Sorginen landan

Sorginen landan

Natalia Salazar Orbe

Izakiei edo pertsonaiei ez ezik, sarri asko leku jakinei lotuta ere egoten dira kondairak. Busturialdean, esaterako, bada Eperlanda izeneko landa bat. Sorginek, bertan elkartu, eta akelarreak egiten omen zituzten Muxikako inguru horretan, bi muinoren artean. Jakin-minaren gosea ase nahian han agertu zen morroi bat du protagonista elezahar honek: Sorginberri.

Kondairetan, emakumeak ageri ohi dira sorgin moduan. Hala gertatzen da gehienetan. Baina gizonezko sorginak ere izaten ziren. Ia inoiz ez dituzte aipatzen. Aipatzekotan, sorgin izendatzen dituzte horiek ere. Zenbaitetan, intxitxu ere esaten diete. Hala jaso du Toti Martinez de Lezeak Euskal Herriko Leiendak liburuan. Jose Miguel Barandiaranen El Mundo de la mente popular vasca lanetik hartu zuen berak kondaira.

Kortezubiko baserri batean ama-alaba batzuk bizi ziren. Morroi bat ere bazuten, baserrian sortzen diren denetariko lanetan laguntzeko. Emakumeek, ostiral gauero, erritual bera egiten zuten: soinekorik dotoreenak janzten zituzten, kontu handiz orrazten ziren, eta etxetik ateratzen ziren. Ordu luzez egoten ziren kanpoan. Goizalde berandura arte ez ziren itzultzen.

Gizonak ezin zion eutsi jakin-minari. Nora joaten ote ziren biak ostiralero? Nola edo hala argitu behar zuela pentsatu zuen. Hala, emakumeak ateratzeko prestatzen ari ziren egun batean, txoko batean ezkutatu zen.

Morroia lo zegoelakoan, ama-alabak sukaldera joan ziren. Sutegiaren azpian gordeta zeukaten lapiko bat atera zuten, eta hankak eta besoak igurtzi zituzten barruan zegoen ukendu batez. Erritual hori bukatzean gertatu zena sinisteko zaila egin zitzaion morroiari: “Sasien gainetik eta arbolen azpitik joaten dira sorginak akelarrera” formula magikoa esan, eta, berehala, desagertu egin ziren biak.

Gordelekutik ikaratuta atera zen gizona, ikusitakoa ezin barneratuta. Beldurra baino handiagoa zuen jakin-mina, ordea, eta ugazabek hartutako bideak nora eraman zituen jakin behar zuela erabaki zuen. Birritan pentsatu gabe, berak ere lapikoan zegoen ukendua hartu zuen, eta gorputz guztia igurzteari ekin zion.

Esan beharreko formula magikoa ez zuen gogoratzen behar bezala, ordea. “Sasien gainetik eta arbolen azpitik” esan ordez, “sasien azpitik eta arbolen gainetik joaten dira sorginak akelarrera” esan zuen berak.

Hura ere desagertu egin zen baserriko sukaldetik, eta lehenago bi emakumeek egindako bidea egin zuen hark ere. Hegan zeraman indarrak sasi, asun eta denetariko zuhaixken artetik eraman zuen, eta arbolaz arbola, kolpeka.

Azkenean iritsi zen jakin-minak eraman zuen lekura. Eperlandan zegoen. Itxura penagarria zuen, urraduraz eta ubelduraz beteta.

Ez zen oharkabean sartu, gainera. Ehunka sorgin elkartuta zeuden bertan, gizon eta emakume. Egoera hartan ikusi zutenean, ezin izan zioten eutsi barregurari. Algaraka hasi ziren denak. Iritsi berria beste bat balitz bezala onartu zuten euren topaketa hartan, eta Sorginberri izendatu zuten, sartu berria zelako.

Era horretako batzarretan, bete beharreko errituak izaten ziren. Akerbeltz zen batzarraren burua, eta sorgin guztiak gerturatzen ziren harengana, atzealdean musu ematera.

Sorginberriri ere iritsi zitzaion txanda. Baina ipurdia musukatu ordez, poltsikoan beti eramaten zuen abarkak josteko orratz bat atera zuen, eta Akerbeltzi sartu zion.

Ziztadak ezustean harrapatu zuen Akerbeltz. Salto egin, eta esan zuen: “Sorginberri, bizar zorrotza daukak!”. Eta hark erantzun: “Jesus, hori ipurtzulo beltza”. Hori esan bezain laster, desagertu egin ziren ordura arte Eperlanda betetzen zuten sorgin guztiak. Bakar bakarrik aurkitu zuen bere burua, orduan, Sorginberrik, gaueko ordu txikietan. Landan zegoen, hara nola iritsi zen oso ondo jakin gabe. Ez zekien gertatutako guztia amets bat izan ote zen. Hala ere, etxera eramango zuen formula esatea beste ideiarik ez zitzaion bururatu. Orduko hartan ere oker egin zuen, ordea: “Sasi guztien azpitik eta arbolen gainetik itzultzen dira sorginak etxera”, esan zuen. Berriz ere sasien artetik eta arbolaz arbola iritsi zen etxera, ubelduraz beteta. Etxean salbu zegoela ikusi zuenean, bere gauza guztiak jaso, eta korrika atera zen baserritik. Ez zuen inor agurtu, eta zor zioten soldata ere ez zuen eskatu.