Istorio eta aldarrien mezulariak

Istorio eta aldarrien mezulariak

Natalia Salazar Orbe

Komunikatzeko eta arte adierazpena lantzeko beharraren antzera, irudimena askatzeko zein gizartearen behar eta injustiziak salatzeko objektuak bitarteko gisa erabili dituzte zibilizazio anitzek milaka urtetan zehar. Objektu horiei bizitza imajinarioa eman izan diete, horiekin antzeztu dute, mezuak zein arte adierazpenak zabaltzeko edo errituak irudikatzeko. Txotxongiloen aitzindari haiek asko garatu dira batean eta bestean. Bilakaera eta aberastasun horren erakusgarri bihurtuko da Bilbo, gaurtik abenduaren 2ra arte. Bilboko Nazioarteko 37. Txotxongilo jaialdia egingo dute.

Desberdina izan da txotxongiloen bilakaera eremu eta kultura batzuetan eta besteetan. Hala ekarri du gogora Josu Kamara jaialdiaren antolakuntza taldeko eta Kukubiltxo taldeko kideak. “Ekialdekoak ez dauka zerikusirik Europa aldean egin denarekin”. Txotxongilo klasikoari, alegia, eskuko panpina moduan erabiltzen denari buruzko pasadizo bitxia ekarri du gogora. Indar handia hartu omen zuen Europan emakumeek egindako greba handi baten ostean. “Sistema bitxi hori bururatu zitzaien: eskularrua jantzi, eta horrekin hasi ziren kontatzen ugazabek zer egiten zieten eta euren egoera zein zen. Hortik aurrera, txotxongiloek beste era bateko mezuak emateko modu berriak sortu ziren”.

Gaur egun, ez dago txotxongiloen ikuskizunak eremu jakin bakarrean kokatzerik. Unibertso geldiezin horren lekuko bihurtuko da jaialdia. “Sormen klasikoak zein magikoak egon daitezke. Ez dauka mugarik, sormen handiko esparrua da eta”.

Jaialdia antolatzeko lantaldea aldatu zuten duela bi urte. Juanjo Corrales jarri zen talde horren buru. Antolatzaile berriez gain, aldaketak sartu dira egiteko moduetan ere. “Aro berri batean sartu nahi dugu, eta pauso berriak eman, 1982an abiatu zuten jaialdiari ate eta leiho berriak zabaltzeko”.

Aldaketa horren adierazgarri, Bilboko hainbat eremutan izango da dozena bat ikuskizun baino gehiago ikusteko aukera. Helburuetako bat horixe baitu lantalde berriak: txotxongiloen jaialdia eta ikuskizunak Bilbo osora zabaltzea. Auzoetan dituzten “konplizeak” baliatu dituzte asmo hori gauzatzeko. “Otxarkoagan, Eskena produkzio eszenikoko enpresen elkarteak kudeatzen duen Harrobia espazioa dago. Beraiekin harremanetan egon gara, eta han ere programatuko eta egingo ditugu gauzak”. Hirian, antzerkiaren eremuan “beste agente garrantzitsu bat” da Pabiloi 6, eta espazio horrekin ere elkarlanean ari dira. Ikuskizunetako batzuk hara eramango dituzte.

Hala, nahiz eta jaialdia Campos Eliseos antzokiko Kupulan zentralizatu, ahalegina egin dute “auzoetara ere joateko, eta txotxongiloen mundua hiri osora zabaltzeko”. Harrobiaz eta Pabiloi 6 espazioaz gain, Errekaldeko gizarte etxean ere antolatuko dituzte emanaldiak. “Elkarlan horretan sakontzea da asmoa”. Esfortzu hori emaitza eta erantzun ona izaten ari dela sumatu dute.

Kolaborazioena da beste ardatzetako bat. “Corralesen lehen lana izan da Tolosan [Gipuzkoa] egiten duten jaialdiarekin harremanak egitea eta jaialdi biak elkarlanean egiten saiatzea. Ikuskizun batzuk batean eta bestean izango dira, baina, batez ere, helburuak eta gogoak dira partekatzen ditugunak”.

Aniztasuna

Jaialdiaren mamiari erreparatuta, “aniztasuna” nabarmendu du Kamarak. “Modu guztietako, teknika anitzetako eta jatorri desberdinetako ikuskizunak ditugu”. Euskal Herriko ordezkari bakarra dute: Anita Maravillas konpainia. Haren ondoan ariko dira Espainiako, Herrialde Katalanetako, Italiako, Australiako, Greziako, Israelgo, Argentinako eta Hungariako sortzaileak eta artistak. Mundu osoko tradizioaren erakusgarri izango dira sortzaile horiek guztiak.

Jatorri anitz eta egiteko modu desberdinak ekarriko dituzte artistok. Manipulazio erak ere denetarikoak izango dira: txotxongilo klasikoak, harizko txotxongiloak zein teknika berritzaileak lantzen dituzten konpainien topaleku izango da jaialdia. “Gero eta gehiago ikusten ari gara fusioa beste adierazpen artistikoekin zer nola lantzen den: musikarekin, zinemarekin edota arte plastikoekin, besteak beste”. Teknika horiek nahastu eta uztartzen dituzten ikuskizun ikusgarriak izango dira Bilbon.

Gertuko saioak izango dira. Formatu txiki edo ertaina izango dute. Ez dute ekarri formatu oso handirik. Baina ikuskizun bitxirik ez da faltako. Girovago eta Rondella familiak eta Dromosofistas konpainiak Arriaga ondoan jarriko dituzten kamioi eta autobusetan eskainiko dituzte ikuskizunak. “Antzoki gisa dituzte egokituak barrutik. 35 ikus-entzule sartzen dira bakoitzean. Antzerki mugikorrak dira. 3 urtetik gorakoentzako saioak emango dituzte batean; eta 7 urtetik gorakoentzakoak, bestean”.

Mintegiek eta ikastaroek borobilduko dute jaialdia. Orain arte, ikastaroak profesionalentzat izan dira. Aurten, zaleentzat ere izango dira. Objektuekin jolastera goaz izeneko ikastaro praktikoa emango dute Pabiloi 6 espazioan. Bestalde, txotxongiloen munduan murgilduta daudenentzako mintegia prestatu dute. Diziplinaren egoerari buruz eztabaidatuko dute. Argi dutena zera da: “Txotxongiloek urte osoan egon behar dute bizirik nazioarteko jaialdi batek zentzua izateko”.