Etxebarria parkeko kutsadura hainbat tona lurrez estaliko dute

Etxebarria parkeko kutsadura hainbat tona lurrez estaliko dute

Natalia Salazar Orbe

Orain arte tximini gorri garai batek soilik gogorarazten zuen inguruaren iragan industriala. Hala zirudien begien bistara behintzat. Lurrek ezkutuan gordeta zuten, ordea, kutsatutako lurzorua. Belar berdeak estalita sortutako arnas guneak azpian gorde ditu, urte luzez, Aceros Echevarria enpresaren zimenduak, altzairutegi zaharrak sortutako zaborra eta metal astunak. Kutsatutako eremu horiez babesteko neurriak iragarri berri ditu Bilboko Udalak: 10.500 metro kubiko lur botako dute parkean. Hesi antzeko bat egin nahi dute kutsatutako lurren eta erabiltzaileen artean.

1988. urtean inauguratu zuten Etxebarria parkea, izen bereko altzairutegiak dozenaka urte egin zituen leku berean. Lantegia bota zutenean, hondakin handienak kendu zituzten ingurutik, eta bestelako zabor eta metal astunak lurrez eta belarrez estali besterik ez zuten egin.

Gaur egun jokabide hori pentsaezina izango litzateke. Hori dela eta, antzemandako ingurumen arazoari konponbidea eman nahi dio udalak. Asier Abaunza Lan eta Zerbitzuen zinegotziak adierazi du ez dagoela herritarrentzako arriskurik. Gaur egungo araudiek jasotzen dutena betetze aldera botako dute lur kopuru handi hori Etxebarria parkean.

Lanak otsailean abiatzeko asmoa dute, eta hamar astez luzatuko direla aurreikusi dute. Eguraldia egokia bada, azkarrago bukatuko dituzte.

Hainbat hilabetetan laginak hartzen aritu dira, argitzeko garai bateko industria jarduerek non eta zenbateraino kaltetu dituzten lurrok. Ikerketa horiek burututa, konponbiderako plana aurkeztu diote Eusko Jaurlaritzari. Azken horren onespena ere jaso du.

Egitekoa zehaztuta dago: 53.000 metro koadroko azaleran botako dute lurra, 30 zentimetroko altuera bete arte. Hain zuzen, Etxebarria parkearen gainazalaren %60an jardungo dute.

Kutsatutako eremua estaltzeko erabiliko duten materialetik %80 lurra da. Gainerako %20, berriz, konposta izango da, Artigas plantan edukiontzi marroian jasotako zaborrarekin sortutakoa.

Banaketa mintza

Lurra bota ez eze, eremu batzuetan mintz bat jarriko dute, azpian geratuko den egungo lurra eta lur berria banatzeko. Hala, urak bere bidea jarraitu ahalko du sedimentu desberdinak nahastu gabe. Gainaldean geratuko den zoruan belarra landatuko dute.

246.362 euro aurreikusi ditu udalak lanok egiteko. Zoru industrialak egon diren eremuetako kutsadura kentzeko askoz diru gehiago erabili ohi da. Etxebarria parkea ez denez etxebizitzak eraikitzeko gunea, ingurumen eskaerak ez dira horren zorrotzak, ordea. Eta aurkitu dituzten hondakinak ere ez dira lindanea bezain arriskutsuak. Hala azaldu du Abaunzak.

Horrez gain, ez dute indusketa lanik egin beharko. Zoruaren gainera lurra bota besterik ez dute egingo. Lanek irauten duten bitartean, herritarrek ezin izango dute erabili eremua.