Goraka doa Bizkaia agertoki nahi duten ekoizpenen kopurua

Goraka doa Bizkaia agertoki nahi duten ekoizpenen kopurua

Natalia Salazar Orbe

Guggenheim museoaren titaniozko xaflen xarma; Urdaibaiko itsasadarraren inguru naturala; Portugalete, Getxo, Galdakao… bertako zein kanpoko ekoiztetxeek Bilboko eta Bizkaiko hainbat kokaleku hartu dituzte denetariko grabazioak egiteko. Fikzioa pantaila handian zein txikian, gertuko txoko ezagunak agertoki dituztela. Bilbao Bizkaia Film Comission zerbitzu publikoak eman berri ditu iazko datuak. Zerbitzu horren xedea da Bizkaiko agertokiak aukeratzen dituzten ikus-entzunezko guztien lanak erraztea eta arintzea; eta, haien arabera, 201 ikus-entzunezko ekoizpen gauzatzeko arreta eman dute, eta 128 ekoizpen filmatu dituzte bertako agertokietan.

Lurraldean grabatu zituzten lanen zehaztasunak ere eman dituzte: 42 publizitate iragarki, hamasei bideoklip, hamasei telebista saio, hamabost dokumental, hamahiru film labur, hamar argazki saio, zortzi film luze, bost websail, bi telesail eta ekitaldi bat. Aurreko urtean baino 11 lan gehiago filmatu ziren.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2015ean zerbitzua martxan jarri zutenetik, %231 handitu dira lurraldean ikus-entzunezko ekoizpenak egiteko arreta eskaerak. Arreta emateaz gain, bertan grabatutako lanen kopurua are gehiago hazi da: %290, hain zuzen ere. Lehenengo urte hartan, 87 proiekturi eman zieten arreta. 2016an, kopuru hori ia bikoiztu egin zen: 161 lan izan ziren. Hurrengo urtean, 182 egitasmo egon ziren; eta iaz, 201.

Azkenean gauzatu diren proiektuetan ere goranzko bilakaera nabarmendu dute, nahiz eta azken urtean hazkundea horren handia ez den izan. 2015ean, 44 lan filmatu zituzten. 2016an, kopurua ia hirukoiztu egin zen: 125 proiektu grabatu zituzten. 2018an, 128 izan dira.

Filmatutako lanek izen-abizenak dituzte. Koldo Serra zuzendari bilbotarrak 70 Binladens Bizkaian grabatu du osorik. Bilboko, Getxoko eta Alonsotegiko hainbat agertoki hartu ditu. Martxoaren 8an estreinatuko dute. Aurrestreinaldia Bilbon egingo dute.

Galder Gaztelu zinemagile bilbotarrak hiriburuan filmatu zuen El hoyo. Zorrotza, Iralabarri eta Miribilla izen ziren agertoki. Mikel Ruedaren El doble más quince lanean, berriz, Zorrotza, Zorrotzaurre, Bilbo Zaharra, Artxanda, Europa parkea eta Basurtuko ospitalea ageri dira.

Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra lanean ere jaso dituzte Bizkaiko hainbat txoko. Baita Miguel Angel Gimenezek zuzendutako Sumendia-n ere: Bilboko, Portugaleteko eta Getxoko hainbat leku azaltzen dira.

Azken boladan dauden telesailak ere erakarri dituzte Bizkaiko agertokiek. Iaz, era horretako bi ekoizpen filmatu zituzten osorik Bizkaian: Presunto culpable eta La víctima número 8.

Hainbat merkataritza marka ezagunek ere Bizkaiko hainbat txokotara jo dute euren iragarkiak grabatzera. Automobil markek, informatikari lotutako zerbitzuek, telekomunikazioei lotutakoek,eta bidaiak eta osasuna ardatz dituztenek aukeratu dituzte bertako hainbat leku. Eta zenbait musikari ere konkistatu ditu.

Eragin ekonomikoa

Filmaketa horiek guztiek izandako eragin ekonomikoa azpimarratu dute proiektuaren sustatzaileek. Aldundiak emandako datuen arabera, 13.012.965 euroko eragin ekonomiko zuzena sortu dute. Enpleguari dagokionez, azaldu dute bertako profesionalen 2.629 esku hartze ahalbidetu zituztela, eta guztira lanaldi osoko 169 enplegu sortu zituztela. Zehaztu gabe dago nolako lanak eta baldintzak izan zituzten enplegu horietan aritu zirenek.