Engainua

Nerea Ibarzabal

Izugarri gustatu zitzaidan duela astebete Samara Veltek Twitterren jarri zuen argazkia. Mesanotxeko liburuen dorre erraldoia, eta mezu bat: “Mesanotxean pilatuta daukagun liburu-sortaren altuera da gure burua engainatzeko daukagun gaitasunaren neurgailua”. Geure burua engainatzea, arte gizatiar liluragarri hori. Neroni ere islatuta ikusi nintzen dorre hartan; areago, etxeko puntu ezberdinetan sakabanatutako dorre txikiagoak egitera ere iritsi naiz, neure buruari irakurtzeko aukerak eskurago jartzeko. Eta ezer ez, dena gezurra. Neuk jarri amua, buelta eman eta neuk irentsi.

Nire engainuen neurgailu gehiago ere aurkitu ditut nire inguruan ordutik. Beste dorre bat, honako hau kirolerako arropena, armairu ertz batean. Aitzakien kontrako dorrea izan behar zuen, zapatilak ere bertatik gertu jartzen baititut, dena prest. Bost minutuan jantzita eta korrika egon ninteke etxe ondoko parkean. Baina ez, gezurra da hau ere.

Agenda bat ere badut, auto- engainatzaile profesional orok bezala. Urteko lehenengo orrialdean hasi nintzen luzera begirako zenbait eginbeharreko apuntatzen (X-k eskatutako bertso haiek, Z-ri erantzun beharreko email luze hura, H-ri deitu…), behin apuntatuta, egitea beste zereginik izango ez nuelakoan. Baina zer den gaitasuna, dagoeneko lau orrialde pasatu direla urtarrileko lehenengo astetik, eta arrastaka daramatzat zeregin haiek paper batetik bestera, neure atzetik, nire ibilbidean uzten dudan inefikaziazko estela bat bezala.

Beste klasiko bat: iratzargailua goizago ipintzea, ze bihar bai, bihar esnatuko naiz ordu erdi aurretik nire agendako F zeregina betetzeko. Atzo ez nintzen esnatu nekatuta nengoelako, baina bihar bai, bihar esnatuko den pertsona bera naiz eta oraingo niak nahi du biharko nia esna dadin. Alarma jotzen hastean, 10 minutuz atzeratu botoiari hiru aldiz jarraian sakatze hutsa aski da bart gaueko ziurtasunak difuminatzeko eta ordu erdia galtzeko, hain iraingarriki eta axolagabeki erraza da…

Eta orain arte zeure burua islatuta ikusi ez baduzu, agian ikusiko duzu gisa honetako esaldietan: “Sare sozialen aplikazioak mugikorretik ezabatu ditut denbora gehiegi kentzen zidatelako, baina maiztasun berarekin sartzen naiz Twitterren Google-etik”. Edo “gona hau ez dut jantzi bost urtean, baina oraindik armairuan gordeko dut badaezpada, egunen batean gustatuko zaidalako agian”. “Zelan? galderaren erantzun naturala ondo da, eta hain automatikoki erantzuten dut, neuk ere sinetsi egiten dudala beti nagoela ondo”. “Ai, gaur mendira joan nahi nuen, baina ze pena euria ari duela. Ezingo naiz etxetik irten. Eta hori txandalak prest neuzkala, e!”. “Ez naiz asanblada/manifa/bilera horretara joan, baina deialdia zabaldu dut sare sozialetan”. “Deitu diot, baina ez du hartu”.

Eta hau geure buruari egiten badiogu, hainbesterakoa bada gezurtxoak esateko eta, batez ere, gezurtxoak sinesteko dugun beharra, errealitatea biguntzekoa eta eraldatzekoa, beti bide zuzena geurea dela pentsatzeko behar hau… ze zaila gurekin harremantzea, ezta? Pentsa zelan ipiniko garen egiaren bat esan behar digutenean.