Heltzen ez den eredu aldaketa

Heltzen ez den eredu aldaketa

Peru Azpillaga Diez

Burua altxatu ezinean dabil Bilboko zezen plaza, eta, urteak joan urteak etorri, gero eta handiagoa da bere kutxan duen zuloa. Egoeraren larritasuna ikusita, Bilboko Udalak denbora darama Vista Alegre plazaren kudeaketa aldatu nahian, eta, horretarako, urte osoan zezen plazari errentagarritasuna aterako dion kudeatzaile baten bila dabil. Hori erabakitzeko lehiaketa publikoa, ordea, etengabe atzeratzen ari da, eta, lehen aldiz 2017an aipatu bazen ere, oraindik ez da martxan jarri. Gainera, Chopera familiarekin kontratua luzatu ostean, ez da horretarako eperik aurreikusi.

Lehiaketa publikoaren atzerapenak aurtengo Aste Nagusiko zezenketak arriskuan jar zitzakeela ikusita —urte osoan plazak izaten duen erabilera bakarra—, Casa Choperarekin zuen kontratua luzatu du udalak. Hortaz, Martinez Flamanique aholkulariak jarraituko du plaza kudeatzen, azken 60 urteetan bere familiak egin duen bezala. Bilboko Udalak, beraz, bermatu egin du 2019an zezenketak egingo direla, bai eta aurten ere, beste urte batez, plazak galerak izango dituela ere.

Izan ere, zezen plazak azken urtean pilatutako datuek ez dute ematen itxaropentsu izateko arrazoirik. 216.595 euroren galerak izan zituen iaz Vista Alegrek, eta, 2017arekin konparatuta, 10.000 ikusle galdu zituen. 2015az geroztik, 500.000 euroren galerak pilatu ditu plazak. Datu esanguratsuak, ia 15.000 lagunentzako tokia duen azpiegitura publiko batentzat.

“2019ko urtarrilaren 1erako dena amaituta eta martxan egotea nahi dugu. Hortik aurrera kudeaketa pribatua izango du zezen plazak, exijituko ditugun inbertsio eta baldintza batzuk betez”, adierazi zuen Tomas del Hierro Bilboko Gizarte Ekintzako zinegotzi eta plazaren administrazioaren arduradunak, iazko abuztuan. Denborak, ordea, ez ditu hitzak lagundu, eta lehiaketaren baldintzak ezartzeko agiria osatu gabe dago oraindik.

Bilboko zezen plazaren kudeaketaren ardura erdibana partekatzen dute Bilboko Udalak eta Erruki Etxe Santua ongizate elkarteak, baina zezen plazak jasotzen dituen diru iturriak ez dira inoiz argi egon.

Finantzaketa iturrien bila

“Beste urte batez izango ditugu zezenketak”, kexatu da Kontxi Reyero Zezenketen Aurkako eta Animalien Aldeko Bizkaiko Elkarteko kidea. Elkartetik urteak daramatzate plazaren eredua “agortuta” dagoela adierazten eta kudeaketa publikoaren bidez sustatzen den “bidegabekeria” salatzen. Haien esanetan, zezen plazaren finantzaketa iturriak “estali” egiten dituzte, eta, gainera, ez dute ulertzen zergatik mantentzen den halako galerak dituen espazio bat, “soilik gutxi batzuen intereserako”.

Zezen plazak jasotzen duen finantzaketa argitu nahian, hainbat galdera egin dizkiote Bilboko Udalari, Bizkaiko Diputazioari, Eusko Jaurlaritzari, Erruki Etxe elkarteari eta zezen plazaren administrazio kontseiluari. Haserre agertu da Reyero, ordea, jasotako erantzunekin, eta argitasun falta egotzi dio udalari. “Datuek ez digute ezer berririk esan; udalak ez du gardentasun legea bete”.

Egindako galderen artean, nabarmendu dute zezen plazako administrazio kontseiluak ez diela aitortu sarrerekin irabazitako zenbatekoa edota telebista eskubideen salmentarekin lortutakoa. “Besteak beste, udalean kontuak aurkeztu zituztenean, telebista eskubideen irabaziak gastu modura aurkeztu zituzten”, azaldu du Reyerok. Jasotako erantzun bakanen artean, Bilboko Udalaren Gizarte Ekintza Sailak urtero erosten dituen milatik gora sarreren gastua ageri da; aurten, 18.072 euro. 54 adineko elkarteren artean banatzen dira sarrera horiek.

Horrez gain, Reyerok azpimarratu egin du udalak plazaren kudeaketan duen ardura maila. “Beti esaten dute kudeaketaren arduraren erdia Erruki Etxe elkartearen esku dagoela eta, beraz, zezenketen dirua ongizaterako ere erabiltzen dela. Erantzun digutenaren arabera, ordea, haiek ez dute sosik ere jasotzen”. Horretaz gain, Erruki Etxe Santu elkartea udalaren esku dagoela dio Reyerok, eta, beraz, “estaltzen saiatzen diren arren”, plazaren kudeaketa “guztiz publikoa” dela.

Urte osoan Vista Alegre zezen plaza hamar aldiz baino ez dela erabiltzen erantsi du Reyerok: bederatzi aldiz jaietan, eta behin, Cocherito Clubaren urteurrenean. “Nolatan ez du defizitik sortuko halako azpiegitura batek, erabiltzen ez bada? Galera horiek, gainera, guztiok ordaintzen ditugu, eta ez dakigu zenbat diru ematen diegun ere”.

“Choperarekin orain dela 60 urte sinatu zuen lehenbiziko aldiz Bilboko Udalak kudeaketa kontratua, hots, Francoren garaian”, nabarmendu du Reyerok. Haren esanetan, ulergaitza da administrazio publiko batek 60 urte dituen kontratu bat luzatu izana eraikin publiko bat kudeatu ahal izateko.

Udalak ez du egin agerraldi publikorik, baina Gizarte Ekintza Sailekoek behin baino gehiagotan adierazi dute lizitazioaren ezaugarriak zehazteko arazoak izaten ari direla. Besteak beste, plazari urte barruan erabilera eman ahal izateko zenbait lan egin behar direlako. Hortaz, kudeatzaile berriak milioi erdi euro inguruko inbertsioa egin beharko duela aurreikusten da. Gainera, Bilboko Udalak zezenketak mantenduko dituen enpresa bat topatzea du helburu, “esperientziarekin lehen mailako zezen plazen kudeaketan”. Reyeroren ustez, erabaki horrek asko mugatzen ditu aukerak, eta ez dio erantzuten herritarren nahiari, urtero ikusten delako “oso gutxi” direla zezenketetara joaten direnak.