“Orkestrara sartzeko probak gogorrak dira, lan asko egin behar da”

“Orkestrara sartzeko probak gogorrak dira, lan asko egin behar da”

Ane Maruri Aransolo

“La, re, sol eta do”, dio biolontxeloak; baina, instrumentuaren hariak zuzen zapaltzen jakinez gero, bestelako esaldiak ere esan ditzake musikariak. Harizko instrumentuen familiako musika tresna da txeloa, eta horixe jotzen igarotzen ditu hainbat eta hainbat ordu Ainhize Azkarai musikari gazteak (Muxika, 2007). Euskadiko Ikasleen Orkestraren parte izateko hautatu dute aurten. Horra heltzeko, lan “gogorra” egin behar izan du Azkaraik, eta, dioenez, prestaketa lanetan asko lagundu dio Arantza Etxabe musika irakasleak.

Euskadiko Ikasleen Orkestra Gaztean sartu zara. Nola hartu zenuen berria?

Ainhize Azkarai: Orkestra gaztean sartzeak ilusio berezia egiten dit, musikaren munduan esperientzia berri bat da, eta pozik nago hor egotearekin.

Zer egin behar da Euskadiko Ikasleen Orkestran egoteko?

A.A.: Proba batzuk pasatu behar izan ditut, zer maila daukadan erakusteko. Bilbon egin ditut aurten probak, eta, horiek burututakoan, taldearen parte bihurtuko zaren edo ez esaten dizute; hilabete bateko tartean.

Nola sortu zitzaizun Euskadiko Ikasleen Orkestra Gaztean parte hartzeko ideia?

Arantza Etxabe: Iaz, nik animatu nuen izena ematera; baina, aurten, bere ideia izan da, eta berak hartutako erabakiagaz egin dugu lan. Izena emateko epea ireki zenean, abisua eman nion, eta hara joatea erabaki zuen.

A.A.: Iaz joan nintzenez, aurten ere joatea erabaki nuen. Abenduaren 1ean egin nituen probak Bilbon, eta urtarrilaren erdialdean jakin nuen hartu nindutela.

Zer sentitu zenuen sarbide proban aritzean?

A.A.: Aurkezten nintzen bigarren aldia zenez, aurrekoan baino lasaiago joan nintzen, baina urduri nengoen. Iaz, denbora luzez egon nintzen nire txandaren zain, eta, aurten, lehenengoa izan nintzen proba egiten. Horrek urduritasunak kendu eta lagundu egin zidala pentsatzen dut.

Pasatu beharreko probak gogorrak izan ohi dira?

A.E.: Euskadiko Ikasleen Orkestran sartzeko egindako lana harro egotekoa da, probek badutelako bere zailtasuna. Orkestra txikian sartzeko, kontserbatorioko lehenengo mailako gaitasuna eskatzen dute, eta hori maila handia da. Musika eskoletan lantzen den maila baino handiagoa da berez, baina guk eskola orduak egokitu ditugu. Hala, eskatzen duten maila horretara iristea lortu dugu; kontserbatorioko mailara, alegia.

Prestakuntzek denbora luzea eskatzen dute.

A.A.: Eskolako lana egiteaz gain, etxean ere asko entseatu behar da. Ez dut egunero hartzen biolontxeloa, baina gustatzen zait ahal dudan guztietan eseri eta instrumentua jotzea. Probak gogorrak dira, eta lan asko egin dut horiek gainditzeko.

A.E.: Euskadiko Ikasleen Orkestrara joateko erabakia hartuta, prestaketa lanei ekin genien, eta Ainhizeren erantzuna oso ona izan da. Dena eman du, eta lortu du. Ordu nahikotxo sartu ditugu eskoletan; gehienbat, bera lasai egoteko eta probagaz gustura geratzeko lan egin dugu.

Euskadiko Ikasleen Orkestrara sartzea lortu duzuen guztiok elkartu zarete baten baten?

A.A.: Dagoenerako egin dugu lehenengo saioa. Orain dela bi aste elkartu ginen, eta igande osoa igaro genuen Bilboko kontserbatorioan. Lehenengo, biolontxeloen taldeak bakarrik entseatu genuen, eta, gero, taldean elkartu ginen. Oraindik, taldera ohitu behar naiz, baina gustura nago.

Hurrengo igandean elkartuko gara berriro ere. Izan ere, martxoaren 4an eta 5ean kontzertua daukagu, eta hori prestatu behar dugu. Igandeetan batuko gara, baina aurrerago ikastaro trinkoak ere egingo ditugula uste dut.

Musika taldean aritzeko esperientzia badaukazu, ezta?

A.A.: Musika eskolako bandan eta biolontxeloen orkestran jotzen dut. Hala ere, guztiz desberdina da batean eta bestean jotzea. Batean, denak harizko musika tresnak direlako, eta, bandan, denetariko instrumentuak daudelako.

Noiz hasi zinen txeloa jotzen?

A.A.: 7 urterekin hasi nintzen biolontxeloarekin, Segundo Olaeta musika eskolan izena eman nuenean. Hobby moduan hartzen dut musika ikastea. Ez dakit etorkizunean zer nahiko dudan, baina orain daukadan aukera berezia da, eta aprobetxatu behar da.

A.E.: Denbora gutxian asko lortu du. Bost urte daramatza biolontxeloagaz, eta egin dituen lorpenak oso onak izan dira. Egiten duen lana da garrantzitsuena, eta argi dago asko ikasi duela.

Ikasle aurreratua da, beraz.

A.E.: Ainhizeren moduko ikasleak edukitzeak asko pozten zaitu, eta harrotzekoa da; oso pozik nago haren lanagaz. Saioak prestatzea lana da niretzat, baina berak beti erantzuten du, eta hori pozgarria da. Aurrerantz goaz elkarrekin, eta, nora helduko garen jakin ez arren, pausoak ematen jarraitzeko gogoa daukagu.

Esperientzia hartzeko aukerarik onena da Euskadiko Ikasleen Orkestra?

A.E.: Ainhizerentzat aukera ederra dela uste dut. Ikasleen orkestran egoteak benetako orkestra handiak nola kudeatzen diren erakutsiko diolako. Besteak beste, bere buruari goi mailan jo dezakeela erakutsiko dio. Gozatu egingo duela pentsatzen dut, esperientzia oso aberasgarria delako. Haren erabakia izan da, eta disfrutatzen dabilelakoan nago.

A.A.: Aukera ona da. Pena apur bat eman zidan lehenengo urtean sartu ez izanak, baina banekien beste aukera batzuk ere egongo zirela.