“Ixteak pena eman dizun denda txiki horretan zenbat aldiz erosi duzu?”

“Ixteak pena eman dizun denda txiki horretan zenbat aldiz erosi duzu?”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Zazpikaleek merkataritzari lotuta daukaten izaeraz harro dago Unai Aizpuru (Bilbo, 1977), eta hala irudikatzen du etorkizuna ere. Hartarako, kalean egotea eta elkartzea ditu gakotzat.

Zazpikaleetako Merkatarien Elkarteak 50. urteurrena du. Zer du hainbeste denboran irauteko?

Oso alde zahar merkataria dugu, bizia, berritzailea, bilbotarren bizimodura oso lotua dagoena; hala jaio, hazi eta garatu da, Bilbo eta Bizkai osorako pizgarri. Eta garai eta krisi bakoitzaren aurrean bere burua berrasmatzen jakin du.

1969an sortu zen elkartea…

Urte hartan, Zazpikaleetako 25 dendarik ikusi zuten guztien interesak defendatzeko batu beharra zegoela, jaso dugun merkataritza eta bizitza gunea sortzeko: zirraragarria, bizia, aktiboa, askotarikoa… Horrela hasi zen, auzo elkarte gisa, 1969an ez baitzegoen ondo ikusia elkartzea.

Frankismo garai betea zelako eta auzo elkarte ez ziren elkarteak debekatuta zeudelako…

Noski. 25 pertsona batzea? Hori delitua zen!

50 urteren ondoren, sendo dago elkartea?

Oso sendo: berrehun bazkide ditu, oso militanteak, aktiboak. Merkataritzari lotutako alde zahar bizi eta eroso honen lidergotza dutenak dira. Eta hori, hilero jartzen duten diruarekin egiten dute. Enpresa jarduna bertan duten mila denda eta jatetxe edo taberna daude. Berrehunek egiten dute lidergo lana, eta gainontzeko guztien alde ere jartzen dituzte beren ahalegin eta baliabideak. Elkarrekin solidario izatea guztion onurarako izango dela ulertzen dugu, eta ez zaigu inporta ekarpen horiek gainontzekoekin partekatzea. Hala ere, esan beharra dago: gero eta argiago dago beharrezkoa dela batasuna mikrodendarien eta mikroenpresen artean, batasunak ematen baitu indarra. Zenbat eta gehiago izan, gaitasun handiagoa izango dugu. Bazkide kopurua handitzea garrantzitsua da, Bizkaiko beste saltoki guneen aurrean lehiakorrak izateko.

Zein da Zazpikaleen indargunea?

Zazpikaleak Bizkai osoko egongela, janaritegi eta janzteko gela dira. Bizkai osoko jendearen zati da, familia edo kuadrilla batzeko, une bereziren baterako jantziak bilatzeko edo produktu gastronomiko onak erosteko. Hori da indargune handiena: Bizkaiko pertsona guztien bizitzaren eta historiaren parte izaten jarraitzen duela. Gainera, orain, beste indargune bat ere badu: hirigintza arloan izan duen hobekuntza, oinezkoentzako guneak areagotzea, eta merkataritza eta auzokideen arteko elkarbizitza. Horrek eragin du epizentro turistiko ere bihurtzea. Bilbora etortzen diren guztiek ezagutu nahi dute alde zaharra.

Azken urteetan, ibilbide handiko denda txiki asko itxi dira.

Pare bat gauza esan nahi ditut gai horretaz. Bi arrazoirengatik ixten dira dendak. Bat: denda sortu zuena ez delako betiko, eta sarritan ondorengotza falta delako. Eta bi: jende askok adierazten du pena denda historiko bat itxi delako, baina nik galdera bat egiten dut: ixteak horrenbesteko pena eman dizun denda txiki horretan zenbat aldiz erosi duzu zuk? Hori da guztiok geure buruari egin behar diogun galdera, benetan gertuko eta kalitatezko denda horiek hor egotea nahi badugu. Non egiten ditugu erosketak? “Kaixo, zer moduz?” batekin hartzen gaituen gertuko denda horretan, edo klik, klak, katakrak horietan?

Edozein kasutan, merkatariek bizitzaz betetako Zazpikaleak eskaintzen jarraitzen dute, eta auzokideekiko elkarbizitza handiarekin. Hori zoragarria da! Ez da leku askotan gertatzen. Alde zahar askok denda eta turismo asko dute, baina auzo bizitza gutxi; gureak, berriz, oreka perfektua du.

Hala ere, gero eta frankizia gehiago daude. Arazo bat da?

Frankiziak oso-oso gutxiengoa dira. Eta, edozein kasutan, negozioa egiteko beste modu bat da frankizia; nork bere marka propioa sortu dezake, edo negozioa egiteko beste marka batera batu. Lanpostuak sortzen dituen eta ogasunari ekarpena egiten dion beste negozio bat da. Eta askoz hobea da frankiziak egotea lokalak hutsik egotea baino.

Nola irudikatzen dituzu etorkizuneko Zazpikaleak?

Amesten dudana da oreka on bat. Nazioarteko markak izango dituena, Espainiako, Frantziako prestigio izenak izango dituena, eta Euskal Herri osoko marka onak; kultur balio handia izango dutenak eta euskal identitatea izango dutenak.

Zeintzuk dira, aurrera begira, elkartearen erronka nagusiak?

Lehenengo erronka kalean egotea da; kaleko mailan. Adibidez, bigarren solairu batean dut bulegoa, eta nire erronka da kale mailan egotea, dendarien, kontsumitzaileen, turisten eta auzokideen zerbitzuan egoteko. Elkarteak gune bizi bat izan behar du, erreferentziazkoa, laguntzekoa eta trukerakoa, eta, horretarako, kalean egon behar dugu beste edozeinek bezala. Eta, bide horretatik, seguru nago bazkide kopurua handituko dugula, berrikuntzan ere haziko garela, eta ekintza erakargarriak egiteko gai izango garela.

Urteurrena ospatuko duzuela esana duzue. Nola?

Ohiko ekitaldiak indartuko ditugu, eta, adibidez, halako batekin hasiko ditugu ospakizunak aste honetan. 50. urteurreneko Ganga Market mauken azoka berezia egingo dugu, egun bat gehiago izango duena. Ostegunean [atzo] hasi, eta larunbatera arte egingo da. Alde zaharrei buruzko jardunaldiak ere egingo ditugu egunotan, eta alde zahar askotako kideak etorriko dira. Topagune sozial bat ere egingo dugu, instituzio, dendari eta gizarte eragileekin. Eta, urtean zehar, ekitaldi asko.