Zer ikusi, hura barneratu

Zer ikusi, hura barneratu

Natalia Salazar Orbe

Kutxa bat zabaldu, eta Afrikako sabanako animalien egunerokoa agertu da begien aurrean. Nkozu elefantearen, Zebele zebraren, Mondonga jirafaren eta orro egiten besterik ez dakien Tunba lehoiaren bizitzak, aurrez aurre. Jolasen bidez, elkarrekin bizitzen ikasiko dute. Denak dira desberdinak, baina aniztasun hori dibertigarria da. Didau antzerki taldeak eramango du Bilbora, gaur, Tunba ipuina. Kaxa ireki, eta mundu berri bat zabalduko da Abandoko udaltegian, euskaraz. Hizkuntza ohiturak finkatzea garrantzitsua baita. Hori hala dela jakitun, XV. Ikusi eta Ikasi programa abiatu dute Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topagunea euskararen aldeko kultur elkarteen federazioak.

Beste behin, 4 eta 8 urte arteko umeentzako egitarau zabala antolatu dute. Maiatzaren 16ra bitarte, 31 ikuskizun eta 44 lantegi edo tailer egingo dituzte Bilboko barruti guztietan. Denera, 75 jarduera izango dira, denak doan. Besteak beste, ipuin kontalariak, magia, antzerkia, zirkua, musika eta dantza eskainiko dituzte. Helburu berari jarraitzen diote denek: umeek aisialdian euskara modu dibertigarrian erabil dezaten sustatzea, kulturaren bidez heziz eta kalitatezko programazio bat eskainiz. Hala jakinarazi du udalak, eta Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzi ordezkariak zehaztu du: “Euskara modu naturalean erabiltzera ohitu daitezen nahi dugu”.

Aitziber Onaindia Euskaltzaleen Topaguneko kideak azaldu du euskara ez dela soilik umeen kontua eta helduak ere inplikatu behar direla. “Gurasoak eta familiak haurren eredu gara”. Narbaiza ere bide beretik mintzatu da: “Denbora horretan gurasoekin batera egon daitezen nahi dugu, eta, apurka, euskara familian sar dadin eta aisialdian gozatzeko hizkuntza bihur dadin”.

Onaindiak jardueren ezaugarri nagusien berri eman du: “Hitzari ematen zaio garrantzia, hizkuntzak —kasu honetan euskarak— tokia izan dezan”. Bestalde, interakzioa landu nahi dute, haurren parte hartzea sustatuz ikuskizunetan eta tailerretan.

Hala ere, euskara ez da izango Ikusi eta Ikasi programako hizkuntza bakarra. Aurten keinu hizkuntzara ere gerturatu direla azaldu du Onaindiak. “Bidelagun izango dugu, eta zenbait ikuskizunetan aldibereko itzulpena izango dute keinu hizkuntzan. Keinu bat egin nahi diegu euskara bezalakoak diren hizkuntza gutxituei. Aldi berean, familiei eta gizarteari adierazi nahi diegu aniztasuna errealitate bat dela”.

Era guztietako ikuskizunek ez ezik, lantegiek edo tailerrek ere oso erantzun ona izaten dute. Aurten 44 antolatu dituzte. Euskaltzaleen Topaguneko kidearen arabera, “ume guztiak desberdinak direla eta zaletasun desberdinak dituztela kontuan hartuta, gustu desberdinak jorratuko dituzten tailerrak egingo ditugu. Gainera, osasunari eta kontsumoari keinu egin nahi izan diegu. Eta horrelako ikuskizunak eta tailerrak programatu ditugu”.

Bost sailetan bereizi dituzte lantegiok: Contact-kids, Euskal Artistak, Txiki Erritmo, Trapuzko Panpinak eta Zientzia Lantegia. Contact-kidsek familia barneko komunikazioa hobetzeko metodologia bat aurkeztuko du; elkar ukitzean datza, gurasoen eta txikien arteko konfiantza hobetzeko. Euskal Artistak arteari buruzko lantegia da, estanpazioaren teknika eta paperezko eskultura txikiak baliatzen dituena. Txiki Erritmon, erritmoa eta gorputz adierazpena uztartuko dituzte, sormena garatzeko, harremanak lantzeko eta adierazteko, eta mugitzeko gaitasunak hobetzeko tresnak eskuratzeko.

Trapuzko panpinak sortuko dituzte laugarren lantegian, irudimena eta plastikozko orratzak baliatuta. Lantegi horretan, helduen laguntza beharko dute oihala, zapitxoak eta feltroa josteko. Azkenik, Zientzia Lantegian, benetako zientzialarien antzera ariko dira umeak, eta, besteak beste, elektrizitatea sortuko dute limoi batekin, eta suziri bat jaurtiko dute espaziora.

Lantegietan edo tailerretan parte hartu nahi dutenek horretarako izena eman behar zuten urtarrilaren bukaera alderako. “Datuak ikusita, aurtengo programa arrakastatsua izango da: 1.500 familiak eman dute izena”. Hala azaldu du Onaindiak. Ahalik eta familia gehienek parte hartzea ziurtatzeko, sendi bakoitzari ez diote utzi bi tailerretan baino gehiagotan izena ematen. Ikuskizunetarako, berriz, ez da izenik eman behar. Auzo bakoitzeko aretoak jarriko du muga.

Ikusi eta Ikasi programa guraso eta ume ugarik eskatzen dute. Iaz, 5.000 lagunek hartu zuten parte. Eskari handi hori dela eta, aurten jarduera gehiago prestatu dituzte: iaz baino zortzi gehiago eskainiko dituzte. Narbaizak azaldu du eskaintza hori guztia Bilbo osora hedatzen saiatu direla: “Barruti guztietan daude Ikusi eta Ikasiko jarduerak ikus daitezkeen eremuak. Auzo guztiek gertu dituzte programazioak”. Beraz, agertoki asko izango ditu: Begoña, Basurtu, Errekalde, Begoñaibarra, Deustu, Santutxu, Zorrotza, Olabeaga eta Abandoko udaltegietan; Ibaialdeko liburutegian; Euskararen Etxean, San Ignazion; Atxuriko auzo etxean; Indautxuko El Carmen aretoan; Zamakolako Juan Delmas eskoletan; Miribillako Iruartetan eta Epaltzaren Alargunaren kalean.

Jarduera guztiak 18:00etan hasiko dira, larunbatetakoak izan ezik: 12:00etan egingo dituzte horiek. Egun batean bi saio badira, berriz, lehenengoa 17:15ean hasiko da, eta bigarrena, 18:30ean.

Hamabost urteko ibilbidea egin du Ikusi eta Ikasi programak. Maiatzaren 16rako, programa bukatzen den egunerako, urtebetetze festa handi bat antolatu dute. Makusi panpina ezagutuko dute umeek hainbat ikuskizunetan. Hura da Ikusi eta Ikasiren maskota, eta hari kantatuko diote Zorionak zuri festan. EPA Txikik antzerki musikatu bat eskainiko du egun horretan. Egun batzuk lehenago, zozketa egingo dute Ikusi eta Ikasi programan parte hartu eta balorazio orria bete dutenen artean. Festa egunean, hainbat sari banatuko dituzte parte hartzaileen artean.