Burdina goritik titaniorako jauzia

Burdina goritik titaniorako jauzia

Natalia Salazar Orbe

Desindustrializazioak herri eta hiriak birpentsatzeko beharra sortu zuen, beste hainbat lekutan bezala, Bizkaian. Hiri ereduak aldatu egin dira, halabeharrez. Asko, erakusleihorik onenaren lehian murgildu dira. Bilbon aldaketa hori nabarmena da. Ekitaldi handiak dira horren erakusle argia. BBK Live, Europako errugbi finalak, MTV katearen sariak… hainbat izan dira azken hiletan hirira eraman dituzten ekitaldi handiak. Eredu aldaketa horrek badu eragina herri eta hirietan, kulturan, ekonomian, ingurugiroan zein herritarrengan eurengan ere. Baina zer nolakoa? Zenbatekoa? Asteazkenetik igandera bitartean saiatuko da galdera horiei eta beste batzuei erantzuna ematen Urbanbat, hirigintzaren eraldaketa prozesuetako ikerketa eta bitartekaritza lanak egiten dituen bulegoa.

Kultura, hirigintza eta gizarte berrikuntzari buruzko Istanteko Hiriak jaialdia antolatu du Urbanbatek, eta kultur ekitaldi handien eta hirien plangintzarako estrategien arteko harremana aztertuko dute. Baita estrategia horiek paisaian, ekonomian eta tokiko kulturan duten inpaktua ere. Horretarako, herritar guztiei zabaldutako laborategi gisa planteatu duten egitarau zabala antolatu dute. Hitzaldiak, lankidetza tailerrak, ibilbideak eta jarduera artistikoak egingo dituzte, besteak beste.

Gorka Rodriguez Olea Urbanbaten jaialdiko lan-taldeko kideak azaldu du hirien aldaketa hirien euren izaeraren parte dela. Industriaren gainbeheraren ostean, “berriz asmatzeko moduak bilatu dituzte hiriek, eta biziberritzeko proiektu izarrak erabiltzen dituzte, berritzeko eta teknologia hedatzeko duten ahalmenaren estandarte gisa”. Hala, beste hirien artean nabarmentzeko nahia eta beharra ekarri du gogora: “Lehiatu egiten dira beraien artean, inbertsioak erakartzeko eta nazioarteko ranking antzeko batean gora egiteko”.

Eredu horiek prezio bat dute, ordea. Eta ez da merkea. “Hirigune estrategikoak birgaitzeko programak erabiltzearen ondorioz, eremu hondatuetako edo gainbehera etorritako eremuetako herritarrak pixkanaka mugiarazi egiten dituzte”. Prozesu horiek era askotara gauza badaitezke ere, emaitza bera izaten da: “Errenta txikiak dituzten herritar apalek ezinbestean lekuz aldatu behar izaten dute eros ahalmen handiagoa eta kultura premia berriak dituzten beste hainbat herritarri lekua egiteko”. Zenbait hiritan prozesu hori erdi eta goi mailako klaseetara ere zabaltzen ari dela esan du Rodriguez Oleak. Arrazoia bera da: inguru horietan etxebizitzen prezioak eta alokairuak gora egin dutelako nabarmen eros ahalmen handiko inbertitzaileak iritsi direnean. Hala, luxuzko eremu bihurtu dituzte hiri horietako kale nagusiak.

Egoera berri horiek aldaketa asko eragiten dute. Baita ondorioak ere herritarrengan, gizartean, ekonomian, hirigintzan eta kulturan: “Etxebizitzei, bizitokirako erabileraren ordez, irabazi handiagoak ematen dituzten erabilerak ematen zaizkie, hala nola, turismoarena”. Ondorio gehiago ere aipatu ditu: “Espekulazioa, etxebizitza eskaintza berriaren elitizazioa, merkataritza espazio publikoaz jabetzea, frankiziek edo boutiquek ordezkatzea merkataritza tradizionala eta hurbileko merkataritza, gaueko aisiaren kontzentrazioa, kulturaren instrumentalizazioa aisiari eta kontsumoari lotutako sektore gisa, etabar”.

Hiri ereduaren aldaketa horren barruan, jaialdiak leku berezia eskainiko dio kultura ekitaldi handiek hirietan duten eraginari. Ekitaldi horien inguruan hainbat elementuk bat egiten dutela uste du Rodriguez Oleak: “Besteak beste, hiriaren marka jakin baten sorkuntza eta berau nazioartean ezagutarazteko nahia, hiri marketinga, espazio publikoaren erabilera komertziala eta kudeaketa, mugikortasuna, ekonomia, turismoa eta kultura eredua”.

Horrek guztiak eragin du “dena oso azkar mugitzea norabide berean”. Eta mugimendua norabide batean egiteak beste bide batzuk galtzea suposatzen du. “Baita bidean beste gauza asko uztea edo ahaztea ere”. Irabazi eta galera horiek neurtzeko adierazle ekonomikoez gain, bestelako elementuak ere kontuan hartu behar direla deritzo. “Besteak beste, ingurugiroari, gizarteari, kulturari, generoari edota gobernantzari dagozkion adierazleak erabili beharko genituzke inpaktuak eta ondorioak neurtzeko”.

Aldaketaren sorburua

Industria paisaia batetik zerbitzuetako hiri bat bihurtzerainoko aldaketaren abiapuntua irudikatu du Urbanbatek: Guggenheim museoa. “Paisaia aldaketaren ikono nagusia, Guggenheim museoa, jaialdi handi hauek erakartzeko traktorea izan da”. Eraikinak berak ondorio batzuk ekarri dizkio hiriari, Rodriguez Olearen esanetan: “Ekitaldi-eraikina da, eta inguruan, paisaian, ekonomian eta kulturan segidan proiektatu du aldaketaren irudia: kosmopolita, erakargarria, modernoa, liluragarria, sexya, distiratsua…”. Ordea, irudi hutsetik haragoko eragina izan duela deritzo berak: “Ekonomia eta kultura ekoizteko eta kontsumitzeko eredu berriak etorri dira: zerbitzuak, turismoari lotutako jarduerak, kongresu eta ekitaldien antolaketa… eta hauek guztiak garatzeko behar diren azpiegiturak”.

Egoera horrek hainbat galdera zabaltzen ditu: nolako eragina du eredu horrek auzoetako bizilagunengan? Nola sendotu edo ahuldu du bertoko kultura sortzaileen lana? Eta kulturarako irisgarritasuna? Zeintzuk ekonomia sektore erakarri ditu eta horiek zeintzuk lan baldintza sortzen dituzte?

Ekitaldiek hirian dituzten eraginei buruzko hausnarketarekin emango diote hasiera jaialdiari. Hiri eztabaida batean elkartuko dituzte hainbat lagun. Aurretik jada hainbat eragile eta adituren iritziak jaso dituzte. Mota horretako ekitaldien aldeko zein kontrako iritziak batu dituzte.

FERNANDO BAYON

Deustuko Unibertsitateko ikerlaria

“Espazio publikoa ikus- entzuleentzako espazioa dela sinetsi dugu”

Fernando Bayon Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko aisialdi ikerketetarako institutuko ikerlaria da. Bi oinarri ditu bere irakurketak. Batetik, ukatu egin du ekitaldiak beharrezkoak direnik hiriko espazio soziala espazio publiko bihurtzeko. Bestetik, gezurtatu egin du hiriko espazio publikoa bizitzeko modua herritar oro ikus-entzule bihurtzea denik. “Denok sinetsi dugu espazio publikoa ikus-entzuleentzako espazioa dela eta hala izan behar duela”.

Haren ustez, herritarrak ez dira bihurtu behar “aurretik euren bizkar digeritutako eta osatutako produktu baten azken kontsumitzaile. Horrek ondo eman dezake igandeko gehigarri baten azalean: ‘50.000 pertsona gerturatu dira Pedro Arruperen pasagunera kaltzontziloetan doazen gizon batzuk salto egiten ikustera’. Baina hiriaren edo herritarren logikatik begiratuta ez da batere egokia”.

Espazio publikoa eraldatzeko modurik onena zein den azaldu du: “Espazioa bizi egin behar da, okupatu, gauzak egin behar dira bertan, herritar ikus-entzulearen paradigma hautsi behar da, eta espazio publikoan gauzak egitera ausatzen dena bultzatu”.

NEREA DIAZ

Open espazioko kidea

“Hiria sortzen dute ekitaldi handiek, eta ekosistema emankorrak”

Aisialdiarekin eta kulturarekin lotutako ekitaldi handiek hirian eragin ona dutela uste du Open espazioko kide Nerea Diezek: “Hiria sortzen dute, ekosistema emankorrak sortzen dituzte, beti ere, agente handien eta txikien eta diziplinarteko jardueren artean elkarlana badago”. Noraeza saihestu behar dela uste du, ordea, “kaltegarria” izango litzatekeelako “hiriarentzat zein bertan modu jarraituan bizi garenontzat”. Hala, “ekitaldi handiek hirian duten inpaktua hobetzeko modu ona da hirian bizi diren herritarren ikuspegian pentsatuta egitea beti lan”.

ROSA ABAL

Karraskan elkarteko koordinatzailea

“Ez diote uzten garatzen hiriko ekosistema sortzaileari”

Ekitaldi handien eraginei buruzko iritzi kritikoa azaldu du Rosa Abal Karraskan elkarteko kideak: “Ondorioetako bat da ez diotela uzten garatzen hiriko ekosistema kultural eta sortzaileari. Eklipsatu egiten dituzte, ez diete ematen baliorik. Eta hain justu, kontrakoa gertatu beharko litzateke: txikia sustatu beharko litzateke, aniztasuna egotea ahalbidetzen duelako, arimarik ez duten ekitaldi handien aurrean mikro ekitaldi interesgarriagoak dakartzalako”.

ARANTZA KINTANA

Bilbao Bizkaia Architecture

“Ekitaldi handiek ondorio oso positiboak dituzte”

Arantza Kintana Bilbao Bizkaia Architectureko idazkari nagusiaren ustez, “ekitaldi handiek ondorio oso positiboak dituzte. Interes, kultura, pertsona eta komunikazio jarioak dira. Eta hori hiriarentzako mesedegarria izan daitekeen produkzio ekonomikoa da”. Ekitaldi handiak hobetze aldera, “ekitaldien arteko sinergiak sortzea” proposatu du. Eta herritarren iritzia kontuan hartzea.