Bilboko Barcelo eta NH hoteletako langileek hilabete daramate greban

Bilboko Barcelo eta NH hoteletako langileek hilabete daramate greban

Peru Azpillaga Diez

Txilibituak eta bozinak hartuta, hainbat pertsona goizean goizetik hasten dira zarata egiten Bilboko NH eta Barcelo-Nervion hoteletako atarietan. Bertako langileak dira; hain zuzen ere, egunero gelak garbitzeaz arduratzen direnak. Azaroaren 2an ekin zioten greba mugagabeari: dituzten baldintza kaskarrak salatu eta ostalaritzako hitzarmena ezar diezaietela eskatzeko. ELA sindikatuaren babesarekin abiatu dute lan baldintza duin batzuen aldeko borroka, eta, ia hilabete bat igaro den arren, akordioa lortzetik urrun daude oraindik.

ELAk salatu duenez, hotel horietako gela garbitzaileak Constant taldearen bidez azpikontratatuta daude, eta “muturreko lan egoerak” pairatzen dituzte. Langileek 2,50 euro jasotzen dute garbitzen duten gela bakoitzarengatik, eta, azaldu dutenez, kasuren batean 1,26 euroan ere ordaindu izan da gela bakoitza garbitzea.

Horretaz gain, langile gehienek kontratu partzialak dituztela jakinarazi dute. Barcelo hotelean, adibidez, 350 gela inguru daude, eta lau pertsona zeuden soilik kontratu finkoarekin. Egunean, gainera, kontratuan ezartzen zaizkien baino ordu gehiago egitera behartuta ikusten dute beren burua, enpresak zehaztutako ratioak “gehiegizkoak” direlako.

Adierazi dutenez, hotelak zerbitzu horiek bere gain hartzen zituenean jardunaldi oso batean bederatzi gela garbitu behar zituzten langileek. Zerbitzua azpikontrata baten esku utzi ostean, ordea, ratioa bikoiztu egin da, eta hamazortzi gela edo gehiago garbitu behar dituzte egun bakarrean. Jakinarazi dutenez, horrekin guztiarekin eta aparteko ordainketei esker, 800 euroko soldata jasotzen dute, gehienez, garbitzaileek. Greba hasi zenetik, gainera, 11 izan dira kaleratutako langileak. “Ez da kasualitatea egoera hau jasaten ari diren langile gehienak emakumeak eta Europatik kanpoko migranteak izatea”, kexatu da ELA. Sindikatuak adierazi duenez, gaur egun enpresa gehienak Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena ezartzen ari diren bitartean, Constant taldeak halakorik ez betetzea erabaki du.

Greba eskubidea urratuta

Hotelak, beraien aldetik, modu bitxian egiten ari dira aurre grebari: belarrietarako tapoiak banatzen dizkiete bezeroei, eta langileen greba ilegala bilakatzeko demanda jarri zuten. Horrekin batera, langileen eskakizunei entzungor eginez, Barcelo hotel kateak beste enpresa bat azpikontratatu zuen Cor Outsourcing garbitzaileen lana egiteko, langileek eskatzen dituzten baino soldata altuagoak ordainduz. NH kateak, berriz, Iruñetik ekarri zituen langileak greban zeuden garbitzaileen lana egin zezaten. Horren aurrean, ELA sindikatuak salaketa jarri zuen, eta Lan Ikuskatzailetzak zigortu egin ditu bai NH eta Barcelo hotel kateak, bai Constant eta Cor Outsourcing taldeak, garbitzaileen greba eskubidea urratzeagatik.

Plazaratu dutenez, gainera, Constant taldeak Bizkaiko hitzarmena aplikatu egiten du Bizkaiko beste hoteletako garbitzaileekin, baina NHn eta Barcelon ez du gauza bera egiten, horiekin duen akordio komertzial batek galarazi egiten diolako. Hala, ELAren ustez, argi geratu da bi hotel horiek zuzeneko erantzukizuna dutela langileen “esplotazioan”.

Lan Zuzendaritzak azaroaren 22rako deitu zituen tartean dauden agente guztiak. Baina bilera ez zen egin, Constant taldea ez zelako agertu. Bide horretan, tartean dauden enpresei negoziatzeko deia egin die ELAk.