Obrak berregokitzeko eskatu dio Durangoko Udalak Jaurlaritzari

Obrak berregokitzeko eskatu dio Durangoko Udalak Jaurlaritzari

Peru Azpillaga Diez

Durangoko trenbidea lurperatzearen ondorioz libratutako lursailean uztailean hasi ziren lanean. Durangoko Udalak orain dela hamabi urte onartu zituen Jaurlaritzaren proposamenaren oinarriak, baina, krisi ekonomikoa dela eta, lanak ez ziren uztailera arte abiatu. Ez dute biderik egin, ordea.

Izan ere, aurreikusitako eraikuntzak berregokitzeko eskatu dio Durangoko Udalak, aste honetan, Jaurlaritzari. Onartutako planaren arabera, hamazortzi solairuko bost dorre eta babes ofizialeko etxebizitzen eraikin bat altxatzeko asmoa dago oraindik hutsik dagoen lursailean. Egitasmoak, ordea, hautsak harrotu zituen herrian. Zenbait urte gordeta eduki ostean, udalak, hirigintza proiektua aurkeztu, eta lanak abiatuko zituela esan zuen, baina, berehala, biztanle ugariren desadostasuna piztu zen herrian.

Herritar horiek Erabaki plataforma sortzea adostu zuten, obrak gelditu eta herri galdeketa baten bidez lursail horren etorkizuna biztanle guztien artean erabakitzeko helburuarekin. Sinadurak lortu ostean, galdeketaren ideiak aurrera egin zuen, baina ez haiek esperotako formatuan. Udalak ez zuen onartu galdeketa egin bitartean lanak bertan behera uzteko eskaera, eta plataformak proposatutako galdera ere aintzat ez hartzea erabaki zuen.

Astelehenean, ordea, Aitziber Irigoras Durangoko alkateak obrak berregokitzeko eskatu zion Jaurlaritzari, eta, hala, beste kapitulu bat ireki du orain dela hamabi urte hasitako egitasmoaren garapenean; badirudi durangarrek luze itxaron beharko dutela amaigabeko istorio baten tankera hartzen ari den proiektu hori amaituta ikusteko.

Aldatu egin dira beharrak

Durangoko Udalak jakinarazitakoaren arabera, Irigorasek eskutitz bat bidali dio Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari. Bertan, alkateak azaldu du azken hamabi urteetan, hots, egitasmoa onartu zenetik gaur egun arte “nabarmen” aldatu dela egoera soziodemografikoa, eta, ondorioz, etxebizitzen beharrak ere aldatu egin direla.

Hortaz, alkateak idatzian adierazi du “zailtasun handiak” egongo direla higiezinak merkaturatzeko, aurreikusitako eraikuntzen tamaina dela medio, eta kontuan izanik ezingo direla “lote txikiagoetan” banandu. Hori dela eta, Irigorasek Jaurlaritzari eskatu dio aurreikusitako eraikuntzak berregokitzeko, gaur egun Durangon dauden eta etorkizunean egon daitezkeen beharrekin bat egin dezaten.

Aipatzekoa da, era berean, batzorde berezi batek lursailaren inguruko herri galdeketaren nondik norakoak zehaztuko dituela, aste honetan Durangoko Erabaki plataformak osoko bilkuran aurkeztutako mozioaren ondorioz. Erabakik proiektua gelditzeko proposamena eta Durangoko erroldaren %15ek sinaturiko galdera eramango ditu komisio horretara: egun onartuta dagoen proiektua bertan behera utzi eta “durangar guztien parte hartzearen bidez” proiektu berri bat martxan jarri dezaten eskatzeko.

Erabakiren ustez, ez da bateragarria lur horien inguruko galdeketa egitea eta proiektuaren lanekin aurrera jarraitzea: “EAJk eta PSEk ez dute herritarren borondatea errespetatu; Durangok erabaki egin nahi du. Galdeketa egiten denean trenaren lurrak jadanik urbanizaturik badaude, galdeketa bera baldintzatuko dute”. Gainera, “harrituta” azaldu dira alkateak Jaurlaritzari egindako eskaerarekin: “Zer dela-eta diote proiektua ez datorrela bat egoera sozioekonomikoarekin, orain arte kontrakoa esan badute eta lanekin aurrera jarraitu badute?”.