Darabilbo abian da, helduek aisian euskaraz egiteko egitasmoa

Darabilbo abian da, helduek aisian euskaraz egiteko egitasmoa

Natalia Salazar Orbe

Ikasgeletatik kanpo, eremu akademikotik atera nahi du euskararen erabilera Darabilbo egitasmoak. Aisialdira gerturatuta, helduen artean euskararen erabilera sustatzea du helburu. Aurten ere asmo horri ekin diote, eta hainbat jarduera antolatu dituzte, besteak beste, dastatzeak, bisitak museoetara, antzezlanak zein berbaldiak. Aukera zabala da. Doan eskaintzen dituzten jarduerak taldean gauzatzen dituzte; beti ere, taldeotan euskara erabiltzeko helburuarekin.

Erabili euskara Bilbon leloari jarraitzen dio egitasmoak. Hiriko hainbat auzotan eta urte osoan zehar antolatzen dituzte jarduerok, eta askotariko profil sorta bati zuzenduta daude: euskara ikasleei zein ikasle ohiei, euskara hobetu nahi dutenei eta, oro har, euskaraz dakitenei eta aisialdian euskaraz bizi nahi dutenei.

Bilboko Euskaltegi Sareak eta Bilboko Udalak elkarlanean ekin zioten asmo horri 2013an. Urrian jarri zuten martxan, eta abendura arte luzatu zen. Hurrengo urtean, maiatzetik urtea bukatu arte antolatu zituzten jarduerak. Orduz geroztik, berriz, urte osorako egitaraua antolatzen dute, uztailean eta abuztuan salbu.

Astero bi ekitaldi prestatzen dituzte. Arrakasta izaten duten seinale, urtarrilaren 21erako eta 31rako, esaterako, aurreikusita dituzten Arte Ederren Museorako bisita gidatuetarako leku guztiak beteak ziren joan den asterako. Hala ere, aukera zabala da. Gaur bertan, garagardo beltza dastatzeko Bariku beltza jarduera antolatu dute.

Izena eman behar da

Jardueraren batean parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute darabilbo.blogspot.com webgunean. Prozesua oso erraza da. Izena eman deritzon atalean sartu behar da. Datu batzuk zehaztu, eta erabiltzaileak zein jardueratan parte hartu nahi duen adieraziko du. Horretarako, beharrezko baldintza da 16 urtetik gora izatea eta gutxieneko euskara maila izatea.

Denetariko tailer eta ekitaldiak egin dituzte 2013an Darabilbo martxan jarri zutenetik: bertso gosari eta askariak, teknologia berriak ezagutzeko tailerrak, kaligrafia tailerra… Denetarik. Eta aurrerantzean ere bide horretatik jarraituko dute.