“Galiziatik kanpo gehien bisitatu ditugun tokietako bat da Euskal Herria”

“Galiziatik kanpo gehien bisitatu ditugun tokietako bat da Euskal Herria”

Peru Azpillaga Diez

Bi agertoki eta hamaika talde; hamabi ordu baino gehiago, etenik gabe, zuzeneko musika entzuteko. Bihar, Durangoko Landako gunean artista eta musika estilo ugarik bat egingo dute, helburu bakar batekin: elkartasuna. Izan ere, 40 Minutu Rock jaialdiaren bosgarren edizioak, estilo ugari uztartuz, kartel “heterogeneoa” osatu du, eta horren adibide da, besteak beste, Ezetaerre taldea.

Rude Pride eta IRA talde madrildarrekin batera, Ezetaerre talde galiziarrak osatuko du Euskal Herritik kanpoko taldeen ordezkaritza 40 Minutu Rock jaialdian. Rap hirukote bat da Ezetaerre, eta Miguel Garcia (Coruña, 1994) da horietako bat. Jaialdiko antolakuntzaren deia jaso zutenean “birritan pentsatu gabe” onartu zutela aitortu du.

Hau ez da Euskal Herria edo Durango bisitatuko duzuen lehen aldia, ezta?

Hiru urteko ibilbidea du taldeak, eta zenbait aldiz jo dugu jada Euskal Herrian. Egia esan, Galiziatik kanpo gehien bisitatu ditugun tokietako bat da, Kataluniarekin batera. Are gehiago, urrian Durangoko jaietan jotzeko aukera izan genuen, Kulto Kultibo eta Aneguriarekin batera. Horretaz gain, Donostiako jaietan ere aritu izan gara, besteak beste.

Elkartasun jaialdi bat da 40 Minutu Rock. Horrek zer esan nahi du kanpotik datorren talde batentzat?

Bada, guretzat, gutxienez, ohorea da. Galiziatik gatoz, eta ondo ezagutzen dugu Euskal Herriko errealitatea. Badakigu zer den sakabanaketa, eta ezagutzen dugu euskal presoen egoera. Beraz, elkartasun hori nabaritu egiten da. Esan bezala, gu oso pozik gaude bertan egoteaz eta gure musika halako espazioetan ere zabaltzeko aukera izateaz. Azken finean, beste balio bat eransten diozu zure lanari.

Zer-nolako harrera egin dizue publikoak orain arte Euskal Herrian egindako kontzertuetan?

Ona izan da benetan. Lehenengo diskoa kaleratu genuenean etorri ginen lehendabiziko aldiz, eta oso esperientzia aberasgarria izan zen. Egia esan, etorri garen bakoitzean sentsazioak ikaragarriak izan dira, publikoak beti erantzun digu bikain, ezagutzen ez gaituen jendeak ere bai. Gertatu izan zaigu beste talde batzuekin batera jotzea eta zu entzutera etorri ez den jendeak zoriondu izana esanez aurrerantzean jarraitu egingo zaituela. Kulturalki oso esker onekoa da jendea, eta hori ez da toki guztietan gertatzen.

Durangon zuen kontzertura joaten denak zerekin egingo du topo?

Bueno, guk rapa egiten dugu, baina gure estiloa nahiko animatua da. Asko mugitzen gara, eta gure zuzenekoak nahiko kañeroak izaten dira. Erritmo biziak erabiltzen ditugu, eta abesti batetik bestera estilo aldaketa handiak egiten ditugu. Jendeak, normalean, ondo pasatzen du; ez da geldirik egoteko kontzertu horietako bat. Hitzak ere zorrotzak dira, eta, galegoz dauden arren, konturatu gara hemen ere baditugula gure hitzak abesten dituzten zaleak.

40 Minutu Rock jaialdiaren ostean, Euskal Herrian beste nonbait joko duzue?

Bai. Hurrengo asteak nahiko zoroak izango dira. Ostiral honetan [gaur], Gijonen (Asturias) arituko gara; larunbatean [bihar], Durangon, eta, horren ostean, Kataluniara goaz. Han, Bartzelonan joko dugu, eta, gero, Euskal Herrira itzuliko gara, Mafalda taldearekin batera hiru kontzertu emateko: 28an Bilbon, martxoaren 1ean Gasteizen, eta 2an Donostian.

Nolakoa da leku batetik bestera ibiltzea kontzertuak ematen?

Hiru urte daramatzagu, eta lehenengo diskoaren ostean jada hasi ginen zenbait tokitan kontzertuak ematen. Azken diskoa orain dela bi hilabete kaleratu genuen, baina arnasa hartu nahi izan dugu, eta geldialdian egon gara geroztik. Horregatik, gogo handiz hartuko ditugu berriz zuzenekoak. Egia da nekeza dela alde batetik bestera ibiltzea, baina, kontrara, oso esperientzia atsegina da eta motibazioz betetzen zaitu.

Zer asmo duzue etorkizunera begira?

Orain dela hiru urte abiatu genuen proiektua, eta oraindik asko dugu esateko. Adibidez, kontzertu bira honetarako zuzenekoa berritu egin dugu, eta ilusio handiarekin ekingo diogu. Abesti berriak alde batera utzi ditugu oraingoz, baina lan gehiago argitaratzea da gure helburua. Oso pozik gaude izandako bilakaerarekin, eta horri eustea espero dugu.