Euskaraz arnasteko prest

Euskaraz arnasteko prest

Peru Azpillaga

Euskaraldia dinamikak erronka bota dio euskal gizarteari: 11 egunez bada ere, hizkuntza ohiturak aldatzea, eta euskarari bultzada ematea. Hori lortzeko, berdin du euskara ahoan bizirik izan edo euskara ulertzeko belarriak prest edukitzea; erdara hutsean egiten diren elkarrizketa eta harremanak gutxienez elebidun bihurtzea da helburua. Hala, gaur egun euskararen erabilerak duen egoerari buelta ematen saiatuko da Euskaraldia, ezagutza mailak erabileran ere isla izan dezan.

Bizkaian askotarikoa da oso euskararen ezagutza eta erabilera. Badira oso erdaldunak diren eskualdeak, bai eta euskararen arnasgune direnak ere. Hala ere, Eustaten azken datuen arabera, euskaldun direnen eta euskara ulertzen dutenen baturak erdaldun elebakarren kopurua gainditzen du: %56tik gora dira euskaldun edo ia euskaldunak. Zehazki, 2016an, Eustaten arabera, 407.859 euskaldun zeuden (%36,61), eta 219.598 pertsona ziren (%19,71) euskara ulertzeko gai. Hortaz, Euskaraldiaren bidez tokian toki eratu diren batzorde eta lantaldeek sustatu egingo dute pertsona horiek guztiak euskaraz mintza daitezen edota, gutxienez, elkarrizketa elebidunetan jardun daitezen.

Hori ahalbidetzeko, bi rol mota zehaztu dituzte hizkuntza ohituren ariketa gauzatzeko. Biak norberaren ezagutza mailaren eta euskaraz aritzeko konpromisoaren arabera: ahobizi eta belarriprest. Ahobiziak euskaraz egingo dio ulertzen duenari, horrek erdaraz erantzun arren. Eta ezezagunei ere, lehen berba gutxienez, euskaraz egingo die. Belarriprestak, berriz, prest egongo dira edozein pertsonak euskaraz egin diezaien, eta erdaraz edo euskaraz erantzuteko aukera izango dute. Biak ala biak, gaurtik hasita abenduaren 3ra arte, dagokien rola zehazten dien txapa eramango dute soinean, Euskaraldian parte hartzen duten gainerako pertsonek identifika ditzaten.

Euskara ohiturak baina, ez dira berdinak leku guztietan, eta beraz, Bizkaiko txoko bakoitzean berezko forma hartuko du Euskaraldia dinamikak. Zenbait herrietan, lantaldeak hilabeteak eman dituzte egitasmoa prestatzen, eta beste askotan, ordea, azken asteetan hasi dira txapak banatzearekin batera jendea izena ematera animatzen. Dena dela, helburu berberarekin arituko dira denak: hizkuntza ohiturak aldatu, eta euskarari, 11 egunez bada ere, sakon arnasteko aukera ematea. Peru Calabazak, esaterako, Uribe Kostako zenbait herriren koordinazio lanetan eman ditu azken hilabeteak: Gorliz, Plentzia, Sopela, Urduliz, Lemoiz eta Barrika. “Deigarriena izan da ikustea zein diferenteak diren herri eta talde bakoitzaren dinamikak eta ibilbideak”. Azaldu duenez, leku batzuetan talde eragile “oso potenteak” izan dira, baina, denborak aurrera egin ahala, nekatuz joan dira. Beste batzuetan, ordea, kontrakoa gertatu dela dio: “Hasieran, zaila izan zen, baina, Euskaraldiaren egunak hurbildu ahala, taldea sortu, eta jende piloa jarri da lanean gauzak egiteko gogoz”.

Antzeko egoera bizi izan du Roberto Blanco Enkarterrietako Euskaraldiko koordinatzaileak. Eskualdearen tamainak eta gaztelerak duen presentziak hainbat zailtasun ekarri dizkiela adierazi du, batik bat, dinamikaren nondik norakoak azaltzeko orduan. Aldiz, badaki zer indar duen Euskaraldia bezalako egitasmo batek, eta egindako lanarekin pozik azaldu da. “Honek gauza asko ekarriko dizkigu. Hemen, estadistiken arabera, euskaldun asko daude, biztanleen %50 euskaldun dira; baina gure artean ez dago kontakturik: edo ez dugu elkar ezagutzen, edo, ezagutzen badugu ere, gure eguneroko jarrera erderaz egitea da”, kexatu da. Horregatik, hizkuntza ohiturak itzularazteko ariketak “balio handia” izango duela deritzo. Batetik, euskaraz dakiten pertsonak edo ulertzeko gai direnak identifikatzeko eta harremanetan jartzeko, eta, bestetik, harreman hori euskaraz eraikitzeko; “oso onuragarria izango da”.

Antzeko ikuspuntua du Fernando Landaburu Portugaleteko Euskaraldiko arduradunak ere. “Zailtasun aldetik, argia da: lurraldez baino, populazioz gara asko, eta jende guztiarengana iristea konplikatua da”. Eustaten datuen arabera, zortzi mila euskaldun eta euskara ulertzen duten bederatzi mila pertsona inguru daude Portugaleten, baina, Landaburuk aipatu duenez, sakabanatuta daude. “Ez dugu elkar ezagutzen, bakoitzak bere ingurua du, eta ez dugu batak bestearen berririk”, erantsi du. Horregatik Euskaraldia elkar ezagutzeko aukera ona izan daitekeela deritzo: “Euskaldunon sarea gehiago zabaltzea lor dezakegu”. Alde horretatik, belarriprest-en figuraren garrantziaz mintzatu da: “Badago nukleo bat euskalduna dena, euskaltzalea, konbentzituta dagoena. Baina horrekin batera behar dugu nolabaiteko koltxoi sozial bat, ekosistema ireki bat, eta, horretarako, oso egokiak dira ikasleak eta gazteak”.

Lekeition, errealitatea bestelakoa da. Bizkaiko arnasguneetako bat da Lea-Artibaiko eskualdea. Hala ere, ohituren ariketak garrantzia duela azpimarratu du Janire Lauzirika Lekeitioko Euskaraldiko arduradunak, herri euskaldunetan ere badagoelako “asko” egiteko. “Euskarak presentzia handia du hemen, Bizkaiko beste herri askotan baino gehiago. Ezagutza eta erabilera handiagoak dira, eta, alde horretatik, jendea lasai sentitzen da”. Alta, horrek ere arazoak ekar ditzakela ohartarazi du Lauzirikak: “Jendea gehiegi erlaxatzea ekartzen du horrek; egunerokotasunean askotan pentsatzen dugu ederki egiten dugula euskaraz, hots, arazo gabe bizi garela euskaraz, eta oharkabean pasatzen zaizkigun egoerak gertatzen dira: bi hizkuntzak erabiltzea elkarrizketetan, euskaraz hastea baina erdarara pasatzea, eta halakoak. Beraz, badago erronka ere”, ondorioztatu du. Ekainean martxan jarri zirenean euskara batzordean, Lekeitio arnasgune izanda Euskaraldiak izan beharreko funtzioa zehazten saiatu ziren, eta, Lauzirikak nabarmendu duenez, herritarrak aktibatzea izan behar du helburu.

Zailtasunak zailtasun, bidea egitea lortu du egitasmoak, eta Bizkaiko herri gehienetako ateak jo ditu euskararen aldeko deiak. Gaur hasiko da 11 eguneko ariketa, eta izen emateak ugariak izan dira lurraldeko txoko askotan. Hori bai, oro har, ahobizi askoz gehiago izan dira belarriprest baino, eta, tokiko ezaugarriak desberdinak badira ere, badirudi joera bera izan dutela eskualde guztietan. Yazmina Beobide Areatzako Euskaraldiko arduraduna da, eta, bertan ere, ahobizien kopuruak alde nabaria ateratzen die belarriprestei. Azaldu duenez, formula moduko bat dago bakoitzeko zenbat txapa eskatu behar diren jakiteko, eta, horren arabera, Areatzan belarriprest gehiago egon beharko lirateke ahobizi baino. Beobideren ustez, arazoa ariketa esplikatzeko orduan izan dute: “Euskara bultzatzeko grina duenak ahobizi izan behar duela uste du. Belarriprestek agian ez dute grina hori erakusten, eta haiengana heltzea zailagoa da; beldurra kendu, eta jarrera guztiz aktiboa izan ez arren, ariketa ondo ateratzeko funtsezkoa da jarrera pasibo hori har dezaten”.

Berdin gertatzen da gainontzeko tokietan. Lekeition, adibidez, parte hartzea handia izan bada ere, oso belarriprest gutxi daude. “Aurreikusten zena baino handiagoa izan da parte hartzea. Nik uste belarriprest figura ez dagoela ondo barneratuta, jendeak lotzen du hori euskara txarto menperatzen duen norbaitekin, berari euskaraz egin, baina berak erderaz erantzun dezakeena”, ondorioztatu du Lauzirikak. Haren aburuz, euskaldun zahar bat zein euskaldun berri bat, biak izan daitezke belarriprest. “Biak dira garrantzitsuak, eta interpretazioaren arabera ere antzekoak”.

Portugaleten, euskarak askoz presentzia txikiagoa du Lekeition baino. Eta belarriprest gehiago egotea espero zuten, baina ez da hala izan. “Ez genuen espero. Inertzia soziala izan da, edo ez dugu beharbada ondo azaldu belarriprest rolak zer-nolako garrantzia duen”, adierazi du Landaburuk. Azken egunak balantza orekatzeko lanean eman dituzte eta, kostata bada ere, hurbiltzea lortu dute: 1.400 pertsonak eman dute izena; horietatik 800 ahobizi dira, eta 600, belarriprest.

Datuak gorabehera eta toki bakoitzeko ezaugarriak kontuan izanik, oro har, denek azpimarratu dute hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketak zer garrantzi izango duen euskararen erabilerari beste norabide bat emateko orduan. Landabururen esanetan, badu kutsu zabal eta transbertsala, eta elkarlanerako aukera paregabea eskaintzen du. “Zailtasunak zailtasun, nik uste dut egitasmo honetan beti aterako garela irabazle, beti lortuko dugu zerbait positiboa”, erantsi du. “Portugaleten behintzat, zenbait jendek lehendabiziko aldiz sentituko du norbait euskaraz zuzentzen zaiola”. Aurrera begira, dinamikak ondorio positiboak utz ditzakeela uste du, gainera, Landaburuk: “Abiapuntu garrantzitsua izango da, katarsi baten modukoa”.

Blancok, berriz, urduri dagoela aitortu du, eta tokian toki egongo diren desberdintasunak kenduta, zenbait herritan egindako lana du gogoan. Euskaraldiak, Enkarterrietan euskarak duen presentzia handitzeko balio dezakeela uste du, eta haien eskualdean ere euskararen ezagutza badela aldarrikatzeko. “Euskaldunak badaude; ariketaren bidez aditzera emango dugu hemen gaudela eta euskaraz aritzeko eskubide osoa dugula”. Areatzan, berriz, “freskotasuna” nabari du Beobidek: “Badirudi gogotsu dagoela jendea”. Oraindik balorazioak egiteko goiz dela azaldu du, eta, behin Euskaraldia igarota, jendea hartutako konpromisoan berrestea gustatuko litzaioke. “Jendeak hamabigarren egunetik aurrera bere konpromisoa ez galtzea litzateke helburua. Hau da, konpromisoa ohitura bihurtzea”. Argi du denek ez dutela pauso hori emango, baina, gutxienez, zati handi bat horretarako prest agertzea espero du Beobidek.