Azokak ateak zabaldu zain

Azokak ateak zabaldu zain

Aitziber Laskibar Lizarribar

Atzerako kontua hasia da. Durangoko Landako gunean etengabeak dira joan-etorriak, dozenaka langile eta boluntarioren muntatze lanak. Berotzen hasia da Durango. Urduritasuna nabaria da nonahi: hasteko irrika, eta ezin iritsiaren sentipena; sabeleko tximeleta dantza. Hastear da. Bertan da. Asteazkenean zabalduko ditu ateak Durangoko Azokak. Indartsu, nobedadez eta berritze nahiz gainezka.

Aberatsa izango da azokaren 53. aldia. Hala agindu dute antolatzaileek, Gerediaga elkarteko kideek. Baita leloak ere: DA! Asko dira. Aniztasunaren ispilu izan nahi du goiburuak; azoka bakarrean sortzen diren azoka guztien isla. Askotarikoa izango da kultur eskaintza aldetik ere. Askotariko lan asko bilduko ditu 4.274 metro koadroko azaleran, abenduaren 5etik 9ra. Milaka, Landako gunea txiki geratzeraino.

304 liburu eta 93 disko berri

Datuak ikusi besterik ez dago: azken hilabeteetan argitaratutako 439 nobedade izango ditu azokak: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko bat eta bestelako 23 lan. Autoekoizleen plaza ere izango du bosgarren urtez, eta hamazazpi lan izango dira bertan. Orotara, 247 erakusmahai izango dira. Eta azokaren handitasuna erakusten duen beste zenbaki bat: berrehun kultur ekitaldi inguru izango dira bost egunetan: aurkezpenak, emanaldiak eta hausnarketarako guneak.

Aurten, hasi berriei begira jarri da bereziki azoka. Sortzaile berriei bultzada eman nahian, sormen beka jarri du martxan. Orain arte, euskal kulturari egindako ekarpena saritu izan du Gerediaga elkarteak, Argizaiola sariaren bidez. Iraganeko ibilbideak saritzeari utzi, eta etorkizunekoei laguntzeari ekin dio, Sormen bekaren bidez. Literatura hartu du aurten gaitzat, eta 28 lan aurkeztu dituzte. Gustura daude antolatzaileak erantzunarekin, bai kopuruari dagokionez, bai kalitateari dagokionez ere. Abenduaren 6an jakinaraziko dute nori emango dioten beka hori.

Azoken azoka

Gero eta gehiago da Durangoko Azoka, eta horren erakusle da gero eta gune, espazio eta diziplina gehiago biltzen dituela. Irudienea da horietako bat, urtetik urtera indartzen ari dena. Urtero bezala, Zugaza zineman proiektatuko dira euskal zinemagintzak ekoiztutako lanak, egunero, 11:00etatik 21:00etara. Horrenbesteko emariak agerian uzten du euskal zinemagintzaren osasun ona. Zugazan, dagoeneko argia ikusi duten filmak erakutsiko dituzte, baina baita orain arte ikusi ez direnak ere. Solasaldiek borobilduko dute egitaraua.

Musikak azokan duen garrantzia ukaezina da; indartsua, eta gora doana. Duela 11 urte Ahotsenea sortu zutenetik, batez ere. 70 kontzertu hartuko ditu aurten Ahotseneak; talde hasi berrienak, ibilbide luzea duten taldeenak, eta dagoeneko erretiratuta dagoen talderen bat ere egongo dela iragarri dute. Protagonismo handiena kontzertuek izango duten gune horretan 42 solasaldi ere izango dira.

Antzerkia eta dantza Szenatokia gunean bilduko dira aurten ere. Azokaren lehen urteetan apenas lekurik zuten disziplinen gunea egonkortuta dago jadanik, eta horren lekuko da programazioa: egunero emanaldi bat egingo dute San Agustin aretoan.

Haur eta gazteengan pentsatu eta transmisioa helburu duen Saguganbara guneak gaztetxoak sormenaren mundura erakartzeko ekitaldi ugari izango ditu aurten ere; besteak beste, sormen tailerrak eta musika ikuskizunak. Aurten, gainera, ipuin kontalarien etengabeko jarioa izango da igandean. Ahozkotasunari balioa eman nahian, ipuin kontalarien maratoia egingo dute.

Hausnarketa gogoz dagoenak ere ez du hartarako aukera faltarik izango: egunero izango dira euskal kulturarekin lotutako hainbat gairi buruz hausnartzeko guneak, alor bakoitzean aditu diren pertsonekin. Gogoetaren Plazan izango da.

Malen Amenabar
Txakur Gorria sormen taldeko kidea
«Itzela da gure izena orain arteko
izen handien ondoan egotea»

Durangoko Azokak aurten eskaini dionagatik zorioneko sentitzen da Malen Amenabar (Larrabetzu, 1994). Erreferentetzat duen gune horretan plazara salto egiteko aukera eman diola dio.
Txakur Gorria sormen taldeak presentzia handia du aurtengo Durangoko Azokan. Protagonista ere izan zarete, nolabait, azoka iragartzeko kartela eginda. Zer dakar horrek zuentzat?
Guretzat itzelezko suertea izan da, eta ohorea ere bai. Azken finean, guretzat beti izan da erreferente Durangoko Azoka, bai bertan parte hartu dugunean, baina baita parte hartu baino lehenago ere, euskal kulturarentzat beti izan baita erreferente bat. Gainera, itzela da gure izena orain arteko izen handien ondoan egotea.
Azokara bertara lan berriekin ere bazoazte. Zer daramazue?
Lauhazka deitzen den koaderno bat daramagu, batetik. Txakur Gorriak-eko lauron artean txandaka konpartitu dugun koaderno bat da, liburu-album moduan salduko duguna. Horretaz gain, hamabi postalez osatutako kutxatxo bat daramagu, non hamabi postal horiek diren alzheimerrari eta amona baten bizitzari buruzkoak. Irudi bakoitzaren deskribapena dute atzean bertsotan idatzita, kopla bidez. Bestetik, bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik irudikatzen duen infografia ere eramango dugu. Eta lamina batzuk ere bai. Aurreko urteetako lanak ere eramango ditugu. Gauza asko; agian ez gara sartuko dugun stand erdian.
Sortzaile batentzat zer da Durangoko Azoka?
Guretzat, erakusleiho bat da. Gure lanak aditzera emateko espazio moduan bizi izan dugu, eta beste sortzaileekin ere harremanak egiteko leku gisa.
Zer ekarpen egiten dio azokak euskal kulturari?
Topagune bat bilakatzen da. Egia da guk orain ezagutzen duguna eta duela urte batzuetakoa ez dela berdina, baina esango nuke badela topagune bat.

Gotzon Hermosilla
Kazetaria eta idazlea
«Euskal kultura ez dago normalizaturik,
eta arnasguneak behar ditu»

Lehengo azokaren «xarmaren» falta sumatzen du BERRIAko kazetari Gotzon Hermosillak (Barakaldo, 1966). Duela urte batzuetako planetatik urruti, Elkarren mahai «ofizialean» egongo da aurten.
Bakarka egindako lehen liburuarekin zoaz Durangora. Zer da daramazuna?
Aurten plazaratutako ipuin liburua, Gaur galtzea tokatzen da.  Azken bi hamarkadataz idatzitako hamabi narrazio dira, bi ataletan banaturik, eta Elkar argitaletxearen salmahaian egongo da eskuragarri.
Zer dakar Durangon egoteak? Zer-nolako balioa du zure moduko idazle batentzat?
Azken urteotan beti egon gara Durangon Izu Giroa fanzinearekin edo autogestionatutako beste proiekturen batekin, baina beti erakusmahai propiorik gabe; mesedea egiten ziguten beste batzuen saltokian, erdi ezkutuan, edo gaztetxean egiten zen azoka alternatiboan. Pentsatzen dut aurten argitaletxe handi baten erakusmahai ofizialean egoteak ikusgarriago egingo duela liburua eta hura lortu nahi dutenek zailtasun gutxiago izango dutela.
Zer da zuretzat Durangoko Azoka?
Gaztetan, Durangoko Azoka zen goizean trena hartzea, nire inguruan topatzen ez nuen kultur giro batean murgiltzea, herrira iristen ez ziren liburu eta aldizkariak erostea eta, bide batez, parrandatxo bat egitea trena berriro hartu aurretik. Geroztik, gauzak asko aldatu dira; Durangon dauden material gehienak beste nonbait topatzeko aukerak ugaldu egin dira, eta garai bateko xarma hori, nire kasuan behintzat, galdu egin da. Orain Durangora joateko dudan motibazio nagusia da jakitea topo egingo dudala gutxitan ikusten ditudan lagun eta ezagun ugarirekin.
Zer ekarpen egiten dio euskal kulturari?
Euskal kultura ez dago normalizaturik, eta horrek ondorio bitxi eta askotan kontraesankorrak ekartzen ditu. Durangoko Azoka da ondorio horietako bat: baditu bere ajeak, hainbat kritika egin dakizkioke, baina gaur egun ezinbestekoa da euskal kulturaren arnasgune eta erreferentzia gisa.

Miren amuriza
Bertsolaria eta idazlea
«Beste diziplinetan ari direnekin
egoteko balio du, zubiak eraikitzeko»
Euskal kulturak urteroko Durangoko Azoka  behar du, Miren Amurizaren ustez (Berriz, 1990). Sortzaileak elkartu eta elkarrekin aritzeko aukerari ematen dio baliorik handiena.
Haur eta gazte literaturako hainbat lan berrirekin zoaz Durangora. Zer gordetzen dute?
Katxiporretaren Kartoizko Ipuinak sailean, Familia mila kolore izeneko bilduma bat izango da; orain irten dira lau ale, eta udaberrian irtengo dira beste hainbeste. Irakurle txikienentzako pentsatuta dago, eta ale bakoitzean familia eredu bat lantzen da: bikote lesbiana bat intseminazio prozesuaren bidez umea izan duena; familia ugari bat Euskal Herriko eta Senegalgo adarrak dituena; alargun geratu den aita bakarreko familia bat; eta familia berrosatua esaten ziona. Heziketari begirako lanak dira.
Zer da Durangon egotea sortzaile batentzat? Zer balio du?
Kontsumitzaile hainbeste urte izan eta gero norberarentzat hor egotea poz handia da. Eta, bestalde, uste dut norberarentzat oso erakusleiho egokia dela geureak erakusteko, besteenak ikusteko… Kasu honetan, nire izenak ez dauka horrenbesteko pisurik, gehienbat pailazoena den bilduma baten barruan noalako, baina tira. Edozelan ere, sortzaileei bultzada emateko lekua da. Uste dut urtero gertatzen zaigula denoi: ezagutzen ez genuen jendearen lanak eta jendea bera ezagutzeko, hartu-emanerako aukera moduan bizi dugu.
Zer da Durangoko Azoka zuretzat?
Ume-umetatik joan izan gara. Akorduan dut azoka zaharra egoten zen lekua ere, eta orduan zenetik orain hartu duen dimentsiora, aldaketa oso nabaria da. Lehen, agian, azokara bertara mugatzen zen, salerosketara, baina uste dut gaur egun azokak Landakotik kanpora ere hartu duela beste dimentsio bat, ez bakarrik liburu eta diskoei begira. Egun horietan han egoten dira beste hainbeste postu, ekitaldi, aldarrikapenerako tarte… Uste dut Durangok berak, herriak hartzen duela halako kulturgune espazio bat modu zabalagoan ulertuta. Jai horren parte izatea ederra da.
Zer ekarpen egiten dio euskal kulturari?
Nik uste dut behar dugula urtero-urtero halako arnasgune bat, ez bakarrik gure artean egoteko eta elkar mimatzeko. Sortzaile moduan, gehienok ohituta gaude bakoitza harremantzera bere zirkulukoekin soilik. Eta uste dut, alor horretan, balio duela beste diziplina batzuetan ari direnekin egoteko, zubiak eraikitzeko. Eta urtean behingo subidoitxu bat hartzeko ere bai, sentitzeko bagarela zeozer eta beste urtebetez bultzaka jarraitzeko gogoz gaudela.

Pello Artabe
Eskean Kristo taldeko abeslaria
«Sortzaile xumeok izartxo bihurtzen
gara, eta izarrak, are izarrago»
«Labur» geratzen zaio Durangoko Azoka Pello Artaberi (Arantzazu, 1989), eta gehiagotan nahi luke halako topagunea .
Lan berriarekin zoazte aurten Durangora. Zer gordetzen du?
Beste belaze batzuen gozoan izeneko hirugarren diskoarekin goaz azokara. Aurreko diskoen aldean, gure soinua gaurkotu eta dotoretu dugu, rock&roll klasikoa oinarri harturik betiere. Oraingoan beste ñabardura batzuk ageri dira: zipriztin psikodelikoak, punk pultsioa, bluesaren kadentzia edota melodia poperoak, besteak beste. Hitzetan, hain ohikoa dugun tonu ironikoa sumatu daiteke, zirikatzaile eta burlati: gauari, sexuari, drogari, musika eszenaren joerari edota zenbait herri tradizioren burugabekeriari abestu diogu. Oso gure estilora. Errefuxiatuen aldeko aldarririk ere badago, serio. Eta ilusio berezia egin digun kolaborazio bat: Doctor Deseo taldeko Francis Diez, euskaraz gainera. Apustu potentea egin dugu, eta aparteko grina, gogoa eta indarra jarri ditugu disko honetan.
Zer esan nahi du zuentzat Durangon egoteak? Zer-nolako balioa du zuen moduko talde batentzat?
Elkargune bat da, bai sortzaileen artekoa, eta baita sortzaileen eta publikoaren artekoa ere. Bost egunez bakarrik bada ere, giro kultureta euskaldun bat sortzen da, Landakon bertan eta Durangon oro har. Azokan entzun, ikusi, irakurri edo erosi duenaren inguruan berba egiten du jendeak, eta gauza aberasgarria da hori. Sortzaile askoren lanak hauspoa hartzen du, ikusgarritasuna, ordura arte izan ez duena askotan. Sortzaile xumeok izartxo bihurtzen gara, eta izar handiak, are izarrago. Eta salmentek gora egiten dute. Sortzaile batzuek urtea salbatzen dute Durangoko Azokari esker. Euskaraz abesten duen euskal musika talde bat izanik, ezinbesteko zita da guretzat Durangokoa.
Zer ekarpen egiten dio Durangoko Azokak euskal kulturari?
Askotan aipatu izan den moduan, horrelako plaza gehiago beharko lituzke euskal kulturak. Eta euskal kulturazaletasuna ez dadila mugatu bost eguneko oasi, amets eta lilura horretara. Iñigo Astiz kazetariak bere egunean aipaturiko quattro stagioni delakoa proposamen arras interesgarria iruditzen zait. Urtaro bakoitzean halako elkarretaratze bat egin beharko genuke. Gainera, uste dut euskal sortzaileek gure arteko hartu-emana estutu behar dugula, sarriago batu. Denok teilatupe berean egon arren, apenas ezagutzen dugun elkar. Bakoitza berera dabil, eta Durangoko Azoka labur gelditzen da.