Harrera egokirik ez, eta ehunka migratzaile geratu dira aurten kale gorrian

Harrera egokirik ez, eta ehunka migratzaile geratu dira aurten kale gorrian

Peru Azpillaga Diez

Migrazio politikek garrantzi handia izan dute Europako agendan azken urteotan. Errefuxiatuen krisia deituriko fenomenoa hasi zenetik, milaka lagun saiatu dira, gerra eta probeziatik ihesi, kontinente zaharrera ailegatzen, oztopoak oztopo. Besteak beste, egoera hori salatzeko sortu zen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma. Aurten, Euskal Herriko elkartea, mundu mailako politiken eta mugen errealitatea salatzeaz gain, kalean geratzen diren errefuxiatuen egoerari aterabide bat ematen saiatu da.

Migratzaileekin lotutako bi gertakarik astindu dute aurten Bizkaiko egoera. Batetik, batez ere udan Afrika hegoaldetik heldu diren ehunka pertsonek agerian utzi dute nolako hutsuneak dauden Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Diputazioaren harrera zerbitzuetan. Mediterraneoa txalupan gurutzatu berri, asko izan dira Andaluziatik Euskal Herrira autobusean heldutako migranteak. Noraezean ibili dira luzaro, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak iritsi berriei premiarik larrienak asetzen laguntzeko lana bere gain hartu duen arte. Plataformaren eskutik sortu da Harrera mugimendua Bilbon, pertsona horiei lolekua eta janaria emateko eta udalaren zerbitzu falta salatzeko.

Besteak beste, udako hilabeteetan, Bilbo Zaharreko kultur etxea, Santutxuko Karmela espazioa eta Erriberako Bizinahi proiektua ostatu bilakatu dira ehun migratzailerentzat baino gehiagorentzat. Gutxinaka, mugimendua hedatuz joan da, eta, elkarlanean aritu ostean, Bizkai osora zabaldu den harrera sare bat osatu dute.

Hilabeteetako lanari esker, udan heldutako migratzaile asko Bizkaiko zenbait herritara lekualdatu dira. Gernika-Lumoko eta Arrigorriagako espazio okupatuetan bizi dira orain, edota herritarrek sortutako bestelako proiektutan. Beste asko, CEAR Iheslariak Laguntzeko Batzordeak kudeatutako aterpeetan daude. Hala ere, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Harrera mugimenduek gogor salatu dute Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Diputazioaren jarrera. Hain zuzen, “benetako harrera integrala” aldarrikatu zuten Bilbon urrian egindako kanpaldiaren bidez, pertsona horien eskubideak errespetatuak izan daitezen. Izan ere, asko dira, oraindik, harrera duin baten faltan kalean bizi behar dutenak.

Txartelik gabeko bidaia

Migratzaile horien errealitatea, ordea, ez da bakarra. Migrazio fluxuak askotarikoak dira, eta Afrika hegoaldetik bestelako bizimodu baten bila abiatzen direnen antzera, Afrika iparraldetik eta Europa ekialdetik ere milaka pertsonak alde egiten dute. Bizkaian, aurten, Albaniatik etorritako migratzaileek eman dute zeresan gehien. Erresuma Batura heltzeko esperantzarekin, gazte asko Zierbenako portutik abiatzen diren ferryetan sartzen saiatzen dira. Lortu bitarteko itxaronaldirako, kanpaleku bat sortu dute portutik gertu, eta, dituzten baldintza latzak direla eta, haiei laguntzeko sare bat sortu da.

Behin baino gehiagotan hustu du Poliziak kanpaleku hori, eta portuko agintaritzak hesi bat eraiki du, migratzaile horiek itsasontziz sar ez daitezen. Zail dute helburua, baina Albaniako gazteak haien aukeraren zain daude, oraindik, Zierbenan.