Saharako 43 ume, harrera bila

Saharako 43 ume, harrera bila

Natalia Salazar Orbe

Berrogei urtetik gora daramatza Mendebaldeko Saharako herriak bere lurretatik kanporatuta, Aljeriak utzitako basamortuko lurretan. Hamabost urteko gudaren ostean, Fronte Polisarioak eta Marokok su-etena hitzartu zuten 1991n, eta Nazio Batuen Erakundeak erreferendum bat egitea sustatu zuten. Baina Marokok ez du bete oraindik han hitzartutakoa. Eta baldintza gogorretan bizi dira sahararrak: urik gabe, gutxienezko azpiegiturarik gabe, harea harearen gainean pilatzen den eremuan. Hala bizi dira haur, heldu zein adinekoak. Herri moduan suposatzen duen zapalkuntzaz gain, osasun fisiko eta psikologikorako ere latza da egunerokoa. Zaila da egoera horretan bizirautea. Baina bereziki gogorra da egoera udan: 55 gradutik gora izaten dituzte itzalpean.

Hori dela eta, badira 30 urte baino gehiago Euskal Herriko familiek saharar umeak hartzen dituztela udan. Aurten ere hala egiteko familien parte hartzea eskatu du Oporrak Bakean egitasmoak.

10 eta 12 urte arteko 43 adingabe hartuko dituzten Bizkaiko familien bila ari dira. Julio San Roman Oporrak Bakean egitasmoko Bizkaiko arduradunak azaldu du zergatik den garrantzitsua haur eta gazteok harreran hartzea: “Oso baldintza gogorretan bizi dira. Batetik, errefuxiatuen kanpalekuak direlako, eta bizitza berez gogorra delako horietan. Nazioarteak ematen dien laguntzari esker bizi dira”. Gabezia handiak dituzte. Ume eta gazteon %30ek behar bezala hazteko zailtasunak ditu, klimaren eta behar bezalako elikadura ez hartzearen ondorioz.

Onurak

Uztailean eta abuztuan elikadura osasungarria eta osasun-arreta eskaintzeko aukera ematen die Oporrak Bakean programak. Umeek gozatzea ere bada helburua. “Hondartzara edota igerilekura joaten dira. Bi hilabete ahalik eta hoberen pasa ditzaten da asmoa. Programa honi esker, euren gatazka ere ezagutzera ematen da. Euren eskubideak aldarrikatzeko modua ere bada”.

Horregatik dei egin diete Bizkaiko familiei ume sahararrak hartzeko izena eman dezaten. “Esperientzia polita da, positiboa, atsegina eta solidarioa”. Hala ondorioztatzen dute harrera familiek. Parte hartzeko zalantza egiten duenik ere bada. Harrera egin aurreko elkarrizketetan sumatu dute: “Euren beldurrak logikoak izaten dira: hizkuntza ez ezagutzea, umeek izan ditzaketen erreakzioak, seme-alabak dituztenak beldur izaten dira haiekin sor daitezkeen elkarbizitza arazoez… ‘Eta zerbait gertatzen bazaio eta ez badakit zer den? Edo min badu?’, galdetzen digute”. Arazoak gertatuz gero harremanetarako kontaktuak badaudela argitu du, ordea.

Zalantzarik ez du San Romanek: “Esperientzia positiboa da den-denontzat. Irakaspenak eta bestelako esperientziak eskaintzen dizkizu: beste mundu bat ezagutzea, kasu”. Umeen familiak ezagututa, Saharara bidaiatzen dute familia askok. “Bestelako gizarte bat ezagutzeko aukera ematen du”. Urteetan iraungo duten loturak sortzen dira.

Saharako umeei eta gazteei ere leiho bat zabaltzen die mundura esperientzia horrek. Hala utzi dute agerian Orain bi familia ditut: bat Saharan eta bestea Euskal Herrian egitasmoan jaso dituzten lekukotzek. “Orain ez dut ahoko mina, dentistan egon naiz”, dio lekukotza horietako batek. Saharako ume baten hitzak dira, Oporrak Bakean webgunean.

Programan parte hartu eta ume bat harreran hartu nahi duten familiek ondoko telefono zenbakira dei dezake: 658 75 13 59; oporrakbakean@gmail.com helbidera ere bidal dezakete mezu elektronikoa.