Itzulera

Nerea Ibarzabal

Inbidia diot zenbaiti, bueno, askori, baina aste hauetan zenbaiti. Sare sozialak uzten hasi dira batzuk, izan Twitter, izan Facebook… baina badoazela erabaki dute batek baino gehiagok, denbora baterako behintzat. Mezuak idatzi dituzte agur esanez, azalpenetan gehiegi sakondu barik baina nolabaiteko nekea transmitituz, edo erredura, edo jakinduria. Gehiago jakiteko gogoa piztu digute gainerakooi, benetako arrazoi bat egon behar delako honelako erabakiaren atzean, eztabaida mingarriren bat gutxienez, irainen batzuk, desprestigioa.

Edo agian ez. Beharbada oraintxe hasi da geure mundutik ihes egiteko asmatutako mundua masiboki abandonatzeko unea, exodoa. Itzulera? Eta nora itzultzen dira? Ez jakitera zein artikuluk sortu duen iskanbila sareetan, ez ezagutzera zein den modako esaldia, zein erreferentek izan duten eztabaida gai arantzatsuren baten inguruan —euskalkia/batua, ezker abertzalea/marxistak, MTV ez/euskal kulturaren presentzia bai, komunean bideta bai/bideta ez…—? Itzul daiteke horra? Egunkaria irakurtzera eta norberak ondorioak ateratzera, beheko komentarioetan nork zer jarri duen ikusteko aukerarik barik? Zoragarria litzateke. 2025. Itzulera. Hemen pelikula bat dago.

Inbidia diot zenbaiti, baina beldurra ere ematen didate, Matrix-en pilula gorria hartu izan balute bezala. Egiaren jabe dira, ikusi dute berez zeuk ere ikusi duzuna, sare sozialena neketsua, egozentrikoa, errepikakorra, gorrotagarria dela, eta beste ezeri ez dizkiozula hainbeste minutu eskaini. Eta beraiek alde egitea erabaki badute, zerbaitegatik izango da. Asko ikasi duzula iruditzen zaizu, baina, bai? Harreman berriak egin dituzula pentsatu nahi duzu, baina, bai? Informatuago zaudela uste duzu, baina, bai zera. Eta urteak daramatzazu, hala ere, mundu horrekiko konexioa galdu barik, badaezpada, ea justu gaur zerbait gertatu behar den eta zu ez zauden.

Askotan sentitzen duzu den-dena uzteko eta mezu diskretu batekin agurtzeko gogoa, baina horrelakoetan beste profil bat sortu ohi duzu beste aplikazioren batean, eta horrek entretenituta mantentzen zaitu beste urtebetez.

Inbidia diot zenbaiti, eta pisu handiagoa ematen diot probatu eta uztea erabaki duenaren berbari, inoiz probatu ez eta abstinentzia horretaz harro dagoenarenari baino. Badakit epidemia batek bezala harrapatuko nauela ihesaldi birtual honek neu ere, eta hasi beharko dudala agurreko mezua pentsatzen, norbere hilarrikoa nola. Edo hori, edo isil-isilik alde egin eta inoiz ez jakin noiz jabetu diren zure ausentziaz.

Eta bitartean zuek, dagoeneko sareak utzi dituzuenok, kalean topo egiten dugunean konta iezaguzue ea zerbait aldatzea lortu dugun kanpoko mundu horretan, edo lau katu baino ez garen geure buruak berresten eta besteenak zalantzan jartzen.