50 gune, 80 ekintza eta ehunka parte hartzaile Bilboko Gau Irekian

50 gune, 80 ekintza eta ehunka parte hartzaile Bilboko Gau Irekian

Peru Azpillaga Diez

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoek kulturaz blai egingo dute bihar, Gau Irekia jaialdiaren itzulerarekin batera. Zazpigarren urtez antolatuko du Sarean elkarteak gizarte eta kultura jaialdia, auzo horietako ekintza artistiko eta kulturalak indartu eta aniztasunari bultzada emateko asmoarekin. Aurtengoan, kultura parte-hartzailearen alde egindako apustuan berretsi da elkartea. Hori dela eta, deialdi ireki baten bidez, auzoko artista zein kolektiboekin batera osatu dute goizetik gauera arteko egitaraua.

San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetan barrena, 50 gune atonduko dituzte Mariaren Bihotza plaza izango da gune nagusia, eta laurogei jarduera baino gehiago izango dira. Espazio publikoak berebiziko pisua du, beraz, Gau Irekian, eta egun osoan arte mota guztietako ekintzek beteko dituzte auzo horietako kaleak: kontzertuak, antzerkiak, ikastaroak, erakusketak, kaleko artea, aktibismoa… diziplina orok izango du lekua gizarte eta kultura jaialdian. Aipatzekoa da, era berean, Gau Irekia mota guztietako guneekin elkarlanean aritzen dela: bai instituzionalekin Berreginen Museoa eta udaltegiak, esaterako, baina baita auzoetako elkarteekin zein edozein taberna, denda eta komertzioekin ere.

Gainera, Sarean elkarteak jakinarazi duenez, auzoetako jarduera soziala eta elkarlana aldarrikatzeko eguna denez, gizarte gaiek isla izango dute egun osoan; esate baterako, ingurunearen defentsak, feminismoak edota kultur aniztasunak. 2012an ekin zion Sarean elkarteak Gau Irekia antolatzeari eta pixkanaka-pixkanaka, jaialdia trinkotuz joan da. Datuei erreparatuz, argi utzi dute hasierako ildoei eustea lortu dutela: 2017an parte hartu zuten artisten %65 emakumeak izan ziren, eta %60 auzo horietan bizi ziren edota han lan egiten zuten.

Eskaintza askotarikoa eta oparoa egiten du Gau Irekiak, umeek zein nagusiek gozatzeko modukoa. Gainera, proiektuari jarraitutasuna emateko, Luzatu dinamika abiatu dute aurten: elkarlaneko proiektu kulturalak garatzeko programa. Artista eta kolektibo ezberdinak batuz, Gau Irekiaren aurreko hiru hilabeteetan, hiru proiektu landu dituzte: AntiTour bisita gidatu berezia, Huerto Azotea 34 ortu ekologikoa eta Vamos a hacer una Peli umeek egindako pelikula. Bihar aurkeztuko dituzte hirurak.

Egitaraua
San Frantsizko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetan 50 gune egongo dira larunbatean. Hona zenbait ekintza:
10:00. Bigarren eskuko azoka, Mariaren Bihotza plazan.
11:00. Chi Kung, kultur etxean.
12:00. Serigrafia ikastaroa, Pikaran. Collage y acción ikastaroa, Harrobia ikastolan.
12:30. Malabareak nola sortu haurrentzako ikastaroa, Bilbo Zaharreko kultur etxean. Handik abiatuta, Auzoa 100 urte tour ibiltaria.
17:00. Umeentzako jolasak, Mariaren Bihotza plazan. Zirku ikastaroa familian, Dantza Zirko espazioan. Arte ikastaroa familian, FusionArten. Dantzaka zirko espazioan, murala: Haizea esatean, dantza hasi zen.
18:00. Beatbox ikastaroa, La Pepitan. Poltsak egiteko ikastaroa, Estudio 14 gunean. Haurrentzako gaua, Le Cabaret ileapaindegian. Umeentzako pintxo ikastaroa, Bilbo Zaharreko Lagunak txokoan. La Fiesta pelikularen aurkezpena, Nevipen-en.
18:30. Swing ikastaroa, kultur etxean.
19:00. Luzatu Gau Irekia: Antitour. Euskal Kabareta, Goizalden. King Burning Sound System, Flemming plazan. Erakusketa, Expo Gunean. Gualaparty, Tunipanea estudioan (trukerako zerbait eraman).
19:30. Swing ikastaroa, kultur etxean. Antzerkiak, Crea Afrikan.
20:00. Mikroantzezlanak, Crea Afrikan. Argazki erakusketa eta dastaketa, Askabiden. Etxe-anarkismoa. Nire pisua garbi zegoela amestu nuen performancea, Xake espazioan (euskaraz, 21:30ean).
20:30. Film laburren proiekzioa, Caostican. Kontzertua: Haran, Sarean elkartean.
21:00. Kontzertuak, Bilbiko kultur etxean. Dantza Afrikarrak, Novisin.
23:00. Betto Snay, Bilbo Zaharra plazan.
00:00. Moonshakers, Mariaren Bihotza plazan.
02:00. DJ Afrook Banger, Sarean elkatean.