Hamar urte eta 52 milioi behar izan dituzte Getxo antzokia eraikitzeko

Hamar urte eta 52 milioi behar izan dituzte Getxo antzokia eraikitzeko

Peru Azpillaga Diez

Martxo aldera irekiko ditu ateak Getxoko antzoki berriak. Hamar urte kulturarentzako udal espaziorik gabe egon ostean, datozen hilabeteetan, kultura oinarri gisara izango duen Getxo antzoki berria estreinatu ahal izango dute getxoztarrek. Puntako antzoki berri bat eraikitzeko proiektua abiatu zuen aspaldi Getxoko Udalak, hiria “kulturaren erdigune” bilakatzeko asmoarekin. Horretarako, antzoki zaharra eraistea erabaki zuten 2008an —Algortako Zinema Handia izandako eraikin historikoa, 1928. urtekoa— eta auditorium berri bat altxatzen hasi ziren.

Gauzak, ordea, ez dira uste bezala joan. Lanak aurreikusi baino gehiago luzatu dira, eta, egindako inbertsioa ere, espero zena baino handiagoa izan da: 23 milioi euroko aurrekontuarekin, eraikin berria lau urtetan amaitzea zen aurreikuspena; baina, azkenean, hamar urte iraun dute obrek eta aurrekontua 52 milioi euroraino iritsi da. Besteak beste, 40 milioi euro inbertitu dira antzoki berria eraikitzeko, zortzi milioi ekipamendu eta altzariak jartzeko, eta beste 2,5 milioi lanak zuzendu eta ingurua urbanizatzeko. Hala, azken ukituak eginda milioi erdi euro inguru balio duten garbiketa lanak antzokia prest egongo da ikuskizunari hasiera emateko.

Prozesua, beraz, espero baino katramilatsuagoa izan da, eta oposizioko alderdiek zein auzoko bizilagunek haien haserrea azaldu dute hasiera-hasieratik. Dena dela, Getxo antzokia kulturaren itsasargi bilakatuko da 2019ko martxotik aurrera; Bilboko Euskalduna jauregiaren atzetik, Bizkaiko bigarren aretorik handiena izango du: areto nagusiak 800 butaka izango ditu. Gainera, guztira beste 900 besaulki gehiago izango ditu eraikin berriak, hiru aretotan banatuta.

Antzoki berriak “hainbat abantaila” izango dituela adierazi du Joseba Arregi Getxoko hirigintza zinegotziak, batez ere espazio “malgua” izango delako. Horren adibide da eraikinaren zati bat hartzen duen Musika Eskola, aurreko ikasturtean martxan jarritakoa. Antzokiaren gainontzeko azpiegiturari dagokionez, besteak beste, erabilera anitzeko gelak eta erakusketak egiteko erabiliko den hall bat izango ditu. Kanpoaldean led pantaila erraldoi bat izango du, eta argiztapen sistema berezi batez hornituta egongo da, eraikina Abra ibaitik ikus dadin. Eraikinaren azpian, 105 tokiko parking bat ere egin dute, zeinaren eraikuntzak hainbat atzerapen eragin dituen.

Hautsak harrotu ditu

Proiektuaren berri izan zutenetik, inguruko bizilagunek hainbat protesta egin zituzten. Obrek trafikoan izandako eragina salatu zuten, eta, mobilizazio eta protesten bidez, antzoki berria tokiz aldatzea eragin zuten. Horretaz gain, EAJ eta PSE-EE izan dira proiektua babestu duten udal talde bakarrak, eta ez zutenez gehiengoa, zailtasunak izan dituzte aurrekontuetako partidak adosteko. Oposiziotik gogor kritikatu dute udalaren gestioa behin baino gehiagotan. 2017an egindako udalbatzan, Nerea Guikarrubia EH Bilduko zinegotziak gobernu taldeari “oso gestio txarra” egitea leporatu zion. Guk taldeko zinegotzi Kike Pradak proiektuari “kontrol falta, zentzugabekeria eta xahutzea” atxiki zizkion. Eta PPko zinegotzi Eduardo Andradek kontuen auditoria bat eskatuko duela jakinarazi zuen: “Aurreikuspena 23 milioi gastatzea zen”, salatu zuen.

Proiektua hainbeste luzatzearen arrazoia, berriz, antzokiaren azpian eraikitako aparkalekua izan da: 105 toki dituen parkinga egiteko bi urte behar izan ziren. Gero, erabilerarik gabe egon da.