugarria izan zen niretzat. Triatloi bat egiteko gai nintzela ikusita, egutegia hartu, eta aurrera begira helburu batzuk ezarri genituen.

Iazko bigarren zatiari dagokionez, zer balorazio egiten duzu?

Pasatutakoa pasatu eta gero, sinestezina izan zen niretzat. Medikuek hasieran lasai hartzeko esan zidaten: helburua ondo sendatzea zela. Denboraldia amaitutzat emateko ere agindu zidaten, eta gai banintzen eta nahi banuen, aurten hasteko berriro. Baina uste baino lehenago sendatu, eta, espero barik, denboraldi bikaina egin nuen.

Hainbat lorpen izan dituzu zure kirol ibilbidean. Horietatik bada bereziagoa den baten bat?

Istripua eduki eta hiru bat hilabetera, Euskadiko Txapelketa irabazi nuen Getxon, eta lorpen hori oso berezia izan zen. Gainerakoan, beste garaipen bat izango zen; baina, istripua izan eta gero, garrantzi berezia hartu zuen. Oso pozgarria izan zen ikustea hain denbora gutxian martxan nengoela, eta maila onean, gainera. Esan izan balidate istripua eduki eta denbora gutxira, bi hilabeteren buruan, lehian ibiliko nintzela eta Euskadiko txapeldun izango nintzela, ez nuen sinetsi ere egingo.