Goazen!

Igor Elordui Etxebarria

Ailegatu da hainbat ume eta gaztetxorentzat egun handia: gaur estreinatuko da Go!azen telesailaren denboraldi berria ETB1en (gauean, Gaur Egun gaueko albistegiaren ostean, ikusi gura baduzue). Seguruenik, 6 urtetik 12 urtera bitarteko seme-alabak, gutxi gorabehera, dituzuen guraso askok jakingo duzue zer den hori telesaiori. Ez dakizuenontzat hona hemen azalpen labur bat: Go!azen da Basakabi kristau-udalekuetan ingelesa ikasten ari diren gazte batzuen gorabeherak kontatzen dituen telebista-saio bat. Nerabeak dira, beraz, protagonista nagusiak, bakarrak ez diren arren (Ramon Agirre handia ere badago, adibidez, aktoreen artean, udalekuetako apaiz zuzendariarena egiten, hain zuzen ere).

Gezurrik ez diot zera diodanean: urtetik urtera hobetzen eta ikusleak bereganatzen joan da Go!azen. Eta datuak hor daude. Horrez gain, telesailaren haritik sortu zen antzerkiak ere arrakasta itzela izan du; ni neu naiz horren lekuko, udaberri eta uda partean pare bat saiotan egotea egokitu zitzaidan eta. Esaterako, ikuslez bete zen Abandoibarra ikuskizuna ikusteko Bilboko Aste Nagusian.

Hortaz, milaka haur eta gaztetxo euskarazko produktu batekin harrapatuta; musikala denez gero, euskal kantuen ezagutza zabaltzen; erakusten nerabeak euskaraz maitemintzen, desmaitemintzen, adarra jotzen, barre egiten… Euskararen erabilera sustatzen, azken finean. Baina eztabaidarik ere eragin zuen, nola ez —euskaldunok euskarazko produktuekiko dugun larreko zaintzak eraginda, akaso?—: muina kristau udaleku batzuetan gertatzen diren eta maitasun erromantikoan oinarrituta dauden harremanak dira, eta, erraz da igartzen, oso modu sinple eta artifizialean deskribatzen dira harremanak egiteko moduak; hots, klixez eta estereotipoz beterik. Hori kritikarik handiena. Eta arrazoizkoa, gainera. Halako ekoizpenak, horren arrakastatsuak direnean, batez ere, oso tresna garrantzitsuak dira gizarte inklusiboago baten alde egiteko; zer esanik ez telebista publikoaz ari bagara: estereotipoak gainditzeko, aniztasuna erakusteko, balioak transmititzeko… Eta hori guztia euskaraz!

Ikusiko dugu, bada, gaurtik aurrera, zer dakarkigun berri Go!azen-ek. Kariñoz baina behar eta merezi duen besteko arretaz eta zorroztasunez jarraituko diegu kapituluei, seme-alabekin batera gozatuko dugun euskal ekoizpena den heinean (nekez irudika dezaket, gaur egun, atsegin handiagoa ematen didan binomiorik).

Amaitzeko, hausnarketa bat, hondar lerrootan, Euskaraldia hasteko astebete eskas falta den honetan: hainbat dira ezagutzen ditudan guraso belarriprest-ak, normalean telebista euskaraz ikusi ez arren umeekin Go!azen ikusten dutenak. ETB1era, euskarara, alegia, nekez erakarriko ditugu horiek guztiak gaur egungo ereduak indarrean dirauen bitartean, baina bururatu al zaio inori, Euskaraldia aprobetxatuta, sikiera hamaika egunez euskara ETB2ra eramatea? Adibidez, Go!azen-ekin?