“Ekintza motibagarrien bidez helduko da euskara gazteengana”

“Ekintza motibagarrien bidez helduko da euskara gazteengana”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Soziologoa eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea da Jone Goirigolzarri (Getxo, 1984). Euskararen erabilerari buruzko hainbat ikerketa egin ditu, gazteei bereziki begiratuta. Ohartarazi du hirietan ere gazteek haientzat baliagarri izango den hizkuntza ez-formal eta bizi baten premia dutela.

Euskal hiztun berrien errealitateari buruzko azterketa egina duzu. Zein da errealitate hori?

Ondorio nagusia da etxetik kanpo euskaldundu direnen artean itzelezko aniztasuna dagoela eta ezin ditugula hartu talde homogeneotzat. Badira herri oso euskaldunetan jaio direnak eta bertan euskaldundu diren gazteak, edo adin batekin euskaldundu eta gero euren bizitza euskaraz garatu duten pertsonak, baina badaude ere Bilboren moduko hiri batean euskara eskolara mugatu duten pertsona asko. Profilak oso ezberdinak dira.

Aniztasun horretan, erraztasun gehiago izango dute batzuek eta gutxiago besteek…

Guk ikerketan euskaldun osoak aztertu genituen; euskaraz berba egiteko arazorik ez daukatenak. Bai azterketa horretan eta bai gerora gazteegaz egin ditugunetan, ikusi dugu gaitasunaren kontua handikap handia dela hiztun berri askorentzat; gaitasuna errealitate konplexua dela, eta erregistroarekin zerikusia duela askotan. Adibidez, gazte askok izugarrizko muga sentitzen dute, ez dutelako erregistro ez-formal edo lagunarteko bat. Eta, noski, horren faltan, zelan egingo dute euskaraz lagunekin, ez badute benetan behar duten hizkuntza? Euskalkiaren gaia sarri agertzen da, euskalkia benetako euskara balitz bezala. Faltan sumatzen dute euskalki bat edo erregistro ez-formal bat, bizia, alaia…

Esan nahi duzu adibidez eskolan ikasitako hizkuntza formal bat izan dezaketela gazteek baina ez-formala falta zaiela?

Noski. Batzuk nahiago dute unibertsitate ikasketak ere euskaraz egin, horretara ohituta daudelako. Baina eremu horretatik kanpo hasten dira euren konplexuak.

Nola egin ahal zaio aurre horri?

Uste dut hausnartu egin behar dela, asko, zeren itzela da zelan bizi garen aurreiritziz beteta. Aurreiritzi horiek kaltegarri dira erabilerarako, eta, horregatik, uste dut oso inportantea dela lanketa soziolinguistikoa egitea. Baina ez kanpotik datorkizun lanketa soziolinguistikoa, baizik norberak bizi duenari buruzkoa. Gu euren bizipenetan oinarritu gara azterketa egiteko: zer egiten duten galdetu diegu, zelan sentitzen diren… eta etiketak agertzen dira hor; dagoeneko ez horrenbeste euskaldun berriaren etiketa, baina sarri agertu da herriko euskaldunen gaia. Herrietako euskaldunak dira euskaldun peto-petoak, euskaraz perfekto egiten dutenak. Eta herrietakoak ez direnei beldurrak sortzen zaizkie: zer pentsatuko duten euretaz. Izugarri mugatzailea da hori, lotsak eta beldurrak sortzen baititu. Horri gehitzen zaio bestea ez dela txarto, deseroso sentiarazi nahi. Ondorioz, badaezpada, gaztelerara jotzen dute. Konturatu gara horri guztiari buruz pentsatzeko tartea hartzea, hausnartzea, gakoa dela benetan aldaketak abiatzeko, mudantza linguistiko hori hasteko.

Arrazoi identitarioen eragina aipatzen duzue azterketan. Badu indarra oraindik?

Badu. Egia da euskara ikasteko motibazioak aniztu egin direla. Frankismo osteko garaian eta, arrazoi identitarioek indar handia zuten. Euskara normalizatu edo zabaldu ahala, bestelako motibazioak sortu dira; motibazio instrumentalak badaude. Baina beste gauza bat da euskaraz bizitzera salto egiteko momentua. Hor bai behar da beste zerbait. Izan daiteke herri euskaldun batean zaudela eta bertan integratzeko erreminta instrumentala dela hizkuntza. Baina egia da salto egiteko lotura identitario edo kultural bat behar dela gehienetan: sentitzea zure hizkuntza dela edo zure hizkuntza izatea gura duzula bertakoa delako… Hori mantentzen da benetan euskaraz bizi nahi duten pertsonen artean.

Gazteei buruz esaten da ez dutela euskaraz egiten. Errealitatean oinarritzen da kritika hori?

Oso erraza da kritikatzea. Lehengo garai hartan euskaldundu zirenak oso motibatuta zeudelako euskaldundu ziren. Gaurko gazteen kasuan sarritan ez da hori gertatzen. Euskara eman egin zaie hezkuntzaren bitartez. Ikerketan ikusi dugu gazteen artean ez dagoela hausnarketa berezirik euskararen inguruan. Azken batean, eurentzat euskara da eskolan jaso duten hizkuntza. Badaude halako diskurtso batzuk bertako hizkuntza dela eta halakoak, baina barne hausnarketa bako esaldi eginak balira bezala. Normala da, eurek ez dutelako bizi izan besteek bizi izan zuten prozesua. Eskola oso lagungarria da euskalduntzeko, baina eskola ez da gauza erakargarria gazteentzako. Hizkuntza bat erakargarri ez den zerbaitekin lotzen bada, ez da erakargarri izango askorentzako. Euskara ikasgaiagaz lotzen baduzu, gainera, aditzagaz eta deklinabideegaz, oraindik gutxiago. Ikerketatxo bat egin genuen Bilbon. Foro bat antolatu genuen 14 eta 24 urte bitarteko gazteegaz, eta euskara nola sustatu asmatu nahian, publizitate iragarki bat egitea eskatu genien azken ariketa moduan. Gaztetxoenek horixe islatu zuten: lehenengo eszena eskolan zen, ikasgelan; dena iluna, grisa, asperdura aurpegiak… Eta, bat-batean, hori apurtu, eta agertzen zen hondartza, jaia, kolorea… Eskolarekiko apurketa hori behar da, eta euskara lotzea lagunarteagaz, poztasunagaz, dibertsioagaz. Euskara horregaz lotzen badugu, hurbilduko dira.

Nola sustatu hori?

Lehenengo eta behin, asko azpimarratu diguten ideia da ez dela jarri behar euskara etiketa; dagoeneko ez da erakargarria. Egin genuen foro batean, adibidez, itzelezko arazoak izan genituen parte hartzaileak bilatzeko. Guk esan genuen: ‘bi zapatu goiz, dinamika honekin, euskararen inguruan berba egiteko’. Nor apuntatuko da? Etiketa kendu eta eurentzat interesgarriak diren ekintzak antolatzen badira, joango dira. Irizpide linguistikoekin eta irizpide bategaz, baina gustuko dituzten ekintzak behar dira. Uste dut egin behar dela halako ahalegin makro bat eskolaz kanpoko jardueretan eta aisialdian euskaraz izango diren ekintzak sartzeko. Hor, monitoreen zeregina oso garrantzitsua da. Gazteak badira, euren adinetik hurbilekoak, eta euskaraz egiten dutenak bai batekin bai bestearekin eta bestearekin, koherentzia mantenduta, erreferentzia garrantzitsua sortuko da. Baina bide horretatik: eurentzako motibagarriak diren jardueretatik sartuko da euskara gazteen bizitzan.

Egoera horretan, zer lor dezake Euskaraldiak?

Uste dut Euskaraldia salto kualitatibo inportantea izan dela euskararen iraute prozesuan; euskararen alde zegoena ekitera pasatu da, hori praktikan jarri du. Uste dut oso indartsua eta aberatsa den bide bat zabaldu duela, eta logika horretan jarraitu behar dela, aukera desberdinak probatuz. Eta larregiko kritikotasun gabe. Euskaraldian jende piloak parte hartu du: ekinaldi batean 225.000 pertsonak parte hartzea itzela da. Hain masiboa den kontu batean ere aniztasuna sartzen da, eta, beraz, parte hartze diferenteak egongo dira. Bakoitzak bere bidea egingo du, baina hori errespetatu egin behar da, eta malguak izan behar dugu; bestela, galduta gaude. Euskaraldiak zapore gozoa utzi du, eta jendeak hurrengorako gogoa du. Inportantea da hori, bizipenak konpartitzea, beste batzuen bizipenekin identifikatua sentitzea eta sare bat sortzea. Batzuek egin dute aldaketa, eta, tira, pentsatzen duzu: ba posible da.