Metropoliaren plaza hutsak gogoetarako toki bilakatzeko erronka

Metropoliaren plaza hutsak gogoetarako toki bilakatzeko erronka

Peru Azpillaga Diez

Etengabeko metamorfosian murgilduta dagoen tximeleta baten antzera, munduak denbora guztian aldatzen du azala. Gutxinaka-gutxinaka, aldaketa txikien metaketek lurrikarak eragiten dituzte gizartean. Aldaketa txiki horiek, ordea, ez dira leku guztietan berdin antzematen.

Euskal Herria ez da salbuespena, eta, besteak beste, Bilbo eta haren inguruan sortutako gune metropolitanoa horren adierazgarri garbia dira: sorbaldan koloretako motxilak hartuta hara-hona banaketa lanetan ibiltzen diren txirrindulariak, fabrika lurperatuen gainean altxatzen diren dorreak, noraezean dabiltzan migranteak, irla bilakatutako auzoak, turistaz beteriko eremu historikoa, alokairuaren prezioaren gorakada, mugikortasuna irauli duten garraio molde berriak… Gizartearen metamorfosiaren zantzuak ageriago geratzen dira hiri eta metropolietan.

Halaxe uste du Ibon Meñika Plaza Hutsa proiektuko kideak: “Maila ezberdinetan antzeman daiteke; gure herria munduko gizartearen eskala txiki bat baldin bada, heren bat, errealitate berdinean bizi da”. Bilbo Handiaz edo euskal metropoliaz ari da Meñika. “Bertan gehiago azaleratzen dira aldaketak. Eta ez soilik ikuspegi demografiko batetik; ikusten da erronka ugariren bilgune moduko bat direla: kulturalak, politikoak, sozialak, ekonomikoak… Hots, mundu mailan eta globalizazio kultural baten barruan joera askorekin lotuta daukagun plaza bat dela”, ondorioztatu du.

Horien artean, migrazioa, hezkuntza, euskara edota nazio ikuspegia aipatu ditu Meñikak: “Euskal Herri berria, XXI. mendekoa, errealitate horretan bizi diren pertsonen eskura jartzeko erronka dugu, eta hori nola gauzatzen den aztertzeko edo asmatzeko dago oraindik”.

Horregatik, Plaza Hutsa egitasmokoek arreta berezia jarri nahi diote Bizkaiko metropoliari; errealitate soziopolitiko “oso konplexua” duelako. Jada egiten den lana edota martxan dauden proiektuak aztertu nahi dituzte. “Zer eztabaida, sinergia eta saretze lan osa ditzakegun ikusi behar dugu. Euskal metropolian bizi eta lan egiten duten herritar guztiei zer eskaintza politiko egin diezaiekegun jakiteko”. Horri erantzuteko sortu dute Plaza Hutsa proiektua, ezkerretik eta abertzaletasunetik zenbait gairen inguruan hausnarketa sustatu eta egungo “korapiloak” askatzeko.

Hain zuzen ere, bihar bertan abiatuko dute metropoliaren inguruko hausnarketa, Portugaleteko merkatuan, goiz osoko egitarauarekin. Ariketa praktiko moduan planteatu dute, eta egun herrigintzan diharduten hainbat egitasmo eta proiektu bilduko dituzte, errealitate berean filosofia, diskurtso eta praktika ugari elkarrekin bizi direla azaleratzeko. “Hiri handi batean bizitzeak elkar ezagutzeko bitartekorik ez izatea eragiten du askotan, modu atomizatuago batean bizitzearen ondorioz”, azaldu du Meñikak.

“Guk, Plaza Hutsa honen bitartez, elkar ezagutza sustatu nahi dugu”. Hala, proiektuen azoka bat egingo dute: “Ez dira dauden bakarrak, baina ikusarazi nahi dugu badaudela zailtasunei aurre egin eta martxan dauden proiektu inspiratzaileak; eta horien zabalpena egin nahi dugu”. Horren bidez, proiektuen arteko sinergiak areagotu edota proiektu berriak eratzeko planteamenduak sortzea bultzatu nahi dute.

Meñikak adierazi duenez, hainbat motatako proiektuak bilduko dituzte. Adibidez, arlo teknologikoari lotuta, Izarkoop telekomunikazioen arloan egungo ereduari alternatiba bat eskaintzen dion egitasmoa; Goiener energia berriztagarriekin lan egiten duen kooperatiba; edota Mastodon.eus sare soziala. Horretaz gain, arazo estrukturalak metropolietan areagotu egiten direla argudiatuta, horiekiko erreakzio gisa sortutako zenbait mugimendu ere izango direla azaldu du Meñikak: Pentsionistak Martxan eta Oneka emakume pentsiodunen plataforma, Eragin gazte prekarioen asanblada, Mairienea Basauriko emakume etxea edota autokudeaketaren bitartez sortutako espazio askeak: Bizinahi, Karmela eta Portugaleteko merkatua bera.

“Proiektuen zabalpenaren bitartez, beste batzuk sustatu eta hortik sortu daitezkeen sinergiak baliatu nahi ditugu”. Errealitate sozial “konplexu” batean bizi garenez, “erronka handia” dela deritzo Meñikak. Hala ere, uste du pausoak eman daitezkeela kontzientzia hartzeko eta gogoeta egiteko; “hain zuzen, horretarako jaio da Plaza Hutsa”.

Arloz arloko egitasmoa

“[Joseba] Sarrionandiak pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera gisa definitu zuen Plaza Hutsa; guk, metafora horretatik abiatuta, hausnarketa prozesu bati erantzungo dion ekimen ireki bat sustatu nahi dugu”, azaldu du.

Euskal Herriak “fase historiko bat” itxi duela deritzo Meñikak, eta, hortaz, eskaintza politiko “berritzaile” bat garatzeko prozesu baten beharra duela. “Euskal Herriak testuinguru berezi bat du, eta, mundu mailako elementuek eragiten badiote ere, baditu bere barruan errealitatearen erradiografia egiteko elementu batzuk; hots, sumatu genuen kezka, erronka eta esperantza berberak dituen jende asko dagoela”. Hala, ondorioztatu dute garaia dela egun gizarteak duen abiaduratik “ihes egin” eta “egun batetik besterako tarteaz haratago” hausnartzeko: “Egun dugun inteligentzia kolektiboa aktibatu behar dugu, herri bat eraikitzeko arlo ezberdinetako gogoeta eta ekintzailetza sustatuz”.

Urtarrilaren 12an Durangoko Landako gunean egin zuten tailerra izan da Plaza Hutsa egitasmoaren agerraldi nagusia. Bertan, arloz arlo, 270 pertsonak zenbait eztabaidatan hartu zuten parte. Izan ere, Bizkai metropolitanoaz gain, zenbait arlo jorratuko ditu Plaza Hutsa egitasmoak: euskara eta euskalduntzea, hezkuntza, euskal feminismoa edota udalgintza.

Besteak beste, hezkuntzaren inguruan abiatutako hausnarketari jarraipena emango diote gaur, Bilboko La Bolsa eraikinean. “Gogoeta kolektiborako beste adibide bat da, egungo hezkuntza sistemek tope egin dutelako hainbat arlotan: euskalduntze prozesuan, segregazioaren arazoan edota finantzaketa ereduan”.