“Behar bezala jokatuz gero, edonori irabaz diezaiokegu”

“Behar bezala jokatuz gero, edonori irabaz diezaiokegu”

N. S. O.

Ohorezko Mailatik jaitsi gabe bost urte egin dituen gurpil gaineko saskibaloiko taldeko kapitaina da Asier Garcia (Bilbo, 1981). Asteburuko partidetan defentsa indartsua egin behar dutela uste du.

Azken denboraldietan, talde indartsu baten irudia eman du Bidaideak BSRk. Emaitzek ere hala utzi dute agerian. Taldeak berak hala sentitzen du?

Egia da. Azken urteetan, taldea finkatu egin da Ohorezko Mailan. Ohorezko Mailara igo eta gero berriz jaitsi ibili den talde bat izan da gurea. Bospasei urte daramatzagu Ohorezko Mailan, eta emaitzak onak izaten ari dira. Iaz, esaterako, Ligako txapeldunorde izan ginen. Aurten, borrokan ariko gara Liga, Kopa edo Txapeldunen Ligako finala irabazteko. Ez dakit zer lortuko dugun, baina buru-belarri saiatuko gara. Ohorezko Mailan finkatuta gaude, eta hazkundea erraldoia izan da.

Zer-nola dago taldea Txapeldunen Ligara begira?

Badakigu oso zaila izango dela. Europako talderik onenek hartzen dute parte lehiaketa horretan. Iaz Euroliga I-eko txapeldunorde izan ginen. Zaila izan zen hura ere, eta Europako txapelketen artean bigarren koska zen. Aurten beste maila bat igo dugu: Txapeldunen Ligan hartuko dugu parte. Bertan ariko diren taldeak benetako potentziak dira bai jokalariei eta bai baliabide ekonomikoei dagokienez. Guk talde ona dugu, eta, behar bezala jokatuz gero, edonori irabaz diezaiokegu. Hala ere, badakigu oso zaila izango dela. Ilusio handiz goaz Italiara, eta lan ona egin nahi dugu fase labur honetan.

Zeintzuk dira zuen indar eta ahulguneak?

Partidari erritmo bizia emateko gai gara. Markagailuak estu eta baxu badaude, 60 edo 70 puntura, arazoak izango ditugu. Baina saioak tanto askoko partida bihurtzen baditugu, abantaila hartuko dugu. Izan ere, abiadura azkarra eta garaiera ditugu, eta horrek modua ematen digu puntuak eroso lortzeko. Nire ustez, defentsa indartsua egitea izango da gakoa. Hori lortuz gero, partidak irabaz ditzakegula uste dut.

Aurkari izango dituzuen Europako beste taldeek zer-nolako maila dute?

Aurretiko fase hau antolatzen duen taldea aurkituko dugu, Italiako Cantu; oso ekipo indartsua dauka. Galatasaray ere egongo da; Europan hark lortu du sari gehien gurpil gaineko saskibaloian. Iaz, Euroligako finala irabazi zigun. Bestalde, Hanburgo ere ariko da, eta Alemaniako ligan tituluak lortzeko borrokan aritzen den talde bat da. Talderik ahulena Errusiako Nevski izango da, ziurrenik. Multzoko Errauskine da, a priori. Aurkari zailak dira denak, baina gauzak ondo eginez gero edozeini irabazi diezaiokegun ilusioarekin goaz.

Zuentzat zer esan nahi du Txapeldunen Ligara iristeak?

Azken urteetan klubak egin duen lana berresteko modua da. Izugarri hazi da. Onenekin eta onenen kontra jokatzeak —lehian aritzeko aukerekin, gainera— berresten du klubean gauzak oso ondo egiten ari direla. Beste taldeek bezalako aurrekontu handirik ez daukagu, baina gauzak ondo egiten ari gara. Taldea oso ondo egituratuta dago. Gurpil gaineko saskibaloiaasko zabaltzen ari da Bilbon eta Bizkaian. Modu bat da mahaian kolpea eman eta Bizkaiko saskibaloiari esateko hemen eliteko talde bat dagoela, eta jendeak gurekin gozatzeko modu bat ere bai.

Zeintzuk helburu jarri dizkiozue zeuen buruari?

Bereziki, Txapeldunen Ligako aurreko fase honetarako, final-laurdenetarako sailkatzea. Bost taldek osatutako multzotik bi lehenen artean geratu behar gara martxoan lehiatuko diren final-laurdenetan sartzeko. Lortuko dugu edo ez, baina gure helburu nagusia izan behar da final-laurden horietarako sailkatzea.

Gero eta ospe eta izen handiagoa lortzen ari zarete. Babesa ere maila berean nabari duzue?

Bai. Gero eta ikus-entzule gehiago batzen dira; komunikabideek oihartzun zabala ematen diote, eta asko hazi da. Enpresa pribaturen batek proiektuari babes handiagoa ematea beharko genuke, kirola ezin baita bizi soilik diru laguntza publikoetatik edo Bidaideak elkarteak ematen digun babesetik. Nahiko genuke enpresa pribaturen batek proiektuari laguntza ematea. Komunikabideetan agertzea lagungarria da.

Zer esan nahi du elbarri batentzat kirol maila honetara iristeak?

Bizitzeko estilo bat da. Hemezortzi urte daramatzat gurpil gaineko saskibaloian jokatzen. Inoiz ez nuen pentsatu horrenbeste urte egingo nituenik edo nire bizitza osoa eliteko kirolaren inguruan antolatuko nuenik. Nik uste dut, eta nire taldeko kideek ere hala uste dutela esango nuke, azkenean bizitzeko estilo bilakatzen dela kirola egiteko eta aktibo egoteko modu gisa hasten dena: eliteko kirolari izateko, entrenatzeko eta erabateko dedikazioa eskaintzeko modu bat. Eliteko kirolaritzat dugu geure burua, eta entrenatu eta horrekin gozatzen dugu.