“Hasieran ikusezinak ginen eta ikusgarri bihurtu gara orain”

“Hasieran ikusezinak ginen eta ikusgarri bihurtu gara orain”

Peru Azpillaga Diez

Pentsiodunen mugimenduak zeresan handia eman zuen joan den urtean. Haserreak pazientzia gainditu, eta kaleak hartu zituzten urtarrilaren 15ean. Inor gutxik espero zezakeen astelehen hartan jazotakoak bide emango ziela pentsio duin batzuen alde Euskal Herrian inoiz izandako mobilizazio jendetsuenei.

Urtebete igaro da geroztik, eta pentsiodunen mugimendua egonkortu egin da jadanik. Hilabeteetako borrokak zenbait fruitu ernaldu ditu, baina, hala ere, hasierako aldarrikapen berak mantentzen ditu mugimenduak. Horregatik, kalera irtengo dira berriz ere bihar, Confebask-en Bilboko egoitzatik 17:00etan abiatuko den manifestazioan. Bertan izango da Xabier Isasa (Lezo, 1948) Bizkaiko Pentsionistak Martxan plataformako kidea. Urtebete borrokan daraman arren, gogotsu dabil oraindik, pentsio duinen aldarria lau haizeetara zabaltzeko prest.

Urte bat joan da pentsiodunen mugimendua sortu zenetik, eta oraindik ere kalean jarraitzen duzue. Nola azalduko zenuke?

Jendea kezkatuta dago oraindik, lorpen txikiak eskuratu ditugu baina gure aldarrikapen nagusiek oraindik ere bete gabe diraute. Bilbori dagokionez, astelehenero elkartu gara udaletxe aurrean. Abenduaren 31n kenduta, hor egon gara astero, eta jendearen erantzuna bikaina izan da. Egia da martxoaren 17ko manifestazioa izan zela mugimenduaren gailurra; 100.000 pertsona baino gehiago bildu genituen, eta hortik aurrera jaitsi egin da parte hartzea. Hala ere, egindako beste manifestazioetan indarra dagoela ikusi dugu.

Batez ere Bilboko mobilizazioek izan dute oihartzun gehien. Lortu da mugimendua Bizkaiko beste tokietara zabaltzea?

Argi eta garbi utzi behar dugu Bilbo, mediatikoki, gune berezi bat izan dela hedabideentzako. Alta, Bizkaian, 44 herritan egin dira elkarretaratzeak astelehenero, eta baita gure borrokarekin lotutako bestelako hainbat mobilizazio eta ekintza ere. Oro har, Hego Euskal Herrian jende asko dago mobilizatuta.

Nola jaio zen pentsioen aldeko borroka?

Urtero pentsioak berritzeko orduan bidaltzen ziguten mezua izan zen abiapuntua. [Espainiako] Gobernuko ministro batek —garai hartan Fatima Ibañezek— mezu bat bidaltzen zigun esanez zer nolako esfortzua egiten zuen gobernuak gure pentsioak ez izozteko, eta esfortzu horri esker igotzen zigutela urtero %0,25. Igoera horrek, 400 eta 600 euro bitarteko pentsio batentzat, bi eurotik beherako igoera esan nahi du… Azkenean, jasanezin bilakatu zen egoera, eta horrek lehertu zuen dena. Deialdi bat egin zen udaletxearen aurrean elkarretaratzea egiteko eta berrehun pertsona inguru bildu ginen. Hortik aurrera, elur bola baten antzera hazten joan zen astelehenetako elkarretaratzea.

Zeintzuk dira orain arte mugimenduak izandako lorpen nagusiak?

Alde batetik, lortu dugu mugimenduari hasiera eman zion %0,25eko igoera hori desagertzea, eta kontsumo prezioaren indizearen [KPI] igoeraren arabera igotzea pentsioak: %1,6ko igoera izatea espero da aurten, eta pentsioak ere horren arabera igoko dizkigutela sinatu dute. Gero, pentsio minimoak %3an igo dituzte, eta alarguntza pentsioen oinarri erregulatzailea %56tik %60ra igarotzea lortu dugu. Horrekin batera, bestelako lorpen sinboliko batzuk ere izan ditugu. Adibidez, politikarien agendetan egotea lortu dugu eta baita aurrekontuen negoziaketetan ere.

Hala ere, oraindik jarraitzen duzue kalean…

Eta gure aldarriak lortu arte jarraituko dugu. Helburu nagusia 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskuratzea da, bereziki emakume eta alargunentzat, baina baita jasangarritasun faktorea ezabatzea eta indarrean dauden lan erreformak bertan behera uztea ere. Helburu nagusiak hor daude, eta ez diogu borrokatzeari utziko. Horregatik ez dugu gure protesta soilik Madrilgo gobernuarengana zuzentzen. Badakigu sistema publikoa haien menpe dagoela, baina hemengo agintariek ere badute ardura arlo horretan, eta haiei ere exijitzen diegu gure eskarien aurrean erantzun bat eman dezatela.

Orain dela urtebete, protestekin hasi zinetenean, halako oihartzuna izango zenutela espero zenuten?

Zenbait elkarte lehendik ere ari ginen lanean pentsiodunen eskubideak aldarrikatzeko, baina, hala ere, inor gutxik espero zezakeen urte horretan gertatutakoa. Kontsentsuaren bidez, jende asko elkartzea lortu dugu: mugimendu oso ezberdinetan murgilduta daudenak edota ideia oso desberdinak dituztenak, denek egin dute bat mobilizazioetan. Arazo eta traba guztiak gorabehera, honaino iristea lortu dugu, eta argi dugu ez garela geldituko.

Asko hitz egin da pentsiodunei buruz, baina ez hainbeste pentsiodunekin; aurrera begira, zer erronka zehazten dituzue?

Aldarrikapen nagusiak mantenduko ditugu. Hala ere, jabetu gara arazo hau ez dela gurea bakarrik. Hau arazo soziala da, politikoa, eta gizarte osoari dagokio; bereziki gazteei. Horregatik esaten genuen pentsioen hobekuntza ez dela guretzat bakarrik. Gure seme-alaben eta iloben alde ere ari gara lanean. Hori beti izan dugu kontutan, eta uste dugu ez garela gai izan gazteekin aliantza hori sortzeko. Ez dugu bide hori jorratzen asmatu, eta, beraz, saiatzen jarraitu beharko dugu, haien parte hartzea ere nahitaezkotzat jotzen dugulako. Pentsioena arazo sozial orokor modura planteatu behar dugu, hor kokatzen dugu mugimenduaren erronka nagusia.

Egindako lanari esker, borrokaren eredu bilakatu zarete. Zer garrantzi du mobilizatzeak?

Izugarria. Gizartearen edota agintarien begietan, pertsona nagusiok ez dugu balio, gure bizitzako ibilbidea amaitutzat jotzen dute. Hortaz, uste dute txokoren edo egoitzaren batean lasai egotea dagokigula, bakean eta geldirik, eta haiei dagokiela gure beharrez arduratzea. Hori gainditu dugula uste dut. Oso-oso aktibo sentitzen gara, lan asko egiteko kapazak gara oraindik. Kalean egoteak izugarrizko garrantzia duela ikusi dugu: hasieran ikusezinak ginen eta ikusgarri bihurtu gara orain; sekulako urratsa izan da.

Urtebeteko jardunaren ostean, zer irakaspen atera dituzue?

Elkartasunaren bidez, hainbat gairen inguruan ikuspuntu desberdinak izan arren, bat egin dugu; denok konpartitzen dugun aldarrikapen zerrenda bat osatzeko gai izan gara. Hori izugarrizko ikasgaia izan da, ezberdinen artean batasuna lortzea. Badakigu zein den sekretua eta horri eutsi egingo diogu. Gainera, azpimarratu beharra dago ere mugimenduaren parte diren emakumeek izandako ahalduntzea. Haien lana funtsezkoa izan da, eta, besteak beste, orain elkarte propio bat sortu dute: Oneka.