Gabonetako postala

Igor Elordui Etxebarria

Atsegin du egoitzako errutina hausteko modu hori. Medikuak esan zion oso modu ona zela gaitzari aurre egin eta sormena, eskulanak eta memoria uztartzeko. Ostiralero egiten du halako bat. Bere postalak dira. Azkena aurreko guztiak egin dituen modu berean egin du: folio-tamainako kartoi mehe zuria hartu, erditik moztu eta, alde batean, pentsatu duen esaldia idatzi du. Beste aldean argazki bat itsatsi du eta errotuladore fin batez, ahalik eta letra dotoreenaz, data jarri dio: Abenduak 21.

Gero, postalak gordetzen dituen kutxa zabaldu eta egindako guztiak banan-banan ateratzen joan da, geldiro-geldiro. Kronologikoki antolatuta daude, zaharrenetik berrienera.

Lehenengoan Urtarrilak 5 dago idatzita, Errege Magoen desfileko Baltasarren argazki baten goiburuan. Atzealdean honako testua: “Ihes egin behar izan zuen Bangsisik. Pateran heldu zen Ceutara. Etorkinentzako zentro berezi batean egon da Tarifan. Gaur kanporatuko dute. Euskal Herrira dator, zentroan lagun egin zuen herrikide batengana”.

Joan da tentu handiz gehiago hartzen eta buruz behera elkarren gainean jartzen: urtarrilak 12, 19 eta 26… Otsailak 2, 9, 16. eta 23… Horrela jarraitzen du, postalak begiratzen; datari erreparatzen dio lehenbizi; ondoren, argazkiari so geratzen memento batez eta, azkenik, buelta eman eta testua irakurtzen du piloan utzi aurretik.

Martxoak 2. Iñigo Cabacasen gurasoen argazkia, Iñigo hil zuten lekuan hartutakoa. Eman dio buelta: “Denboran ez ezik, maila sinbolikoan ere bat egin dute nire barruan Cabacasen heriotzaren fiskalaren ebazpenak, Alonsoren heriotzak eta kamioilari bulgariarrarenak”.

Martxoak 9, 16, 23, 30… Apirilak 6, 13, 20… Apirilak 27. Argazkian Gasteizko Andra Maria Zuriaren plaza jendez beterik, La Manada delakoaren sententziaren aurkako protestan. “Otsoak basoan gutxi, baina asko hirian. Joan den ostiralean gizaseme batek ama-alabak erail zituen, labankadaz; atzo La Manadaren aurkako sententzia lotsagarria”.

Maiatzak 4, 11, 18, 25… Ekainak 8, 22, 29… Uztailak 20. Argazkia da Espainiako futbol selekzioko jokalariena, kanporatuak izan eta gero, burumakur. “Nolatan egingo dut bat gure etorkizun politiko soziala erabakitzeko eskubidea ukatzen digun estatuaren kirol ordezkariekin?”

Uztailak 27, abuztuak 3, 10, 17, 24, 31… Irailak 7, 14… Irailak 21. Honetan irudia ez da argazki bat; Osakidetzaren txostena da. “Beldurra gainditzea ala berarekin bizitzen ikastea beste erremediorik ez dago”.

Irailak 28… Urriak 5. Argazkian, irribarretsu ageri da Igorreko AEK-ko ikasle eta irakasle kuadrilla, euskaltegi berriaren aurrean, inaugurazio-ekitaldian. “Qué pena que la reunión sea en euskera, no he entendido casi nada”. “Pena es que no sepamos“.

Urriak 12, 19, 26… Azaroak 2, 9, 16, 23, 30… Abenduak 14… Abenduak 21. Irudia, Gabonetako postal bat. Testua: “Zorionak eta urte berri on”.

Postal guztiak kontu handiz hartu eta kutxa barruan sartu ditu. Kutxa zarratu eta tapa gainean idatzi du: 2018.