Igande goizetako fotogramek erakarrita

Igande goizetako fotogramek erakarrita

Natalia Salazar Orbe

Zuri-beltzean proiektatutako film baten fotogramak oroitarazten ditu: eguerdia iritsi orduko, goizetik kalean ibilitako herritarrak zine aretoetan sartzen erakusten dituzte irudiek. Igandea da. Ilarak ez dira asko luzatzen, eta, batez ere, umeak daramatzaten familiak daude bertan. Hainbat urte atzera eginda hartutako irudiak ematen dute agian, baina gaur egun Bizkaiko zenbait aretok bultzatutako egitasmo batek sortuak dira: igande goizetan emanaldiak egiten dituzte, urriaz geroztik, Azkuna zentroko Golem zineetan eta Barakaldoko Max Ocioko Cinesakoetan.

1970eko hamarkadan, esaterako, izaten zen era horretako aukerarik. Aspaldi galduak ziren eskaintza horiek, ordea. Herritarrek eskertu egin dute ordutegia goizera zabaldu izana. Horren adibide dira ikus-entzuleen kopuruak. Carlos San Julian Golem zineetako programatzaileak eman ditu datuak: “Lehenengo igandeetan 100 ikus-entzule inguru izan genituen. Apurka, goraka joan dira, eta gaur egun 400 bat etortzen dira goizetako saioetara”.

Programaziorik gehiena adin guztietarako zinea izaten da: “Animazioa eta euskarazko filmak”, aipatu ditu. Hala, zinezale gehienak familia umedunak dira. Hala ere, bestelako profilik ere badute aretoan: “Bada arratsaldeetan gainezka egoten diren aretoetako nekerik gabe asteko estreinaldia ikusi nahi duen publikoa ere”. Izan ere, helduentzako asteko estreinaldi nagusiari ere lekua egiten diote. “Asteon, esaterako, La favorita izan dugu, denboraldiko estreinaldi nagusia”. Horrez gain, La gran aventura de los Lunnis, Asterix euskaraz zein gazteleraz, Gente que viene y Bah eta El regreso de Mary Poppins eman dituzte.

Helburu argi batekin jarri dute martxan egitasmoa: “Zineaz gozatzeko beste aukera bat emateko”. Eskaintza handitu nahi zuten, eta haurrak dituzten familiengan pentsatu zuten bereziki, “jaiegunetako goizetan aisiarako aukera gutxi dituzte-eta”.

Oraingoz igandeetara mugatuko dute eskaintza. “Ez daukagu beste egun edo jaiegun batzuetara zabaltzeko asmorik. Kontuan hartu behar da langileak eta ordutegiak zabaltzeko egin behar den esfortzua”.

Duela zenbait urte hainbat areto itxiarazi zituen krisiari aurre egiteko formulak bilatu behar ditu Golemek, beste edozeinek bezala. “Zer sektore ez dago krisian?”, galdetu du San Julianek. “Gu oso pozik gaude Bilboko Golem aretora etortzen den jendearekin, eta saiatuko gara formula berriak ezartzen gure zinea erreferente izan dadin”. Urriko lehen igandean ekin zioten igande goizetako saioak jartzeari. Ekainera arte luzatu nahi dute egitasmoa. Eta, gero, berriz ekingo diote udazkenarekin.