Zigilu propioa duen irudi bilduma

Zigilu propioa duen irudi bilduma

Uxue Gutierrez Lorenzo

Eskutitz ilustratuak. Aurrez ikusita, argazki bat. Buelta emanda, atzez, eskuz idatzitako lerroak. Igorleak mezua erdibituta bidaltzen du, gainera. Ezkerreko erdian, irudiko tokian bizitakoaren lekukotza idatzia; eta eskuinean, berriz, hartzailearen inguruko informazioa. Zehazki, izen-abizenak eta helbidea. Gutun azalik ez, eta eskutitzaren parte bihurtzen da nork jaso behar duen eta nora iritsi behar duen mezuak. Eta, nola ez, zigiluak osatzen du objektua, igorlearen ordainketaren erakusle. Elementuen baturaz osatzen dira posta txartelak, garaian garaiko eta tokian tokiko lekukotza pertsonalak. Esaterako, Arratian XX. mendearen lehen erdian bizitakoak.

Izan ere, garai horretako 89 posta txartel bildu, eta argazki erakusketa osatu dute Igorreko Lasarte aretoan, eskualdeko iraganari errepasoa egiteko. Arratia posta txartelean erakusketa hilaren bukaerara arte egongo da ikusgai.

Jon Urutxurtu zeanuriztarra du komisario esposizioak, eta baita bildumaren oinarriaren egile ere. 2014. urtean argitaratu zuen izenburu bereko liburua Urutxurtuk, eta orain formatuz aldatuta aurkeztu ditu irudiak: “Ia 90 argazki bildu ditut, posta txartelen argazkiak, tamaina handian ipinita eta fitxa informatibo batek lagunduta”. Dokumentazio lan mardul bati esker osatu du Urutxurtuk irudi sorta hori.

1906 aurreko argazkiak

Argazkirik zaharrenak 1906. urte aurrekoak dira Areatzako eta Igorreko elizak ageri dituzte; eta berrienak, ostera, 1950eko hamarkadan editatu ziren. Zaila da jakitea zehazki noizkoak diren posta txartel gehienak, baina urte batek markatu zuen aldaketa lagungarri izan du Urutxurtuk: 1906az geroztik hasi ziren agertzen atzealdea erdibituta zuten posta txartelak. Hortaz, data horren aurretik editatu ziren elizen irudiak dituzten bi posta txartelak. Gainerakoek, ordea, berriagoak behar dute, atzealdea banatuta baitaukate.

Bildumagilearen aburuz, balio handiko elementuak dira posta txartelak, eta sare sozialen aurrekari. ” Gaur egun, Interneten garaian bizi gara, baina lehenago, jendeak bidaia bat egiten zuenean, leku bateko informazioa posta txartel bitartez bidaltzen zuen. Gainera, posta txartelak ez dira argazki soilak: pila bat datu biltzen dituzte”.

Jon Urutxurtuk apailatu duen bildumak Arratiako ondare ikonografikoa biltzea du helburu, garaian garaiko argazki zaharrak berreskuratuz eta ezagutaraziz. Eta, hedatutako iritziaren kontra, eskualdea bidaiarien interesgune zela ikusaraztea.”Arratia beti izan da Bizkai zaharkituaren eredua, eta ematen zuen hemendik ez zela inor pasatzen. Irudiek frogatzen dute hori ez dela horrela, Arratiari buruz posta txartelak egin egin zirela”.

Turistentzako erakargarriak suerta zitezkeen zenbait paraje ere bazituen eskualdeak. Areatzako asiloa, Lemoako Burdin Hesia, Gorbeia mendiko gurutzea eta Areatzako bainuetxea, besteak beste. Denak ageri dira posta txarteletan, XX. mendean interesgune bilakatzen hasiak ziren eta. “Jendea, XX. mendearen hasieran, Gorbeia aldera etortzen hasi zen turista gisa, eta horrek eragina izan zuen”.

Bidaiarien oroigarri izateaz gain, tokian tokiko eta garaian garaiko informazio andana biltzen dute posta txartelek: unean uneko etxebizitzak, monumentuak, janzkera, lanbideak eta aisialdiko jarduna islatzen dituzte aurrealdeko irudiek. Oro har, XX. mendearen lehen erdiko Arratiako bizimoduaren erradiografia da erakusketa. “Irudi hauen bitartez, ikus daiteke Arratian egon zena eta gaur egun dagoena. Gauza batzuk mantendu egin dira, eta beste batzuk, desagertu”.

Atzera begirakoa osatuz, ibilbide bat du erakusketak. Urutxurtuk herriz herri antolatu ditu posta txartelak, eta testuinguruz hornitu gutunak. “Posta zerbitzuaren kronologia egin dut: posta txartel bat zer den azaldu, gero zigilua noiz agertu zen, eta, azkenik, posta zerbitzua noiz azaldu zen lehen aldiz munduan”.

Zinema irudiak osagarri

Argazkiekin batera, gehigarri bat erantsi diote erakusketari, Arratiako historiaren lagina osotzeko. “Zenbait familiak filmaturiko zinema irudiak gehitu ditugu”, dio Urutxurtuk. Bertan, besteak beste, Felipe Manterolak Zeanurin 1928. eta 1932. urteen artean filmaturiko irudiak, Julian Elejostek 1964an Arratiako tranbiaren azken bidaiari buruz hartutako irudiak eta Angel Sohok Areatzan filmaturikoak daude ikusgai.